2004ko martxoaren 11
Leherketak (07:37). Madrilgo Atochako geltokian sartzen ari zen tren batean izan zen lehen leherketa, eta segundo gutxian tren berean beste bi lehergailuk egin zuten eztanda. Hiru minuturen bueltan, Madrilgo trenbide sarean zebiltzan beste hiru trenetan ere eztandak izan ziren: Pozo del Tio Raimundo geltokian (bi leherketa), Vallecasko Santa Eugenia geltokian (leherketa bat) eta Atochako geltokitik 500 metrora, Tellez kalean (lau leherketa).
Eduardo Zaplana (09:30). Espainiako Gobernuko bozeramaile Eduardo Zaplanak adierazpenak egin zituen irratietan, "ETA talde kriminal eta hiltzaileari» egotziz «hilketa kolektibo hau".
Juan Jose Ibarretxe (09:30). EAEko lehendakariaren agerraldia. «ETA bere azken orrialdeak idazten ari da», zioen. "Ez dadila euskal terrorismoaz hitz egin berriro; terrorismoa ETAk egiten du; bihotz oneko euskaldunak ez luke sekula inoren kontra atentaturik egingo".
Arnaldo Otegi (09:30). Herri Irratian egindako elkarrizketan baztertu egin zuen ETA izan zitekeenik atentatuaren egilea. Atentatua iragartzen deirik ez zela jaso nabarmendu zuen, eta "jarduteko moduak, hildako kopuru altuak eta ekiteko moduak" zer pentsatua ematen ziola gaineratu. Bere hipotesia: "atentatua erresistentzia arabiarreko sektoreen operatibo bat" izan zitekeela.
Lehergailu gehiago (10:00). Artezilariek hiru leherketa kontrolatu egin zituzten, bi Atochan eta bestea El Pozo geltokian.
Abisurik ez (10:15). Leherketen aurretik abisurik ez zutela jaso jakinarazi zuen Renfek.
Kangooa (10:15). Espainiako Poliziak abisua jaso zuen: goizeko zazpiak inguruan, gizon talde bat, hainbat motxila gainean zituztela, Alcala de Henaresko geltokian sartu zela eta ataritik hurbil utzi zuela Renault Kangoo auto bat. Lehen inspekzioan ez zen leherkaririk topatu.
Manifestaziorako deia (10:15). Espainiako Gobernuak manifestaziorako deia egin zuen biharamun arratsalderako, Biktimen alde, Konstituzioaren alde, terrorismoa suntsitzearen alde leloarekin.
Rajoy hautagaiaren agerraldia (11:50). Espainiako presidentetzarako PPko hautagai Mariano Rajoyk atentatua gaitzetsi zuen, ETAri egotziz.
Otegi prentsaurrean (13:00). "Ezker abertzaleak ez du kontenplatzen, ezta hipotesi bezala ere, gaur gertatutakoaren atzean ETA erakunde armatua dagoenik".
Miguel Sanz (13:00). Nafarroako lehendakariak «astakeriatzat» jo zuen atentatua. "Ibarretxe Plana eta beste batzuk ETAren helburuekin bat datoz, eta desagertu egin behar dute", esan zuen. "Igandean demokratek bozkalekuetan garaituko dute ETA".
Aznarren deiak (13:05). Gobernuko bozeramaile Eduardo Zaplanak gerora aitortuko zuen bezala, Jose Maria Aznarrek hainbat hedabidetako zuzendariekin hitz egin zuen telefonoz 13:30era bitartean. "Ziurtasuna dugu ETA izan dela", esan omen zion Aznarrek El País -eko zuzendari Jesus Zeberiori: "Esan zidan beste terrorismo bati buruzko bertsioak atentzioa desbideratzeko zirela, ETAtik bertatik zetozela".
Egunkarien edizio bereziak. Madrilgo egunkari nagusiek edizio bereziak atera zituzten arratsaldean. Guztietan ETAri leporatzen zitzaion atentatua. El País: "ETAren sarraskia Madrilen"; El Mundo: "130 hildakotik gora, gure historiako sarraski terrorista handienean". La Razón: "Hiltzaileak"; Abc: "Sarraskia Madrilen".
Acebesen lehen agerraldia (13:30). Espainako Barne Ministroak Otegiren "jokabide miserablea" aipatu zuen, "inolako zalantzarik ez" zegoela atentatuaren egilea ETA izan zela. Leherkariez galdetuta, ez zuen argibiderik eman.
Zapatero hautagaiaren agerraldia (13:42). Presidentetzarako PSOEren hautagaiak, aurretik irratietan egindako adierazpenetan ez bezala, ez zuen inoren egiletzarik aipatu.
Aznarren adierazpen instituzionala (14:40). Espainiako presidentearen lehen agerraldi publikoa izan zen. Adierazpen luzean, berariaz ez zuen ETA behin ere aipatu, "banda terrorista" esan zuen behin.
Acebes, leherkariaz ( 14:45). Efe agentziaren teletipo batek Barne ministroaren hitzetan jarri zuen "ETAk erabili ohi zuen leherkaria" zela atentatuan erabilitakoa.
Kangooa (15:30). Alcala de Henaresko Renault Kangooa 15:30ean iritsi zen Canillasko polizia etxera. Zazpi detonagailu eta arabierazko audio zinta bat topatu zituzten barruan. Orquesta Mondragon taldearen zinta bat ere bazegoen, gerora zenbait hedabideri autoan MCCren txartel bat agertu zela esateko bide eman ziona.
Europol (15:40). Europoleko zuzendari Jurgen Storbeckek esan zuen ez zegoela argi zein zen atentatuen egilea, abisurik ez ematea ez zetorrela bat ETAren ohiko jokabidearekin.
Kangooa (17:00). Poliziako adituek ikusi zuten autoan topatutako detonagailuak ez zirela ETAk erabili ohi zituenak.
Espainiako enbaxadak (17:00). Ana Palacio Atzerri ministroaren oharra enbaxadoreei: "Berorrek aurkezten zaizkion aukera guztiak baliatu beharko lituzke ETAren egiletza berresteko, alde batzuek pitzarazi nahi dituzten zalantzak argitzen laguntzeko".
Miren Azkarate (18:00). ETB2n hitz egin zuen Jaurlaritzako bozeramaileak esanez ikerketa Espainiako Barne Ministerioaren esku zegoela eta handik esan zutenaz aparteko susmorik ez zegoela.
Kangooa (18:00). Autoan topatutako arabierazko zinta itzultzera bidali zuen Espainiako Poliziak; Koranaren txatalak zituela jakin zen ondoren.
NBE (18:40). Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak Espainiak eta Frantziak aurkeztutako 1530 ebazpena onartu zuen aho batez, "ETA talde terroristak egindako" atentatuak gaitzetsiz.
Batasuna (19:00). Ohar batean, "klase politiko guztiaren jokamoldea" salatu zuen Batasunak, "atentatuaren egiletzat ETA jotzeagatik, inolako frogarik erakutsi gabe".
Kontzentrazioak (20:00). Euskal Herrian eta Espainian hainbat hiritan elkarretaratzeak egin ziren atentatuak gaitzesteko. Gasteizen, zenbait lagunek Ibarretxeren eta EAJren aurkako oihuak bota zituzten. "Lehendakari hiltzailea, ETA eta EAJ gauza bera dira...".
Acebes (20:15). Barne ministroak Kangoo furgonetaren berri eman zuen. "Hipotesi guztiak zabalik" zeudela esan zuen, eta lehentasunezko ikerketa ildo nagusia ETArena zela berretsi zuen.
Juan Carlos Borboikoa (20:30). Espainiako erregeak atentatua gaitzetsi eta elkartasuna agertu zien biktimei; ez zuen atentatuen egiletzarik aipatu, bai Konstituzioa.
Al-Qaeda (21:15). Londresko Al Quds Al Arabi agerkariak AlQaedaren aldarrikapena jaso zuen.
Wall Street (22:00). Al-Qaedaren izenean egindako komunikatuaren berriak amildu egin zituen AEBetako burtsak.
SER irratia terrorista suizidei buruz (22:00). "Hiru iturri desberdin" aipatuz, trenetako batean "terrorista suizida bat" zihoala zabaldu zuen SER irratiak. Gerora gezurtatu egin zen datu hori.
2004ko martxoaren 12a
Motxila Vallecasen (02:40). Treneko bidaiariren batena zelakoan, beste hainbat gauzarekin nahasita zegoen motxila batean telefono bati kablez lotutako lehergailu bat topatu zuten Vallecasko polizia etxean. Leherkaria Goma 2 ECO zen, ez Titadyne .
Egunkarien azalak. Espainiako egunkarietan, ETArekin batera, Al-Qaeda aipatzen zen egile posibletzat; nazioarteko egunkarietan lerroburuetan, Al-Qaedaren ildoa nagusitu zen.
Ibarretxe, argipen eske (10:35). Bezperan egindako ETAren gaitzespena "fede onez" egindakoa zela esan zuen EAEko lehendakariak, Barne Ministerioak "zalantzarik gabe" ETA izan zela esan zuelako. Informazio "frogagarria" eskatu zuen, egilea bata zein bestea izan "balorazio politikoa ezberdina delako".
Aznar (11:20). Bere agerraldian, gobernuak "duen informazio guztiaren berri" eman zuela esan zuen. "Logikaz" hitz egin zuen ETAren egiletzan pentsatzeko, "herri honetan oso ongi ezagutzen ditugun terroristak" aipatuz. Haserre, uko egin zion bere nazioarteko politikei buruz erantzuteari.
Otegi prentsaurrean (goizean). Espainiako eta Euskal Herriko politikarien jarrera salatu zuen Arnaldo Otegik: "Putreak bezala aritu dira". Atentatuak arbuiatu zituen, eta ETAk zerikusirik ez zuela berretsi.
Elkarretaratzeak, sindikatuek deituta (12:00). Euskal sindikatuek deituta, ordu laurdenez elkarretaratzeak egin ziren euskal hiriburuetan. Madrilgo atentatuak arbuiatu eta PPko gobernuaren jarrera salatu zuen jendeak.
Acebes (18:14). Barne ministroak Goma 2 ECOaz eta Vallecasko motxilaz hitz egin zuen bere agerraldian: ETAk Goma 2 leherkaria iraganean erabili izan zuela azaldu zuen. Beste edozein norabide baztertu gabe, "ETA da segurtasun indarren ikerketa ildo nagusia".
ETAren deiak (18:30). EITBra eta Gara egunkarira egindako dei banatan erakundeak esan zuen ez zuela "ardurarik" Madrilgo atentatuetan.
Jendetza eta galderak manifestazioetan (19:00). Milioika pertsona atera ziren kalera. Madrilen, jendetzak "nor izan da?", galdetu zuen oihuka, manifestazioburua, Aznar barne, pasatzen zen tokietan. Bartzelonan, gerraren kontrako oihuak entzun ziren.
2004ko martxoaren 13a
Rajoy, 'El Mundo'-n. Mariano Rajoy hautagaiaren elkarrizketa plazaratu zuen El Mundo egunkariak. "ETA izan delako ziurtasun morala dut".
Hiletak. Egun osoan, Espainiako hamaika txokotan atentatuetan hildakoak agurtzeko hiletak izan ziren.
Zaplana (12:00). Espainiako Gobernuko bozeramailearen agerraldia. «Batzuek ETA baztertu nahi dute, guztiak erakusten duen arren talde hori dela atentatuen egilea».
Miren Azkarate (12:00). Jaurlaritzako bozeramailearen agerraldia: "Gizarte osoa konbentzituta dago ez zaiola egia osoa esaten ari, egia ezkutatu egiten zaigula, engainatzen ari zaizkigula". ETAren deiari "sinesgarritasun osoa" aitortu zion.
Atxiloketak datoz (13:00). Gerora jakingo zen bilera honen berri: Guardia Zibilaren informazio buru Jesus Garcia Varelak Acebesi jakinarazi zion "muturreko islamismoa" zutela ikergai eta zenbait atxiloketa egingo zituztela ordu gutxi barru.
Angel Berrueta (13:30). Iruñeko Donibane auzoko bere okindegian, Valeriano de la Peña poliziak eta haren semeak tiroz hil zuten Angel Berrueta.
Acebes (14:47). "ETA da lehentasuna ikerketan", esan zuen berriz ere. Beste ikerketa ildoa ere aipatu zuen: "Batean eta bestean aurreratzen ari gara. Aurreneko lehentasuna ETA izateak ez du esan nahi horrek mugatu egiten duenik beste ildoa. Lehentasuna, Espainian, beti da ETA erakunde terrorista".
Atxiloketak (15:30). Espainiako Poliziak hiru marokoar eta espainiar jatorriko bi indiar atxilotu zituen, Vallecasen lehertu gabeko motxilan agertutako telefonoko txartelaren zantzuei jarraituta.
Efe (17:05). "Zantzuek ETAra daramate, eta ez Al-Qaedara", zuen lerroburu Eferen teletipo batek.
PPko egoitzetan (18:00). Milaka herritar PPren egoitzen atarietan biltzen hasi ziren hainbat hiritan, "informazioaren manipulazioa" salatzen.
Istiluak Iruñean (19:30). Angel Berruetaren beilatokiaren atarian istiluak izan ziren; poliziak protestan ari zirenei oldartu zitzaizkien.
Deia Telemadriden (19:40). Telemadridetik Poliziara deitu zuten, dei anonimo bat jaso zutela esanez; haren arabera, atentatuak aldarrikatuz Madrilgo toki jakin batean bideo bat zegoen utzita.
Acebes (20:15). Barne ministroak Madrilen egindako atxiloketen berri eman zuen. "Ikerketaren abiapuntua da", esan zuen. Hori bai, beste ikerketa ildorik ez zela baztertzen gaineratu zuen, "ezta lotura edo kolaboraziorik ere".
ETAren agiria. Gara egunkarira agiria bidali zuen ETA erakundeak: Madrilgo atentatuen "ekintzaren moldea eta helburua ez dira inoiz ETArenak izango".
Rajoyren agerraldia (21:15). Espainiako presidentetzarako hautagaiak "hauteslegoarengan eragina izateko helburuarekin egindako manifestazio ilegalak" salatu zituen, "gertakizun antidemokratikotzat" joz.
Rubalcaba (21:30). PSOEren hauteskunde kanpainako buru Alfredo Perez Rubalcabak ukatu egin zuen PPren egoitzen aurreko manifestazioetan eraginik eduki izana. "Espainiako herritarrek gezurrik esango ez dien gobernu bat merezi dute".
Programazio aldaketa TVEn. Espainiako telebistak bere programazioa aldatu eta Fernando Buesaren hilketari buruzko Asesinato en Febrero dokumentala emititu zuen gau hartan.
Zaplana (22:30). Espainiako Gobernuko bozeramailearen agerraldia. "Agertu egin behar izan dut bozeramaile batek gobernuari leporatu diolako iritzi publikoari gezurretan ibiltzea", esan zuen. "Faltsua da hori, eta PSOEk badaki".
2004ko martxoaren 14a
Acebes (00:46). Barne ministroak Poliziak Telemadridetik jasotako deiaren eta ondoren Poliziak jasotako bideoaren berri eman zuen. Bideoan, arabiarrez, Al-Qaedak Europan duen eledun militar gisa aurkezten zuen bere burua Abu Dujan al-Afgani izeneko batek, eta bere gain hartu zuen atentatuen erantzukizuna. "Bushi eta haren aliatuei eman diezun babesari emaniko erantzuna dira", esan zuen gizon hark, "eta [eraso] gehiago egongo dira".
Kontxi Sanchiz (12:35). Angel Berruetaren hilketa salatzeko Hernanin egindako elkarretaratzearen une batean, Ertzaintza pilotak botatzen hasi zen, eta jende talde bat atari batean babestu zen, Kontxi Sanchiz tartean. Lurrera erori zen Sanchiz, konorte gabe. Ingurukoek laguntza eskatu zieten ertzainei. "Niri bost axola", esan zien batek. 14:00etan, ospitaleko medikuek Sanchizen heriotzaren berri eman zuten.
Berruetaren agurra (13:00). Angel Berrueta ehortzi zuten Iruñean. Ondoren egitekoa zen manifestazioa galarazi egin zuen Poliziak, eta istiluak izan ziren.
Acebes (14:30). Atxiloketei buruzko informazio gehiago eman zuen Acebesek. "Terrorismoa demokraziak dituen mehatxuen artean handiena da. Terrorismo guztiak berdinak dira", esan zuen.
Hauteskundeen emaitzak (20:00). PSOEk irabazi zituen hauteskunde orokorrak, gehiengo sinplez.
2004ko apirilaren 3a
Leganes (21:03). Madrilgo Leganes auzoko etxebizitza batean leherketa itzela izan zen. Telefono txartelen arrastoari jarraiki, gizon talde bat lokalizatu zuen Poliziak. Inguratuta zeuzkatela, etxeko zazpi lagunek beren buruaz beste egin zuten. Leherketan hil zen GEO bat ere.