Kutxa. Gipuzkoako aurrezki kutxaren logotipoa dotore ageri da Onkologikoaren atarian. Ez alferrik. Kutxaren gizarte arloko lanaren erakusgarririk nabarmenena izan da hamarkada askotan erietxea, minbiziaren tratamendu eta ikerketara zuzenduriko zentro monografiko oso esanguratsua. 2009tik Miramonen du egoitza, Donostiako Ospitale Gunearen ondoan; zentro berri-berri bat da, minbiziaren tratamendurako eta ikerketarako baliabidez betea. Haren geroari buruzko kezkak, ordea, ozendu egin dira azkenaldian. Defizit ekonomiko oso handiari aurre egin behar izan zion instalazio berrietan sartu eta ondorengo urteetan, eta azken asteotan larrimina eragin dute, batez ere, langileen izenean otsailaren 25ean bi medikuk —Jesus Alfaro eta Javier Imaña— Eusko Legebiltzarrean eginiko salaketek: erietxeko ate eta baliabideak onkologiarekin loturarik gabeko jarduerei ireki zaizkiela salatu zuten. Azaldu zuten Onkologikoan egiten ari direla, besteak beste, liposukzioak eta haginak erauzteko ebakuntzak. Erreminez hartu ditu zuzendaritzak —fundazio batek darama kudeaketa 2010etik— adierazpen horiek. Almudena Moreno (1969, Madril) da ordezkari nagusia 2012. urtetik: kexuak «demagogia hutsa» dira harentzat.
Langileek publiko egindako kexuaren inguruan—ernamuina 44 profesionalek izenpetutako agiri bat izan zen; ondoren gehiago batu dira—, mezu irmoa eman nahi du. «Zer gertatzen den Onkologikoan? Ez da deus apartekorik gertatu». Onkologiarekin zuzenean loturarik gabeko jarduerak lehendik ere zentroan egin izan direla azaldu du, eta ildo horrexetan segitu dutela lanean: zinetan emaitza onekin. «2012. urtean erietxe honek 5,5 milioi euro inguruko zorpetze iraunkorra zuen, eta, horrez gain, 3 milioi euroko ustiatze defizita; finantza egoera oso txarra zuen».
Egoitza berriaren inaugurazioarekin batera erietxeko kostuak asko ugaritu zirela nabarmendu du, eta «kudeaketa egokirik» egiten ez zela asmatu aitortu du. Garai horretan, gainera, Osakidetzatik—beti sare publikotik jaso ditu paziente gehien Onkologikoak— gaixo gutxiago heltzen hasi zirela oroitarazi du, onkologiaren arloko Donostia ospitaleko zerbitzuak hobekuntza handia izan baitzuen.«Horrek guztiak finantza egoera zaila ekarri zuen. Baina egun egoera hobea da; ustiatze defizita ia %90 hobetu dugu, eta zorpetzea %60 urritu da; egoera ekonomiko erosoagoan gaude». Horretarako kudeaketa ereduan moldaketak egin dituztela onartu du, baina ez diola horrek zerbitzuaren muina kalte egin: «Onkologikoa izena du honek: minbizia tratatzeko gaude hemen, eta ditugun espezialitate ez-onkologikoek beti izango dute erlazioren bat gure lanarekin».
Tinko eusten dio mezuari. «Onkologiarekin lotura zuzenik gabeko jarduerak beti egin dira Onkologikoan, eta egin beharrekoak dira, gainera». Erietxeko espezialitateek sendoak izan behar dutela azaldu du, eta, alde horretatik, zilegi eta egokia dela alor horretako sendagileek pazienteei bestelako zerbitzu eta artak ere eskaintzea. «Medikuei lana eman behar diezu», azaldu du. «Orain aldaketa zein den? Jarduera horiekin errentagarriagoak izaten saiatzen ari garela: eraginkorragoak». Onkologia bera sendotzeko ona dela dio: «Gero eta paziente gehiago ikusi, onkologiako eri gehiago ere izango ditugu».
Jose Antonio Alberro sendagilea— bularreko minbizian espezialista da, hogei urte pasatxo daramatza ospitalean— da egun zentroko zuzendari medikua. Bat dator: «Egia da: hemen, batez ere, minbizia tratatzen ohituta gaude. Baina bestelako patologia onberak ere usu tratatu ditugu. Eztabaida faltsu bat dago horren atzean». Erietxeari etekin osoa ateratzeko, gainera, jarduera gehiago behar dituztela onartu du. «Egun, jarduera onkologikoekin bakarrik, justu-justuan betetzen ditugu ebakuntza gelen erdiak».
Bestelako jarduerak sustatuta ere, erietxean inoiz ez dela profesional arrotzik sartzen dio Morenok. «Sendagile guztiak hemengo profesionalak dira: denak». Guzti-guztiak ez, ordea, lantalde iraunkorreko kideak. «Merkataritza erlazioa duguzenbait profesionalekin; jarduerako pagatzen diegu». Hor ere deus kritikagarririk ez du ikusten: «Hori ohiko jokabidea da erietxe guztietan».
Jaurlaritzarekin ituna
2013ko abenduan —beste hainbatetan eginikoa berrituz— itun bat izenpetu zuten Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta iaz, esaterako, 23,1 milioi euro jaso zituzten hitzarmen horri lotuta. Ez du kexarik Morenok: «Epe luzerako egonkortasuna ematen digu itun horrek». Horrez gain, Onkologikoaren jarduera funtzionala Osakidetzarenarekin txertatzeko prozesua abian dela dio, eta lau urteren bueltan burutzea espero dutela. Kritika egiteko batu diren langileek prozesu hori moteldu egin dela salatu dute, baina ez die arrazoirik ematen Morenok. Langile horiek, funtzionalki ez ezik, «organikoki» ere Onkologikoa osasun sare publikoan txertatzea nahi dutela esan du, baina horrelako asmorik ez duela, inondik inora ere, zentroaren zuzendaritzak. Eskariak badira —besteak beste, EH Bilduk eta PSE-EEk eskatu izan dute Osakidetzak hartzeko, «pribatizazioa» saiheste aldera— , baina Osasun Sailari ezin diotela deus ere gehiago eskatu pentsatzen du Morenok. «Erietxe honek duen defizita ez du Osakidetzak pagatu behar; ospitale honen arazoak,ospitale honenak dira». Horregatik, ahal den neurrian, jarduera berriekin segituko dute: «Erietxe honen erantzukizuna da hori egitea».
Kudeaketa ereduari lotutako deman
Onkologikoaren geroari buruzko kezkak ozendu egin dira, berriki, erietxeko langileen ahotan. Salatu dute etekin osoa onkologian atera ordez jo dela beste xede batzuekin erabiltzera: «Pribatizatuz». Zuzendaritzak esan du beti egin direla horrelakoak: «demagogia» egotzi die kritikoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu