Akusatuak ez zirela Karrantzako Minda enpresaren porrotaren erantzule ebatzi zuen iaz Merkataritza Arloko Bilboko 2. Auziegiak. Espainiako Estatuaren abokatuak eta konkurtsoaren arduradunak helegitea ipini zuten. Orain, Bizkaiko Auzitegi Probintzialak bertan behera utzi du Merkaritza Arloko Auzitegiak iaz emandako epaia, eta porrotaren erantzule egin ditu. Enpresaren kudeaketaz arduratzen ziren sei lagun dira akusatuak; politikariak, abeltzainak eta planta eraiki behar zuen enpresako arduradunak. Juan Jose Ibarretxe lehendakari zen garaiko Nekazaritza Saileko Berritasun zuzendari Martin Askazibar eta Karrantzako orduko alkate Jose Luis Portillo dira zigortuetako batzuk. Bi urteko inhabilitazioa izango dute, eta 485.700 eta 1.772.000 euro arteko kaltea ordaindu beharko dute. Hogei eguneko epea dute Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko.
Karrantzako (Bizkaia) abeltegietatik ateratzen den gehiegizko mindari irtenbide bat emateko proposatu zuten abeltzainek planta egitea, 2000. urtean. Horretarako, Karrantzako Minda izeneko enpresa sortu zen, eta horrek Ade Biotec SM enpresa kontratatu zuen obrak egiteko eta, gerora, planta kudeatzeko. Kostata, 2009an hasi ziren eraikitzen. Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 13,5 milioi euroren diru laguntzak eman zizkioten proiektuari; horietatik hamar pasatxo, obrak hasi aurretik. Diru hori guztia inbertitu ostean, baina, lau horma baino ez ziren eraiki. Eta egin gabeko lanen fakturak ere pasatu zituen enpresak. Hala, erakunde publikoek diru laguntzak emateari utzi zioten. 2010ean, bertan behera geratu ziren lanak, ez zutelako aurrera jarraitzeko dirurik. 2011n, hartzekodunen konkurtsora deitu zuen Karrantzako Mindak.