Habitat bankuak

Kukua habian?

Espainiako legean agertu dira kontserbazio bankuak, eta, hala, bidea ireki diote ingurumenean egindako eragin negatiboak konpentsatzeko merkatuak erabiltzeari. Bai teorian bai praktikan tresnok hutsune eta arrisku handiak dituzte, ordea.

Kuku arrautza bat zingira-lezkari baten habian.
Irune Lasa.
2013ko abenduaren 22a
13:30
Entzun

Kukua beste hegazti migratzaileak baino askoz lehenago abiatzen da Euskal Herritik Afrikarantz, ekainaren erdi aldean, beste txori guztiak haien kumeak kumatzen ari diren bitartean. Eta nola lortzen du hori kukuak? Beste txoriren baten deskuidua baliatu, eta haren habian arrautza bat errungo du, eta iruzurra ezkutatzeko beste arrautza bat eraman. Eta, horrela, kukua Afrikara bidean dela, kuku kumeak arrautzatik irten, beste arrautza guztiak suntsitu eta gehienetan bera baino askoz txikiagoak diren engainatutako gurasordeak akituko ditu janari eske, habia bera ere txiki geratzen zaion arte.

Kukua habian sartzea bezalakoa izango al da Euskal Herrian kontserbazio bankuen sorrera? Hala uste dute batzuek; adibidez, Erresuma Batuan halako bankuekin egiten diren proba esperientzien eta aurreikusten den merkatuen sarreraren harira. Edonola ere, kontserbazio edo habitat bankuak kaltegarriak izango direnentz oraindik ikusteko dagoela, gauza bat dago argi: banku horiek legedian ia oharkabean sartu dira herritar arruntarentzat, bai Frantziako bai Espainiako legeen bitartez.

Azaroaren 28an onartu zen Espainiako Kongresuan Ingurumen Ebaluazioaren Legea, eta BOEn abenduaren 11n argitaratu. Eta hor barnean abiatzen dira kontserbazio bankuak. Legearen arabera, "borondatezko mekanismoak" dira, "natur balioen galera garbiak konpentsatu, konpondu eta lehengoratzeko bidea ematen dutenak".

Kontserbazio bankuen eskeman sortzen diren kredituak erregistro batean sartuko dira, "eta merkatu askeko baldintzetan komertzializatu ahalko dira", bai irabazi asmorik gabeko erakundeentzat, bai administrazio publikoentzat, baita "natur balioen galera garbi saihetsezin eta konponezina sortzen duen jarduera baten arloan haiek [kredituak] behar dituzten entitateentzat" ere.

Habitat bankuak

Baina zer dira kontserbazio bankuak? Zenbait herrialdetan jada martxan dauden mekanismoak dira, eta tokian-tokian izen desberdinak hartzen badituzte ere, oro har, habitat banku izenez ezagutzen dira. Nola funtzionatzen dute? Ohiko eskema hau da: lurjabe batek banku baten sorrera eska dezake, edo parte hartzea jada sortutako batean. Horretarako, bere jabetzako lurretan natur balioak zaindu, mantendu edo hobetuko dituela frogatu beharko du, eta orduan erakunde publikoek [erkidegoek Hego Euskal Herrian] kredituak emango dizkiote.

Eta kreditu horiek zertarako dira? Lurjabeak kreditu hori saltzetik aterako duen dirua erabiliko du bere lurretan lehen aipatutako natur balioak mantendu edo hobetzeko. Eta nork erosiko ditu? Izan daiteke ingurumen garapenean aritzen den gobernuz kanpoko erakunde bat. Edo izan daiteke eraikuntza enpresa bat, bere jarduerarekin ingurumenean eragin negatibo bat egin eta hura konpentsatu edo osatu beharrean dagoelako.

Eta zertarako hori guztia? Habitat bankuen eta merkatuen parte hartzearen defendatzaileek diote toki haietako habitat edo bioaniztasuna mantentzeaz gain kredituek balioa erantsiko dietela etxegintzarako edo beste erabilera batzuetarako erabilera baimenik ez duten lurrei, eta, horren ondorioz, adibidez, biztanleria galtzen ari diren mendi eta nekazaritza lurretan gelditzeko pizgarri gehiago izango dituztela lurjabeek.

'No net loss'

Aldi berean, euren garapen jardueran ingurumenean kalteak eragin ditzaketenen ardura edo erantzukizunak behar bezala bideratuko lirateke, ingurumenaren babesean eta, zehatzago, habitaten eta bioaniztasunaren mesedetan.

Izan ere, No net loss (galera garbirik ez) kontzeptuan oinarritzen da habitat bankuen eta merkatuen parte hartzearen ideia. Proiektu batek bioaniztasunean egiten dituen eragin negatiboak orekatu edo konpentsatzea da xedea, azken emaitzan bioaniztasunean ez dadin galera garbirik izan —edo irabazi garbia izan dadin—, eta horrela, nolabait, garapena eta ingurumena modu orekatuan uztartu.

Hori bai, galera garbirik ez izatearen kontzeptu politiko horrek ezinbestezko baldintza bat eskatzen du: mitigazio hierarkia zorrotz betetzea. Lehendabizi, ingurumenean edo bioaniztasunean eragin negatiboa egin nahi edo behar duenak saiatu egin behar du kalte hori ez egiten. Bigarren pausoan, "saihetsezinak diren eraginak" ahalik eta gehien gutxitzen eta konpontzen saiatu behar du. Eta, hierarkia horretan, hirugarren pausoa konpentsazioena da. Aurreko pausoak beteta ere eragin negatiboa saihetsezina denean, kalteak konpentsatzeko neurriak hartu behar dira, kaltetutakoa ordeztuz edo berrezarriz. Eta hor, azken aukera horretan sartuko lirateke habitat bankuak eta horietarako kredituak. Hori bai, konpentsazio neurriek azken aukera izan behar dutela azpimarratzen dute galera garbirik ez kontzeptuaren bultzatzaileek. Eta, inondik ere, azken aukera horrek ez duela biderik zabaltzen kalte "onartezinentzat".

Oinarri horrekin, kalteak berdindu edo ordezteko ideiaz harago, herrialde anglosaxoietan konpentsazioari beste ideia bat ere gehitu diote: offset . Hala, ideia horren arabera, kontua ez litzateke soilik kalteak konpentsatzea, baizik eta habitaten edo bioaniztasunaren hobekuntza bat lortzea ere bai. Beste moduren batean hobetuko edo jatorrizko izaerara itzuliko ez liratekeen eremu edota espezieen egoera hobetzen saiatzea litzateke asmoa. Hots, eragin negatiboa orekatzeaz gain, eragin positiboa lortzea azken emaitzan.

Lanpostuak sortzea, jarduera ekonomikoa bultzatzea, hainbat nekazaritza eremutan biztanleriari eustea eta, gainera, ingurumena hobetzea. Eta hori guztia ekimen pribatuari eta merkatuari esker.

Abantailak guztiak. Hori ematen du behintzat. "Jakina, hori teoriak dio, eta teorian paperak dena jasaten du. Eta habitat bankuen ideia saltzeko modu bikaina da horiek esatea", dio Unai Pascualek, BC3 Basque Centre for Climate Change Klima aldaketa Ikergai zentroan diharduen Ikerbasque Research Proffesor edo ikerlariak. Ez du kritikatzen kritikatzeagatik. Haren ustez ere, "habitat bankuen eta offset -en ideia, teorian, ez da txarra, abstraktuan hartuta. Hor aukera berriak egon daitezke, diru iturri berriak, eta oso ondo kudeatzen bada, zientifikoki egin eta zorrotz zaindu, emaitzak positiboak izan daitezke". Baina teoriatik praktikarako jauzian onura horiek non geldituko diren ez du inondik ere argi Pascualek.

Funtsean, dirua dago ideia horien guztien jatorrian, edo, hobe esanda, diru falta. "Natura babesteko finantza tresna berriak dira habitat bankuak", azaldu du Pascualek. "Lehen, hainbat administraziotako ingurumen sailek baliabide gutxi zituzten euren lanerako, eta orain, krisi ekonomikoarekin, kontu horietarako diru publikoa praktikoki agortuta dago". Ondorioz, ekimen pribatuan jarri dira begiak diru bila, eta habitat bankuek hori ekarriko lukete.

AEBetako eta Australiako esperientziak dira eredu Europako herrialdeetan agertzen ari diren asmoentzat. Habitat bankuak abian jarri nahi dituzten Europako Batasuneko beste herrialdeetan ez bezala, bi eredu horiek asko azpimarratzen ari dira Espainiako agintarien aldetik. Hori egin dute gobernuen agentziek, baita balizko merkatu horretan paper indartsua izango luketen ekonomia berdearen inguruko aholkularitza agentzia pribatuek ere.

Hala ere, Pascualek adierazten duen moduan, ez da ahaztu behar normalean, habitat bankuen inguruko esperientzietan, arrakasta lortu dutenak izaten direla aipatzen diren gehienak, guztiak ez badira. "Horren arrakastatsuak izan ez direnak zuzenean ez dira publikatzen". Edonola ere, gauza bat da AEBetako eta Australiako esperientziak eredu gisa erabiltzea eta bestea hango mekanismoen transposizio hutsa egitea, han funtzionatzen du premisa oinarri hartuta. Ahantzi gabe, gainera, AEBetan sistema hauek izan dituzten kritikak.

Azkenean, "tresnak ezin daitezke horrela inportatu. Lan asko egin behar da, urte askotan, esperimentatu egin behar da, herrialde bakoitzaren ezaugarrietara egokitu... Eta tokiko gizarteak ere izango du zeresanik erabakia hartzerakoan, ea ikusten dien abantailarik halako tresnei".

Bestela ere, transposizio hori egitea ez litzateke zilegi soilik ikusita zenbateraino diren desberdinak AEBetako edota Australiako populazio dentsitateak. Eta horrek badauka garrantzia; adibidez, konpentsaziorako baliagarri izan daitezkeen eremuak —eskaintza, alegia— zenbat izan daitezkeen neurtzerakoan.

Eskaria

Ildo horretan, eskariaren eta eskaintzaren arteko lotura egokia da merkatu orekatu bat izateko baldintza. Izango litzateke Euskal Herrian lur-kreditu eskaintza nahikorik kreditu horiek izugarri garestiak ez izateko? Lur eremu handiak dituzten udalerri txikientzat, adibidez, tresna egokia lirateke ingurumen ekinbideetarako finantzaketa lortzeko.

Hori bai, neurtzeko dago eskaintza hori ingurumenean egiten den eragin saihetsezin horren eremu berean egon daitekeen, hori bilatu beharko litzateke-eta konpentsazio eskema ideal batean. Kaltearen adinakoa edo handiagoa izatea konpentsazioa eta ahal bada, kalte horren inguru berean edo ahalik eta gertuen gauzatzea. Baina, oraingoz, Espainiako azken legeak ez du halakorik aipatzen: "Eragin negatiboak natur balio bereko edo kideko eragin positiboekin orekatzea» aurreikusten du «toki berean edo toki ezberdin batean".

Gerta daiteke, adibidez, zementuz jositako Gipuzkoan ez egotea kalte jakinen bat konpentsatzeko toki kreditu egokirik, edo egon badaudenak beste toki batekoak baino garestiagoak izatea eta enpresak konpentsazioa, demagun, Extremaduran egitea, hemen Gipuzkoan errepide bat edo merkataritza gune bat eraikitzen duenean. Ikusteko dago legearen arauketa horretaz zer jasoko duen. Konpentsazioak eraginaren tokitik urrun egin ahal izatea "izugarrizko akatsa litzateke", dio Pascualek, eta azpimarratu du Europako Batasuneko joerak horren kontrakoak direla.

Eskaintza

Baina jarrai dezagun merkatuaren eragileekin, merkatu batek ondo funtzionatuko badu eskaintzaz gain eskaria ere behar baitu. "Eta, herri honetan, halako eskema batean sartzera behartuta senti daitezkeen azpiegitura handien lanak nabarmen eskastu dira", dio Pascualek. "Ziurrenez, abiadura handiko trena izango da gutxi horietako bat".

Espainiako legediak, gainera, parte hartzea borondatezkoa izatea aurreikusten du; hots, konpentsazioa egin beharra dutenak ez daude derrigortuak kredituak erostera. Aldiz, AEBetan, Australian eta Brasilen sistema derrigorrezkoa da. Eta, alde horretatik, Europako Batzordeak berak aitortzen du derrigorrezko betearazpenekin lortzen dela nahikoa hondarreko (azken aukerako) eragin biltzea, galera garbirik ez helbururako.

Beste finantza bideen bila habitat bankuak proposatzen direnean, dena den, bada oso kontuan hartzeko beste auzi bat. Diru asko behar dela halako sistema bat behar bezala eratzeko, eta administrazio indartsu bat ere bai. Izan ere, ezer abian jarri aurretik, hainbat gauzak jada zehatz ezarrita egon beharko lukete. Adibidez, egitura eraginkorrak beharko lirateke kontrolatzeko ingurumenean eragina egin behar duen enpresak mitigazio hierarkia zorrotz bete duen.

Gero, demagun hori guztia zorrotz bete duela kaltea edo eragina egin duen enpresak, eta saihetsezina den eragin hori konpentsatu behar duela. Zein dira konpentsazio hori egiteko ezarritako guneak? Nork ezarriko ditu? Zein irizpideren arabera? Horrek ere aurretiazko lan eta baliabide handiak eskatu behar lituzke, gauzak zuzen egin nahi badira.

Hori bakarrik ez. Zein izango da konpentsaziorako metrika? Hainbat hektarea deuseztatzeagatik beste hainbat hektarea berreskuratu, zaindu edo lehengoratzea? Behar bezalako konpentsazio ratioak, metrikak ezarri beharko lirateke, tokian tokiko ingurumen ezaugarriak aintzat hartuz eta, agian, azalera soilik ez, beste neurgailu batzuk ere erabilita, hala nola balio ekologikoa eta bioaniztasuna. Eta horrek ere sekulako lana eskatzen du, oso konplexua delako ikuspegi zientifikotik. "Are gehiago galera garbirik ez kontzeptuan jasotzen den helburua bete nahi bada", gaineratu du Pascualek.

Eta administrazio sendo bat beharko da kalteen konpentsazioa betetzen den ziurtatzeko. Gerta litekeelako kreditu erosleak bere konpromisoak ez betetzea, adibidez, finantza krisi bat sortzen delako. Eta gerta liteke kreditua saldu eta bere lurretan zaintza edo berreskuratze lan bat egiteko konpromisoa hartu duen lurjabeak hitzemandakoa ez betetzea ere. Pascualen ustez, "jarrera oportunistak sor daitezke, halako tresna bat, esperimentazio gutxirekin eta administrazio ahul batekin sortzen bada. Lur jabea denbora luzean kontrolatzeak sekulako lana eta kostua dakarkie agintariei, gauzak ondo egingo badira".

"Kutsatzeko buldak bihurtuko al dira kredituak? Lurjabe handien mesederako soilik izango ote dira habitat bankuak? Espekulaziorako tresna bihur al daitezke? Parte hartzen duten eragileek prozesu guztia behar bezala betetzen ez badute, izango al da haiek zigortuko dituen erakunderik eta zigor edo isun eraginkorrik? Zenbateraino utzi behar zaio sistema neoliberalari ingurumenaren babesa nola eraiki erabakitzen?", galdetu du BC3ko ikerlariak. Hainbeste dira galderak, hainbeste arriskuak eta horren gutxi erantzunak...

Aurretiaz egin beharreko lanak aipatzean, ez litzateke beste bat ere ahaztu behar, habitat bankuen eredua egiaz onurazkoa izango bada. Eskaintza, zaindu edo berreskuratuko diren lurren planifikazioa egitearen beharra aipatu du Pascualek: "Normalean, bioaniztasuna ez da horren bideragarria irla moduan sakabanatutako gune txikietan. Zer babestu planifikatzen baduzu, ekinbide lokalen maila gainditu eta elkarrekin dauden hektarea mordoa pilatu ditzakezu, baita lehen bioaniztasun irlak zirenak elkarrekin lotu ere, korridore bidez. Era horretara, bioaniztasun handiagoa lortuko litzateke". Eta berriz kontu berera. Aurretiazko lana eta administrazio indartsu eta eraginkorra eskatzen du horrek. "Jakina, lardaskeria bat egin nahi baduzu ez, orduan merkea da".

Eredu neoliberala

Galdera argia da orduan: zertarako habitat bankuak finantzabide moduan aurkeztu, haiek behar bezala abian jartzeko sekulako dirutza behar bada? "Horrelako finantzaketa ereduak ezarri nahi dituztenentzako momentu perfektua da hau, krisi ekonomikoarekin ingurumen sailak dirurik gabe baitaude", uste du Pascualek. "Azkenean, eredu neoliberala, ekimen pribatuaren aldekoa nagusi da Espainian eta OCDEko herrialdeetan, baina baita garapen bidean dauden beste zenbait herritan ere. Badirudi elkarlan publiko-pribatua dogma bihurtzen ari dela azkenaldian; ideia berez gauza ona balitz bezala saltzen da. Baina horrek guztiak gutxienez eztabaida bat izan behar luke, gauzak aztertu eta eztabaidatzea, beste aukera batzuk egon badaude eta".

Ikusteko dago Madrilen kontserbazio bankuen sistemak zein araudi izango duen. Zenbateraino onartu berri den legea esan asko eta egin gutxi egiten duen gobernu baten erretorika ariketa den edo deskuiduan ingurumen politiken habian esku pribatuen arrautzak sartu diren oharkabean. Baina, badaezpada ere, Europan zehar jada esperimentatzen ari diren ereduei buruzko informazio gehiago eta eztabaida gehiago ez litzateke soberan izango.

Izan ere, ez da ahaztu behar apirilean entzuten den kukuaren kantuak sakelean dirua daukanari soilik ekartzen omen diola diru gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.