Bilboko Kukutza gaztetxea botatzeko baimena «legez kanpo» ematea leporatuta, Errekalde auzoko Errekaldeberriz auzo elkarteak salaketa jarri du Bilboko Udalaren aurka. Auzo elkartearen ustez, udalak «modu irregularrean» eman zuen gaztetxea eraisteko baimena irailean. «Herriaren hitzari» kasurik ez egiteaz gain, legediarijaramonik ez egitea leporatu zioten atzo Errekalde auzoan egin zuten prentsaurrekoan. Hori dela eta, salaketa jartzea erabaki du auzo elkarteak: «Udalak bere legedia hautsi du. Eraikina, exekuzio unitate batean zegoen, eta, hala ere, lurren jabeari Kukutza botatzeko lizentzia eman zion».
Exekuzio unitatean dagoen eraikin baten lurjabeek, herritarrekiko betebehar batzuk dituzte, lur sail horretan edozein aldaketa egin aurretik:aisialdirako inguruak eta beste zerbitzu batzuetarako lurrak eman behar dituzte, urbanizatzeko dagoena ordaindu behar dute, eta eskumen pribatuaren zati bat udalari eman. Jabeak eginkizun horiek bete gabe, udalak Kukutza botatzea baimendu izana kritikatu du Errekaldeberriz auzo elkarteak. «Udalak hartu zuen erabakiarengatik, Kukutza gabe gelditu gara. Auzoaren lurrak galdu ditzakegu, gainera». Enpresak auzoari dagozkion lurrak itzultzeko prozesua arautzea nahi du auzo elkarteak, eta enpresa horretara «behartzeko» jarri dio salaketa udalari.
Udalak eraikina botatzeko «arrazoi politikoak» zituela salatu dute, eta bere helburua ez zela hirigintza proiektu bat aurrera eramatea. Lur sailen banaketa, berez, prozesu «luzea» dela gogorarazi du auzo elkarteak, baina udalak sahiestu egin zuela prozesua. «Legedia bete bazuen, denbora gehiago izango genuen, eta akordio batera iritsi ahal izango ginen. Baina ez zuen nahi izan». Gainera, Belategi inguruko etxebizitzetan pitzadurak ireki direla jakinarazi dute; lanak «presaz» egitearen emaitza dela uste dute.
Elkartearen iritziz, Kukutza bota zutenetik auzoak ez du aurrera egin; are gehiago, auzokoen «bizitza kalitatea txartu da». Gaztetxea eraitsita, auzoak «beharrezkoa» zuen kultura gunea galdu du: «Bizitasuna galdu du, jarduerak gutxitu dira». Auzoko mugimendua gelditzeak dendei eta tabernei kalte handia eragin dizkiela salatu du auzo elkarteak. «Errekaldeko dendariei eta tabernariei ezin zaie laguntzarik eman. Baina, bitartean, udaltzainak daude Cavisa enpresaren lur eremua zaintzen».
Errekaldeko Kukutza gaztetxeairailaren 21ean hustu zuen Ertzaintzak. Eta 30 lagunetik gora atxilotu zituen. Tanke batez alboko atea txikituta sartu ziren gaztetxera. Aurretik, bertan behera gelditu zen garabi bat erabilita teilatutik sartzeko ahalegina. Eraikina husten zuten bitartean, kanpoaldean istiluak sortu ziren, Ertzaintza gaztetxearen alde oihuka ari ziren 200 bat laguni oldartu zitzaien. Behin bainogehiagotan kargatu zuten auzoan, manifestarien aurka, eta azkenean jendeak auzoko kaleetan sakabanatu behar izan zuen. Tentsio handia izan zen goiz guztian zehar Errekalde auzoan. Ertzaintzak hesi hormez itxi zuen gaztetxea, gazteak berriro Kukutzara ez sartzeko.
Arratsaldean berri onak heldu ziren Bilboko auzora. Auzo elkarteak eraikina botatzeko agindua bertan behera uzteko eskatu zion Bilboko administrazioarekiko auzien epaitegiari; eta epaileak onartu egin zuen eskaera. Atzera kontuak gutxi iraun zuen, ordea; irailaren 23 eguerdian, epaitegiak bertan behera utzi zuen Kukutza eraisteko baimena geldiarazten zuen agindua. Langileak, arratsaldean hasi ziren lanean, eta hurrengo egunerako eraikina botea zuten. Arratsalde hartan ere istiluak sortu ziren Errekalden; 20 lagun inguru atxilotu zituzten, eta dozenaka lagun zauritu. Herritarrei kaleetan mugitzea eragotzi zien Ertzaintzak, eta auzoko sarbideak moztu zituen.
Auzo etxea «ez da nahikoa»
Bilboko Udalak auzo etxe bat zabalduko du laister Errekalden, 40 urtez auzoak eskatu duen gunea. Auzo elkartearen ustez, halaere, eraikin berriak behar baino4.000 metro koadro gutxiago izango ditu; Kukutza gaztetxeak zituen 4.000 metro koadro gutxiago, alegia. Bi proiektuak «osagarriak» liratekeela uste dute auzo elkarteak. Auzo etxean ezingo ditugu nahi genituzkeen jarduera guztiak aurrera eraman: zirkurik ezingo duguegin, informatika ikasteko gelarik ez du, taldeek entseatzeko lekurik ez dago, jangela handirik ere ez». Aspaldi espero zuten auzo etxe berria, berri «tristea» dela diote horregatik: «Errekaldek aurrera egiteko aukerak ez ditugu baliatzen».Behin eta berriz nabarmendu dute: «Udaletxearen erruz atzera egiten dugu».
Beste kexa batzuk ere plazaratu zituzten Errekaldeko bizilagunek atzo egin zuten agerraldian. Udalak ez du onartu auzotarrek Basurtuko erietxerako autobusen ordutegia zabaltzeko egin zuten eskaera. Malabaristen topaketako bisitarieigaua igarotzeko gunerik ez utzi izana ere salatu dute.
Kukutza botatzea legez kontrakoa izan zelakoan, auzitara eraman dute udala
Errekaldeberriz auzo elkarteak gaztetxea eraisteko prozeduran «irregulartasunak» antzeman ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu