Euskal herria

Kukutza eraistearen aurka protesta egiteagatik martxoan epaitutako bi gazteak absolbitu egin dituzte

"Epaiak agerian utzi du Ertzaintzaren sinesgarritasunik eza", Kukutzako Elkartasun Taldearen esanetan.

urtzi urkizu
2013ko maiatzaren 16a
14:24
Entzun

Bilboko 4. Zigor Epaitegiak absolbitu egin ditu Kukutza III gaztetxearen eraistearen aurkako protestetan atxilotu eta desordena publikoak egitea egotzita martxoan epaitutako bi lagun.

2011ko iralaren 21etik 23ra Kukutza hustu eta eraitsi zutenean, ehunka lagun zauritu eta 82 lagun atxilotu eta identifikatu zituzten. Horietako bi martxoaren 11n epaitu zituzten Bilbon. Fiskalak 22na hilabeteko espetxealdia eskatu zuen haien aurka, desordena publikoak egin zituztela leporatuta. Epaileak absolbitu egin ditu, Ertzaintzaren bertsioa zalantzan jarrita.

"Epaian irakur daitekeenez, deklaratu zuten ertzainen artean kontraesan deigarri ugari daude", azaldu du Kukutzako Elkartasun Taldeak. Esaterako, atxiloketaren unean gazte batek buruan txanoa zeramala esan zuten ertzain batzuek. Polizia atestatuak, berriz, txanoa atxilotutako adingabeko batena zela zioen. 

Honako hau ez da Kukutza defendatzeagatik atxilotutako lagunen aurka epaitegiek ematen duten lehen absoluzioa. Orain arte epaitutako 15 lagunetatik 12 absolbituak izan dira, eta gainerakoei 180 euroko isuna ezarri zieten, fiskaltzaren zigor eskaeratik oso urrun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.