Kukutza Bilboko Errekaldeko gaztetxea eraisten hasi ondoren Ertzaintzak atxilotutako 31 lagunak libre laga dituzte, baina karguekin eta epaiketaren zain, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak Efe berri agentziari gaur esan dionez.
Elena Galan Rodriguez de Isla Bilboko auzitegiko epaileak ostiral goizean eman zuen Kukutza botatzeko baimena, eta hondeamakinek ostiral arratsaldean ekin zioten eraisteari, ertzainek babestuta. Istiluak sortu ziren.
Bilboko Udalak gaur azaldu duenez, asteazkenetik igandera artean 810 edukiontzi irauli zituzten hirian, beste 80 erre egin zituzten eta 50 kaltetu, "zenbait" ibilgailuk ere kalteak jaso zituzten —horien artean, Bilbobuseko autobus bati beirak hautsi zizkioten—, eta, horien guztien ondorioz, 140.000 euroko kalteak izan dira.
Udalak dioenez, balantze horretan ez ditu sartu suteen ondorioz kaltetutako hamar auto partikular, EAJk Errekalden eta Alde Zaharrean dituen batzokien aurkako erasoak, eta banku eta saltoki batzuek jaso zituzten kalteak.
52 urteko gizonezko batek gorputzaren %10ean erredurak izan dituela dio Udalak. Zauritua Gurutzeetako erietxean dago, baina ez larri, medikuen arabera. Eskuak eta bizkarra ditu erreta.
Halaber, Udalak esan du zinegotzi batzuek eta haien senideek "ahozko erasoak eta eraso fisikoak" jaso zituztela.
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak istiluak "kale borrokarekin" lotu zituen larunbatean, eta iskanbiletan "sistemaren aurkako, delitu aurrekariak eta genero indarkeriagatik salaketak dituzten lagunek" ere parte hartu dutela esan zuen. Aresen arabera, "aurrez oso ondo antolatutako eta koordinatuta istiluak" izan ziren.
Iñaki Azkuna Bilboko alkateak "Kukutzaren atzean Bildu dago" zioen, eta Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak ere Bildu izan zuen hizpide.
Bilduk Azkunaren dimisioa eskatu du.