Bilboko Errekaldeko Kukutza gaztetxearen eraikinaren jabe Cabisa enpresa aldamio bat jartzekoa zen gaur goizean, baina ez du ipini. Atzo arratsaldean agertu ziren asmo berarekin, baina gaztetxean zeuden lagunek ez zieten utzi; gaur goizean itzuliko zirela ohartarazi zuten, baina ez da inor agertu.
Azkenean Cabisako inor agertu ez bada ere, Errekaldeko bizilagunak eta gaztetxearen aldeko kideak goizean goizetik zain zeuden Kukutza atarian. Gitarra eta trikitiaren musikak lagunduta, kolore biziz jantzita eta umore onean egin dute itxaronaldia Kukutzara joandakoek. Cabisako langileak etortzekoak zirela-eta 07:30ean Kukutzara joateko deia zabaldu zuten atzo iluntzean ahoz aho eta sare sozialen bidez.