Kukutza hustu ondorengo istiluekin lotuta epaitutako lehen bi gazteak, errugabe

Ertzainen bertsioa «errealitatearekin bat» ez datorrela azaldu, eta beste auzietan kontuan hartzeko eskatu dute

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Kukutza gaztetxea hustu zuten egunean edukiontzi bat erretzeaz akusatutako bi gazteak errugabetu egin ditu Bizkaiko Lurralde Auzitegiak. Epaileak frogatutzat jo du leporatu zitzaien sutea ez zela gertatu eta, beraz, ertzainek txostenean zein epaiketan emandako bertsioa ez datorrela bat «errealitatearekin». Hala, auzia «ageriko gezur batzuetan» oinarritu zela salatu zuten atzo gazteek, Bilbon egindako agerraldian. Kukutzako kideen abokatu Iñaki Carrok eskatu zuen epai hori kontuan hartzeko egun haietako liskarrekin lotutako gainerako kasuetan ere, eta zalantzan jartzeko polizien egiazkotasun ustekizuna: «Ertzainen deklarazio huts batzuk ezin dira froga nahikoa izan inor espetxera bidaltzeko».

Ekainaren 6an epaitu zituzten Alemaniako bi ikasle, irailean Kukutza hustu eta eraitsi zeneko egunetan Bilbon izandako istiluekin lotutako lehen auzian. Hiru urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu zuen fiskaltzak bakoitzarentzat, desordena publikoak eta kalteak leporatuta. Bi ertzainek deklaratu zuten gazteok ikusi zituztela edukiontzia mugitzen eta erretzen, baina akusatuek ukatu egin zuten. Suhiltzaileen txostenak argitu zuen kontraesana: poliziek adierazitako orduan eta lekuan ez zen suterik izan.

Epaiak onartu du ertzainen txostenean «hutsegiteak» badaudela, «denboraren eta lekuaren kokapenean». Carroren ustez, hitz horien interpretazioa librea da: «Pentsa daiteke huts bat egin dutela, edo gezurretan ibili direla». Edonola ere, gogora ekarri du bi auzi handi daudela zabalik Kukutzarekin lotuta, eta akusazio gehienak ertzainen deklarazioetan oinarritzen direla.

Adibide zehatz bat jarri du abokatuak. Azaldu du gaztetxearen barruan zeuden 26 lagunei agintearen aurkako atentatua lepora diezaieketela, ertzainek adierazi dutelako hara heldu zirenean eraikinetik hainbat objektu jaurti zizkietela: komun bat, burdinazko hiru metroko hodiak, zementu zakuak... «Baina hedabideek eta bizilagunek hartutako irudietan ez da halakorik ikusten», esan du Carrok. «Kasu batzuetan, errazagoa izango da frogatzea ertzainen txostenek ez diotela egia, baina zer gertatuko da frogatzerik ez dugunean?».

Hori dela eta, abokatuak eskatu du ertzainen deklarazioei «sinesgarritasun, objektibotasun eta inpartzialitate erlatiboa» emateko. Areago, kontuan izanda polizien egun haietako jokabidea, «manifestaziora zein lanera edo institutura zihoazenak berdin-berdin jo zituztelako».

«Gehiegizko» zigor eskaera

«Ohartarazpen bat izan da egun haietako polizia basakeria, behetik eginiko edozein antolakuntza molderen aurka», ondorioztatu dute errugabetutako gazteek. Erantsi dute bien aurkako auzia saio bat izan dela «gizarte mugimendua zein nazioarteko elkartasuna suntsitu eta kriminalizatzeko» , eta aitortu dute «harrituta» jaso dutela hiru urte eta erdiko zigor eskaera : «Gehiegizkoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.