Auzitegietan aurrera jarraitzen dute Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxe zenari buruzko prozedurek. Datorren astean hasiko dute epaiketa 11 gazteren aurka; gaztetxea hustu zutenean kalean istiluak sortzea leporatu diete. Ez dira bakarrak izango: denera, 71 pertsona daude epaiketa zain, beste lau adingaberekin batera. Uda aurretik epaituko dituzte guztiak. Oinarri bakarra dute kasu guztiek: ertzainen txostenak eta deklarazioak. Bihar beteko da urtea Poliziak Kukutza hustu zuela. Protesta egingo dute bihar, 18:30ean, udaletxe atarian.
Goizaldera sartu ziren ertzainak Kukutzara irailaren 21ean. Hamahiru urtez Errekalde auzoko bilgune izandako etxea husteko eta botatzeko paperak uda garaia aprobetxatuz egin zituzten: epaileak uztailean sinatu zuen eraikina hutsarazteko agindua; udalak irail hasieran eman zuen eraisteko baimena. Presa zuten, hirigintza plan bat tartean zelako. Udan paperak egin, eta uda amaitu baino egun bat lehenago sartu ziren ertzainak gaztetxera.
05:00ak ziren. Dozenaka eta dozenaka ertzainek inguratu zituzten Kukutza inguruak, eta indarka eraikin barrura sartu ziren. Prest ziren ordurako barruan: 50 bat lagun baziren txanda egiten. Alarma jota, jendetza elkartu zen.
Kalean sortu ziren lehen istiluak. Poliziak gogor oldartu ziren kazolak eskuan batu zirenen aurka. Haietako batzuek izango dute epaiketa ostegunean. Denera, 11 lagun dira, Kukutza atarian atxilotu edo identifikatu zituztenak. Akusazioa: ordena publikoaren aurkako falta bat. «Gogoratu zer esan zuen Poliziak egun hartan: istilu izugarriak eragin zituztela herritar horiek. Zertan geratuko da? Gehienez isun bat jarriko diete epaiketa horretan. Epaileek ikusi dute istilu larrienak ez zirela izan jendeak eragindakoak», azaldu du Iñaki Carro abokatuak.
Kalean Ertzaintzak erabilitako bortizkeriaren irudiak badaude, baina Kukutza barruan gertatu zenari buruzkoak, ez. Sei ordu pasatu zituzten barruan poliziek. Gazteek salatu zuten jo eta iraindu egin zituztela; Ertzaintzaren bertsioa da eraso egin zietela. Auzitegira Kukutza barruan zeuden 23 gazte eramango dituzte. Guztira, 48 pertsona zeuden gaztetxean: 25 lagun bigarren solairuan, eta 23, goi-goikoan, erresistentziarako prestatutako etxean. Bigarren solairuan zeudenei ez diete ezer egotzi, nahiz eta haiek ere gaztetxe barruan egon. Hiru delitu egotzi dizkiete goi-goian zeudenei: usurpatzea, autoritatearen aurkako atentatua eta erresistentzia. Haiekin batera beste hiru lagun sartu dituzte prozedura horretan.
Orain arteko epaiketan, libre
Instrukzioan dago oraindik kasu hori, eta zigor eskaririk ez dago. Poliziaren txostenetan, ordea, delitu larriak ageri dira: «Ertzaintzako buruek auzitegian esan zuten konketa bat, komun bat, zementuzko zakuak, hiru metroko hodiak eta beste gauza batzuk bota zizkietela». Carro abokatua kezkatuta dago lekukotasun horiekin. «Gezur hutsa da, eta espero dugu demostratu ahal izatea».
Epaiketetan sinesgarritasuna ematen zaie polizien lekukotasunei. «Kezkagarriena eta larriena hori da. Polizien testigantza egiatzat jotzen da. Kasu horietan, ordea, bistan da Ertzaintza ez dela alde objektibo eta neutrala». Kukutzarekin lotuta orain arte izandako epai bakarra hartu du gogoan: Alemaniako bi herritar epaitu zituzten zaborrontzi bat erretzea egotzita. Hiru urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu zieten, Poliziaren txostenak oinarri hartuta.
Biak absolbitu dituzte. Epaileak esan du Ertzaintzaren bertsioa ez datorrela bat «errealitatearekin». Carrok eman du azalpena: «Irailaren 23ko arratsaldean edukiontzi bat erre zutelakoan atzeman zituzten. Ertzaintzak esan zuen 18:20an su eman ziotela zaborrontziari; ordea, 19:00ak pasatu arte ez zegoen edukiontzirik sutan». Epaileak Poliziaren «akats bati» egotzi zion guztia; Carroren ustez, «adierazgarria» da kasua.
Nabarmentzekoa da epai hori, zabalik dauden beste bi prozedurak gisa horretakoak baitira. Bi gazteren aurkakoa izango da bat. Alemaniarrak bezala, hilaren 23 gauean atxilotu zituzten, desordena publikoak eragitea egotzita. Zigor eskariak egin dituzte jada: hogei hilabeteko espetxe zigorra.
Ertzainen bertsioa bakarrik dago kasu horretan ere. Gazteetako batek onartu du Kukutza bota osteko manifestazioan izan zela; besteak hori ere ez. «Jai batzuetara zihoan lagunekin. Ez zuen parte hartu elkarretaratzean ere».
Istiluak 32 lagunen bizkar
Haren atzetik etorriko da epaiketa handiena: 32 pertsona eseriko dira akusatuen aulkian. Eraikina eraisten hasi zirenean sortutako iskanbiletan parte hartzea egotzi diete. «Hori izan daiteke epaiketa larriagoa, zigor handia eska dezaketena». Litekeena da bi delitu leporatzea: desordena publikoak sortzea eta kalteak eragitea. Bi alemaniarrei hori egotzi zieten. Carrok ohartarazi du hiru-lau urteko zigor eskaria izan daitekeela.
Ostiral arrats hartan istiluak Bilbo osora zabaldu ziren, eta 200 edukiontzi inguru erre zituzten. «Hori gertatu zen, egia da. Baina amaieran izan zen. Epaituko duten jendeak ez du zerikusirik horrekin, arratsalde hasieran atxilotu baitzituzten. Geroago hasi ziren zaborrontziak erretzen». Carroren arabera, «aurrena harrapatutakoak» atzeman zituzten. «Zozketa hutsa izan zen. Jende oso gaztea atxilotu zuten gehien, eta zigor eskari gogorrak dituzte».
Kukutza hustu eta bota zuten egun haietan jarrera oso bortitza izan zuen Ertzaintzak, eta bereziki ostiral arratsalde hartan. Oso gogor hartu zuen Errekalde: dendetara eta osasun etxera sartu ziren poliziak, besteak beste. Ehun pertsonatik gora zauritu zituzten.
Ertzainen erasoengatik, 30 salaketa eraman zituzten auzitegira; tartean, Carrorena berarena. Ezerezean geratu dira gehienak. «Onartu digute baietz, litekeena dela ertzainek delitu edo falta bat egitea. Baina Ertzaintzaren argudioa da ezin duela jakin zehazki zein ertzainek egin zituzten erasoak, identifikatzeko ezer ez daramatelako. Artxibatu egin dituzte kasuak; ez deliturik ez dagoelako, nor izan den ez dakitelako baizik».
Epaitutako ertzain bakarra
Salbuespen bat izan da orain arte: ertzain bat epaitu zuten maiatzean istiluetan pertsona bat zauritzeagatik. Froga faltagatik, ordea, libre utzi zuten. Beste bi polizia inputatu egin zituzten beste eraso batengatik; ez dago berri gehiago.
Arartekoarenera jo zuten babes eske herritarrek. Maiatzean eman zuen ebazpena Iñigo Lamarcak. Salatu zuen Ertzaintzak ez zituela argitu jardun guztiak, eta herritarrei «arrazoirik gabe» oldartu zitzaizkiela poliziak. Aurkako beste ahots bat altxatu zitzaion, horrenbestez, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuari. Ez du, baina, atzera egin hark; behin eta berriz nabarmendu du «harro» dagoela ertzainek eginikoaz.
Carrok jakinarazi du izandako kalteen berri eman dutela herritarrek auzitegian, eta haietan ere agerian geratzen ari dela Ertzaintzaren bortizkeria. «Kaltea jasan zuten gehienak bat etorri dira ertzainek eragin zizkietela kalteak». 32 pertsona kalte horiek sortzea leporatuta epaituko dituzte.
Kukutza gaztetxea. Itxieraren urteurrena
Kukutza hustu zutela urtea dela, epaiketak dituzte 75 pertsonak
Lau prozedura zabalik daude, eta gaur zortzi 11 gazte epaituko dituzte protestak tarteko; bihar da urtea Kukutza bortizki hustu zutelaPoliziaren erasoei buruzko kasuak ez dituzte kontuan hartu, ertzainak ezin identifikatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu