Bilboko Errekalde auzoko jaietan "maskarada" jai bat antolatu zuen Occupy Basque Country kolektiboak, aurreko igande goizaldean. Txosnak itxi ostean, kalejira batek oruberako bidea egin zuen.
Gaztetxea bota zutenetik orubearen inguruan adreiluzko hesi bat dago. Hesiko ateetako batetik sartu ziren barrura. Ehunka herritar bildu ziren diska jartzaileen musikak girotutako jaira.
Kukutza zena bota zutenetik ia bi urtera orubeak hutsik jarraitzen duela salatzeko antolatu zuten jaia. Horrekin batera, okupazioaren zilegitasuna aldarrikatu eta munduan okupazioaren alde ari diren mugimenduekiko elkartasuna zabaldu nahi izan zuten.