Kukutzako epaiketen «globoa» husten ari da, defentsako abokatuen esanetan

Bost pertsona libre utzi dituzte, eta beste bosti isunak jartzeko eskatu du fiskalak; ertzainei lesioak egitea egotzi die

Hamar lagun epaitu zituzten atzo Bilboko auzitegietan; kanpoan, elkarretaratzea egin zuten, auzipetuei babesa agertzeko. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
mikel p ansa
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Epaiketa «surrealista» izan da, Iñaki Carro defentsako abokatuaren hitzetan. Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxea husteko ekinaldian, iazko irailaren 21ean, jazo ziren istiluetan atxilotu eta identifikatutako hamar lagunen aurkako epaiketa egin zuten atzo. Atxilotuen aurkako akusazio bakarra ertzainen hitza izan dela adierazi du Carrok. Eta erantsi du haien hitzak kontraesanean zeudela egun haietan gertaturikoen argazki eta bideoetan ikusten zenarekin. Hartara, auzitegian salaketa batzuk entzuten zirela, baina irudietan beste kontu batzuk ikusten zirela esan du defentsako abokatuak. Epaileak libre utzi ditu atzo epaitutako hamar lagunetik bost; beste bostentzat isun zigorrak eskatu ditu fiskalak. Epaia «hiruzpalau astean» iritsiko dela uste du Carrok. Kukutza hustearen inguruko istiluek oihartzun mediatiko handia izan dutela azaldu du defentsako abokatuak; baina uste du atzo auzitegian argi geratu zela manifestariak «era baketsuan» egin zutela protesta, eta Ertzaintza izan zela «era basatian» oldartu zena: «Nabarmen geratu da». Hartara, Kukutzaren inguruan «Herrizaingo Sailak puztutako globoa» hustuz doala esan du abokatuak.

Bilboko auzitegietan atzo epaitzen hasi zirenak 2011ko irailaren 21eko goizean atxilotu zituzten. Hamar ziren guztira. Gehienak Kukutza hustearen aurka antolatutako eserialdian egon ziren. Haien aurkako salaketa batzuk zentzugabeak izan direla azaldu du Carrok. Aske gelditu diren bost lagunen kasuak seinalatu ditu: «Ez da akusaziorik sortu haien aurka». Ertzain batzuk ez ziren deklaratzera agertu; beste akusatu batzuei zer leporatzen zieten, berriz, ez da argi gelditu, abokatuaren esanetan. Hartara, auzipetu bai baina akusazio zehatzik ez dute jaso bost lagun horiek, eta aske utzi dituzte. Fiskalak ere absolbitzeko eskatu du. Ez da akusazio partikularrik aurkeztu auzian; epaileak libre utziko dituela espero dute, beraz.

Beste bost lagunei falta delituak egotzi dizkiete. 180 eta 240 euro arteko isunak eskatu ditu fiskalak haietako bakoitzarentzat. Ordena publikoaren aurka egitea leporatu die fiskalak; eserialdian egon ziren bostak. Bost horietatik biri, gainera, bi ertzaini lesioak egitea egotzi die fiskalak. Isun gehigarri bat jartzeko eta poliziei kalte-ordainak emateko eskatu du akusazioko abokatuak.

Nolanahi ere, epaiketaren pozik irten dira abokatuak eta akusatuak. «Gertatu zena Ertzaintzaren bortizkeriarengatik gertatu zela nabarmen geratu da», Iñaki Carroren esanetan. Epaiketan aurkeztu dituzten argazkiak eta bideoak Interneten edonoren esku daudela azaldu du abokatuak, erraz ikus daitekeela, beraz, egun haietan zer gertatu zen.

Beste adibide bat eman du abokatuak. Epaituriko bi lagun Ametzolan identifikatu zituzten ertzainek, iazko irailaren 21ean. Bakarrik zihoazen biak, eta inguruan ez zen inolako istilurik gertatzen ari, Carrok azaldu duenez. Bada, ertzain bat hurbildu eta pertsona horietako bati sabelean ostikada bat eman ziola azaldu du. Ostikadaren irudiak erakutsi dituzte epaiketan. Pertsona horri, ordea, ertzainak iraintzea egotzi diote. «Putasemea» deitzeagatik auzipetu dute.

Harekin zihoan beste laguna ertzainekin eztabaidan hasi zen, gertatutakoaren harira, abokatuak dioenez. Eta hori ere auzipetu dute. Ametzolako jazoerak baino ordubete lehenago, ertzain bati ostikada bat ematea egotzi diote. Halako salaketek egin dute epaiketa «erridikulu», Carroren ustez. Auzipetuen aurkako froga bakarrak ertzainen adierazpenak direla ohartarazi du. Eta bideo eta irudiek kontrakoa erakusten dutela seinalatu du.

Salaketa guztiak, leku beretik

Beste datu bat ere eman du defentsako abokatuak: iraileko egun haietan gertatu ziren istilu gehienetan ertzaien bi furgonetatan zihoazen agenteek izan zuten zerikusia. Alegia, harrigarriiruditzen zaio abokatuari, egun haietan Bilbon zenbat poliziak lan egin zuten ikusita, istilu guztiek bi furgonetekin zerikusia izatea. Atxilotu, identifikatu eta auzipetu gehienen aurkako salaketak ere, bi furgoneta horietan ibili ziren ertzainen partetik iritsi direla azaldu du Carrok. «Kasualitatea ote da?», galdetu du. Bi furgonetak, gainera, ertzain beraren agintepean zeudela jakinarazi du.

Udan beste bi pertsona, alemaniarrak, epaitu zituzten. Kaleko edukiontziak erretzeaz akusatu zituzten, baina epaileak aske utzi zituen, kargurik gabe. Hartara, Kukutzaren aurkako salaketak indargabetzen doazela uste dute defentsako abokatuek. Atzoko epaiaren ebazpena hilabete baino lehen iritsiko dela uste dute. Hortik aurrera, beste 65 bat lagun gelditzen dira, oraindik, epaiketa zain. Hurrengo hileetan auzitegitik pasatuko direla espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.