Cabisa enpresa, Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxearen eraikinaren jabea, erretiratu egin da Kukutza hustean jazotako istiluengatik egin behar duten epaiketa batetik.
2011ko irailean hustu zuten Kukutza gaztetxea. Itxiera oztopatzen saiatu ziren gaztetxeko kideak, eta haietako 23 identifikatu eta atxilotu zituzten teilatuan.
Haien eta beste hiru gazteren aurkako epaiketa egitekoak dira oraindik, eta akusazio partikular gisa parte hartzen ari zen Cabisa. Orain auzitik erretiratzea erabaki du, eta auzipetuen aurkako salaketa aurkeztea baztertu du.
Kukutzarekin Elkartasun Taldeak adierazi du ez dela harritzeko erabakia, Kukutzaren aurkako ekinbide judizial guztia "Iñaki Azkunaren EAJren eskuetan" egon dela sumatu baitute, gaztetxea husteko lehen agindutik.
Orain arte Kukutza husteko auziarekin lotuta egin dituzten epaiketa guztietan Cabisak "bigarren mailako lekua" izan duela nabarmendu du taldeak. Eta gogorarazi du urte eta erdi joan dela gaztetxea hustu zutenetik, baina eraikina zegoen lekuan orubeak jarraitzen duela, eta ez direla ezer eraikitzen hasi.
Taldeak seinalatu du enpresa horren jabeak justiziarekin arazoak izan dituela, eta Kantabrian (Espainia) "hirigintza ustelkeria" kasu batean nahastua egon dela.
Auziak aurrera jarraituko du, edozein kasutan, Bilboko Udalak akusazio gisa jarraituko baitu. Auzipetuei elkartasuna adierazteko, elkarretaratzea egingo dute gaur iluntzean. 20:00etan irtengo dira, udaletxearen aurretik, eta Sabin Etxean bukatuko dute.