Bilboko Errekalde auzoan dagoen Kukutza gaztetxea lurrera botatzeko asmoa dutela eta, egoera horri aurre egin eta «irtenbide egoki bat» aurkitze aldera, udalarekin bildu eta akordio batera iristeko borondatea erakutsi zuten bertako kideek. Asmo horrek, baina, ez du ondoriorik izan. Hori dela eta, Kukutzako kideak Fermin Muguruza abeslariarekin batera Bilboko auzitegiaren aurrean bildu ziren atzo. Bertan jakinarazi zuten «urteetan kultura sustatzeko lan egiteagatik» euren burua salatzen dutela. Ekintza horren bitartez, gaztetxeak duen kultur izaera eta garrantzia azpimarratu nahi izan zuten.
Muguruzaren iritziz, «hamahiru urtean musikari askori ateak ireki eta kulturaren aldeko etengabeko lana» egin dute Kukutzan. Hala, elkartasuna adierazi eta bere burua «erruduntzat» jotzea erabaki du. Muguruzaz gain, kultura eta gizarte arloko eragile gehiagoren babesa ere jaso dute.
Gaztetxeko kideek diotenez, Errekalde auzoan dauden arazoeiaurre egiteko Kukutza botatzea ez da irtenbide egokia. Eusko Jaurlaritzako Kultur Sustapenerako zuzendari Mikel Toralek ere bat egin du itxieraren aurkako aldarriarekin. «Nahi dugu kultur dinamika interesgarri hori ez desagertzea. Kukutzako jardun askok merezi dute segitzea, eta bat datoz gure lan estrategiarekin».
Gaztetxeak bizi duen egoera eta udalaren ikusezintasuna salatzeko, datorren larunbaterako udaletxean hasi eta Errekalden bukatuko den manifestazio baterako deialdia egin dute. 18:00etan hasiko da protesta.
Kukutzakoak, kultura sustatzearen «errudun»
Gaztetxeak gizarte eta kultura arloko hainbat eragileren babesa jaso du, eraisteko arriskuan dagoela eta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu