Kukutzaren alde manifestazioa egin dutenei gogor oldartu zaie Ertzaintza

Milaka pertsonak hartu dute parte gaztetxearen hustearen aurkako martxan; amaiera aldera istiluak sortu dira

Hustearen aurkako manifestazio jendetsua egin zuten atzo arratsaldean. Ondoren, manifestariei oldartu zitzaien Ertzaintza. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Milaka pertsona bildu ziren atzo arratsaldean Kukutza gaztetxearen alde Bilboko Errekalde auzoan. Goizeko gaztetxearen hustea, Poliziaren indarkeria eta atxiloketak salatzeko manifestaldia egin zuten. Errekaldeko jendea nagusitu bazen ere, Bilboko eta inguruko herrietatik ere jende asko hurbildu zen elkartasuna adierazteko. Manifestazio lasaia izan zen gaztetxe aurrera heldu arte; izan ere, ordura arte ez zen poliziarik ageri, trafikoa zuzentzen zebiltzan udaltzaingoak kenduta. Kukutzara heldu eta berton, manifestariek 70 ertzain ingururekin egin zuten topo. Tentsio uneak sortzen hasi ziren orduan, eta Polizia oldartzen hasi zen. Giroa baretzen hasi zenean, manifestari batek ustez egindako keinuak polizien kargak eragin zituen berriro. Manifestariek atzera egin behar izan zuten. Zabor ontziekin barrikadak sortu zituzten kalean.

Ertzaintzaren kargek, baina, ez zuten Kukutzaren aldeko oihua isildu. Ametzola plazatik gaztetxe aurrera doan Gordoniz kaleak amaigabea zirudien; aurrera joan ahala, manifestariei gero eta jende gehiago batzen zitzaien. Kukutzaren aldeko leloak entzuten ziren etengabe: «Kukutzatik ez dira pasako». Goizean atxilotutako lagunak libre uzteko eskatzen zuten baita ere. Pankartek gaztetxearen aldeko aldarrikapenak egiten zituzten: «Kukutza aurrera», «Desalojoei stop», «Kukutza herriarentzat», «Udala eta Cabisa errudunak». Etxeetako leihoetatik ere manifestarien aldeko txaloak eta oihuak entzun zitezkeen, bazirudien Errekalde osoa ahots batez ari zela Kukutzaren alde.

Martxaren lehen zatia trankila izan zen, manifestariek hitzez kargatutako armak zeramatzaten esku artean, ahotan; aldarrikapen giroa nagusitu zen. Gordoniz kalea aho bakarrez ari zen oihuka, Kukutzaren eta Errekalderen taupadak gero eta gogorrago entzun zitezkeen, amaigabea zen jende ilara.

Gaztetxe inguruan, istiluak

Ordura arte ez zen uniformedun poliziarik ageri, baina Gordoniz kalearen bukaeran, Kukutzaren aurrean, ertzainen zazpi furgonetak manifestariak itxaroten zituzten, gaztetxera sartzerik izan ez zezaten. Arazo handirik gabe pasatu ziren lehen manifestariak Poliziaren aurretik, ez zuten bortizkeriarik nahi; askok, eskuak jasota bake nahian zebiltzala adierazten zuten. «Polizia gutxiago eta edukazio gehiago», egiten zuten oihu.

Aurrera jarraitu ahala poliziak kargatzen hasi ziren. Jendeak korrika egin behar izan zuen behin baino gehiagotan, tentsio une handiak sortu ziren, bolbora usaina barrura arte sartzen zen, gomazko pilotak lurrean ikus zitezkeen. Tentsioa handitzen joan zen manifestarien eta polizien artean, eta istiluak larritu ziren. Jendea kolpatzen hasi zen Polizia, asko lurrera jausi eta une arriskutsuak sortu ziren. Atzera egin behar izan zuen manifestarien masak, eta zabor ontziekin bat-batean egindako barrikaden atzean babestu behar izan zuten; beste askok ezkaratzeetan eta dendetan sartu behar izan zuten, istiluetatik ihesi.

Geroago giroa baretzen hasi zen berriro. Manifestariak atzera egin zuten Errekaldeko plazaraino, eta berton aurretik antolatutako kontzertuetara joan ziren. Atzokoa egun garrantzitsua izan zen, betiere, Kukutzaren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.