Kukutzaren aldekoek bat egin dute eraikina eraistea saihesteko

Cabisa enpresak eraikinean aldamio bat jartzeko asmoa duela eta, gaztetxearen aldeko elkartasuna indartu da

Jendea, atzo goizean, Kukutzaren aldeko topaketan bat eginda. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Atzo goizean, zazpi eta erdiak aldera, 200 pertsona inguru bildu ziren Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxearen aurrean. Helburua, gaztetxearen aurrean Cabisa enpresak —gaztetxea eraitsi nahi duen enpresa eraikitzailea— ipini nahi zuen aldamioaren kontra egitea zen, hura ez jartzeko. Eta halaxe izan zen.Gazte asanbladako kideak pozik daude lortutako emaitzarekin, eta jendearen elkartasunak ataka zailari «kementsu» aurre egiteko balio duela uste dute. Asanbladako kide den Aritz Gardokik hala adierazi du: «Jende asko oporretan dagoen abuztuko asteazken batean hainbeste pertsona biltzea arrakastatsua eta eskertu beharreko kontua da».

Gaztetxeko kideek salatu zutenez, ez zien inor esan Kukutza hesitzeko asmoa zutenik. Herenegun arratsaldean kontratu enpresa bat joan eta eraikinean aldamioa jarri behar zutela esandakoan jaso zuten albistearen berri. Hala ere, akordio batera iritsi eta egiteko hori atzo arte atzeratzea lortu zuten. Egoeraren larritasuna ikusita, gaztetxeko kideek bilera batera deitzea erabaki zuten. Batzar horretan jarraitu beharreko aurrerapausoak zeintzuk ziren erabaki nahi zuten, eta ondorioa argia izan zela dio Gardokik: «Gaztetxearen eraikinari eustea gazte asanbladaren kontua da eta ez beste inorena, guri dagokigu». Eraikinaren kanpoko aldea «konpondu eta atontzeko» xedea dutela dio, baina lan horiek ezin direla egun batetik bestera egin, denbora tarte bat eskatzen dutela dio.

Baimena, irailerako

Kukutzako gazte asanbladak behin eta berriz salatu duenez, Bilboko Udalak eta eraikinaren jabe den Cabisa S.A enpresak Kukutza eraisteko asmoa badute ere, xede hori gauzatzeko oztopo nabarmen bat dute. Diotenez, enpresak ez ditu eraisketa egiteko beharrezkoak diren agiri guztiak. Hori dela eta, eraisketa proiektuan aldaketa batzuk egin, eta beharrezkoak diren bermeak eskuratzeko denbora tartea behar dute oraindik ere. Hala ere, irailerako dena prest izango duten susmoa dute gazte asanbladan. «Guri inork ez digu ezer esaten; hala ere, guk gure kalkuluak egin ditugu», azaldu du Gardokik.

Irtenbidea oso zail ikusten badute ere, «azken muturreraino» ahalegintzeko asmoa dutela dio. Gauzak horrela, eskura dituzten tresna guztiak erabiltzeko prest daude. Asteazkenero egiten dituzten elkarretaratze eta bestelako ekintzez gain beste mekanismo bat erabilgarri izateko asmoa dute: justizia. Aurkezturiko helegiteen bitartez, xede argia dute: «Errekurtsoak jarriz epaiketaren bidea agortu arte Kukutza ez botatzea espero dugu. Eta ea gure eskakizuna betetzen dugun».

Auzoen sostengua

Auzotarren sostengua da gaztetxearen arnasa. Atzo ilunabarrean, berriro ere, Errekaldeberriko auzo elkarteko kideek elkarretaratzea antolatu zuten gaztetxearen alde. Gurasoak haur txikiekin, adineko jendea, gazteak... denen topaleku izan zen. Kukutza gaztetxea auzoarentzat leloa zuen pankarta zabalduta elkartu ziren. Gaztetxeak auzoari egiten dion ekarpena goratu zuten: «Poza, bizitza, kultura...». Ahoz aho, gaztetxearen aldeko keinuetan gero eta jende gehiagok parte hartzen duela esplikatu zuten, eta inguruko dendari eta merkatari asko ere alde ari direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.