Dozenaka kultur sortzaile izan ziren atzo Gasteizko Los Angeles elizan, Ekaitz Samaniegori elkartasuna bertatik bertara adierazten. Segi gazte erakundeko kide izatea eta kale eraso bat egin izana egotzita zortzi urteko kartzela zigorra ezarri dio Espainiako Auzitegi Gorenak Samaniegori, eta une batetik bestera atxilotu eta espetxeratzeko arriskua du. 70 bat lagun itxialdian dira zigorra salatu eta Samaniego babesteko, eta protesta arrakastatsua izaten ari da oso. Ehunka banako eta eragileren babesa jaso du Samaniegok egunotan, eta elkartasuna jasotzen jarraitzen du. Atzo, dozenaka kultur eragile joan zitzaizkion bisitan.
Samaniego bera bertsolaria izanik, bertsolaritza munduko ordezkaritza izan zen zabalena, Jon Sarasua buru zela. Musikariak ere izan ziren gazteari elkartasuna zuzenean adierazten; besteak beste, Mikel Urdangarin abeslaria, Betagarri taldeko Iñaki Ortiz de Villalba eta Unai Lobo, Sexty eta Summission-eko Joseba Baleztena, eta Malatuko Mikel Garcia. Iban Zaldua eta Xabier Izaga idazleak ere bertan izan ziren, eta baita aktore, kazetari eta argazkilariak ere, besteak beste.
Gasteizera joan ez arren, idatziz adierazi zioten atxikimendua beste hainbat kultur eragilek; horien artean, Pirritx, Porrotx eta Marimototx pailazoek, Josu Zabala musikariak, Berri Txarrak musika taldeak, eta Toti Martinez de Lezea, Karmele Jaio eta Gotzon Barandiaran idazleek.
Eguneroko protestez gain, elkarretaratze zaratatsua egin zuten arratsaldean, eta bertso saioa iluntzean. Sebastian Lizaso, Sustrai Colina, Miren Amuriza, Iñaki Apalategi eta Aitor Mendiluze bertsolariak ziren saioan parte hartzekoak, besteak beste.
Kultur sortzaile ugariren babesa jaso du Ekaitz Samaniegok itxialdian
Dozenaka musikari, bertsolari, aktore, idazle, kazetari eta argazkilarik egin dute bat protestarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu