Kontzertu ekonomikoak finkatzen du, lege ikuspuntu batetik, EAEko administrazioek duten zerga burujabetza. Oinarria da. Hala ere, benetan Espainiaren eta EAEren arteko diru publikoen joan-etorria arautzen duen elementua kupoa da. Tresna konplexua da, oso teknikoa. Gehienetan, ordea, joko eta norgehiagoka politikoaren menpe geratu den zerbait da. Orain bezala.
Izaera mugagabea du kontzertu ekonomikoak, 2002. urteko erreforma onartu zenetik. Kupoa, aldiz, bost urtean behin eguneratu beharra dago, akordio bidez, Madrilen eta EAEko erakundeen artean. Kupoa berritzeko azken legea 2011. urtean iraungi zen. Orain, behin-behineko luzapen bat dago indarrean. Arrazoia? Bost urteko kitapena egiteko ez dira ados jartzen Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua. Diru asko dago jokoan.
Kupoa hitzartu eta berehala hasi ziren arazoak. Akordio faltak 2008. urtetik aurrerako likidazio guztiak itxi gabe egotea eragin du. Jaurlaritzak zuhurtziaz jokatu nahi du, eta eztabaidatzen ari den diru kopurua isilpean gordetzen ari da. Ezagututako azken kalkuluen arabera, 900 milioi baino gehiago lirateke, eta urtetik urtera handitzen ari da.
Eguneratzerik gabe, kalkulu guztiak korapilatu dira. Aurten Espainiako Gobernuak kupoaren bidez 1.564 milioi euro jasoko dituela jarri du bere aurrekontuetan. Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek, aldiz, 851 milioi baino ez dituztela eman behar aurreikusi dute. Egoerak ezinezko bihurtu du Madrilen eta Gasteizen arteko diru joan-etorrien inguruan zer gertatzen ari den ezagutzea. Administrazio bakoitzak besteari ordainketak atxikitzen dizkio, dagokionean. Kupoaren bidez bideratu beharreko kontuen artean AHT abiadura handiko trenaren finantzabidea dago, besteak beste.
Desadostasunak hiru izan dira. Nagusiena eguneratze indizea da. Kupo berria martxan jartzen den urtean, kopuru oinarri bat ezartzen da. Ondoren, urtetik urtera eguneratzen da, indize baten bidez. Arazoa da indize hori bere kasa aldatzea erabaki zuela Espainiako Gobernuak, Jaurlaritzaren iritzia kontuan hartu gabe. Desadostasun horrek urtetik urtera jokoan dagoen dirua handitzea eragin du. Badira arazoak, halaber, hezkuntza eta menpekotasun alorreko finantzabidean eta enplegu politika aktiboetan.
Udaren bueltan, berriro
Alderdi bereko agintariak Moncloan eta Ajuria Enean egoteak ez zuen auzia konpondu. Orain, protagonistak aldatu dira. EAJk du Eusko Jaurlaritzaren kontrola, eta PPk Espainiako Gobernuarena. Jeltzaleek negoziazioa azkartu nahi izan zuten, eta Iñigo Urkullu lehendakariak Mariano Rajoy presidenteari propio eskatu zion, kargua hartu eta gutxira egindako bileran.
Popularrek ez dute presarik, ordea. Cristobal Montoro Ogasun ministroak iradoki zuen, Bilbora egindako bisita batean, negoziazioari aparteko garrantzirik ez diotela ematen, eta urteko bigarren erdian helduko diotela, «Espainiako beste erkidegoen finantzaketa aztertzen denean». Zer nahi duten ere ez du aurreratu.
Beste aldean, auzia negoziazio bidez konpondu beharko dela azpimarratu du Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuak. Orain arte hitz egindakoan, edonola ere, desadostasun «larriak» daudela aitortu du. Gatazkaren luzapenari garrantzia kendu nahi izan dio, hori bai, eta 80ko hamarkadan kupoa ia bederatzi urtez berritu gabe egon zela gogoratu du.
EAJko beste ordezkari batzuen ustez, Montorok ez du inolako erraztasunik jarriko. 2002. urtean ere ministro zen, kupoa ez ezik kontzertua bera negoziatu behar izan zutenean Madrilek eta Gasteizek, giro politiko gaiztotu batean. Europan parte hartze zuzena izatea zen Jaurlaritzaren eskaera nagusia, baina Montorok ez zuen sekula onartu, eta bertan behera utzi zuten jeltzaleek.
Gatazka askoren sorburu
Gatzagaetxebarriari ez zaio arrazoirik falta. Sortu zenetik, gatazka ugariren iturri izan da kupoa, eta urte asko iraun dute batzuek. Finantzetan oinarritutako konponbideak baino gehiago, unean uneko behar politikoen arabera mamitutako irtenbideak nagusitu dira. Negoziazio politikoa izan da finantza auzien blokeoa gainditzeko giltza, azken finean.
Kupoa 1981. urtean jarri zen martxan. Haatik, lehenbiziko kitapenak ez ziren 1987. urtea arte adostu, PSOE Moncloan zela. Itun horri esker, 1991. urtera arteko ekitaldi guztiak arautzeko sistema erabaki zen. Garrantzi politiko nabarmena zuen: urtebete lehenago EAJ-PSE lehen gobernu akordioa sinatu zen Gasteizen, eta kupoaren gatazkak harreman horiek tenkatzen zituen.
Kupoaren egiteko nagusia Eusko Jaurlaritzak ez dituen eskumenen truke Espainiako Gobernuari ordaintzea da. Armada, errege familia, Atzerri Ministerioa eta antzekoak sartzen dira hor. Ordainketa EAEk Espainian duen pisu ekonomikoaren araberakoa da, teorian. Ehuneko batean laburbiltzen da: %6,24. Kopuru hori, 1981ean behin-behinean jarri zena, ez da aldatu azken 33 urteetan, baina beti egon da zalantzan. Kontzertu sistemaren aurkakoentzat, behar baino gutxiago ordaintzen du EAEk. Aldekoentzat, gehiegi.
Portzentajea berriro kalkulatzeko borondatea zuen Rodrigo Rato Ogasun ministroak, 1996. urtean PPk agintea hartu zuenean. Ez zuen lortu. Garai horretan EAJ eta PP esku hartuta ari ziren Madrilen. Jose Maria Aznar presidente izendatzeko akordioa zuten bi alderdiek. Kupoaren itunak aliantza hori indartu zuen. Trukean, eskumen ugari eskuratu zituzten foru ogasunek. Alkohol, tabako eta hidrokarburoen zerga bereziak kobratzen hasi ziren, eta errenta zergan zituzten mugak ezabatu ziren. Juan Jose Ibarretxeren lorpena izan zen ituna, artean Ogasun sailburu zela.
Espainiako alderdi nagusiek kupoari buruz duten iritzia ere unean uneko interesek gidatu dute. 1997. urteko itun hura, esaterako, PSOEk kritikatu zuen, eta ez zuen alde bozkatu Kongresuan. Aldiz, PPk berdin erantzun zuen, abstentzioarekin, 2007. urtean PSOEk eta EAJk hitzartu zuten lege berriaren aurrean.