Ingurumena. E-PRTR erregistroa

Kutsadura ez dago krisian

Europako Batasunak ezarritako kutsaduraren muga gainditu dute 225 enpresak, E-PRTR erregistroak aztertutakoen ia erdiekHamasei enpresak 10,3 milioi tona CO2isuri dituzte, guztira isurtzen denaren heren bat

inaki petxarroman
Donostia
2011ko uztailaren 31
00:00
Entzun
2009an krisi ekonomikoaren astindua gogorra izan bazen ere, enpresa kutsagarrienen jarduerak ez zuen etenik izan. Hala, berotegi efektua eragiten duen gai nagusiaren isurketari erreparatuz gero —CO2ari—, 16 enpresa kutsagarrienek 10,3 milioi tona CO2bota zituzten airera 2009an, 2008an bezainbeste. Baina kontuan eduki behar da bi enpresaren CO2aren isurketa datuak—Arrigorriaga eta Añorgako Cementos Rezolaren plantenak— ez direla ageri 2009ko E-PRTR Europako enpresa kutsagarrien erregistroan. Bi enpresa horiek 0,8 milioi tona CO2isuri zituzten 2008an, eta, beste gai toxikoen 2009ko kutsadurari erreparatuz gero, ez dago arrazoirik pentsatzeko ekoizpena eten zutela.

Aipatutako 16 enpresek isurtzen dute Hegoaldeko CO2guztiaren heren bat. Izan ere, 30 bat milioi bat tona CO2isurtzen dira atmosferara lau herrialdeetan urtero.

Europako enpresa kutsagarrien E-PRTR erregistroaren datuak ezagutarazi dituzte Euskal Herriko administrazioek. Europako Batasunak 2000. urtean jarri zuen martxan enpresa kutsagarrien erregistroa. Erregistroan 27 herrialdeetako milaka enpresa kontrolatzen dituzte. Airera, uretara eta lurrera isuritako 91 gai toxikoren azterketa egitera behartzen dituzte estatuek enpresak. Gairen batean ezarritako muga gaindituz gero, argitaratzera behartuta daude erakundeak.

Euskal Herrian ikertutako 492 enpresetatik 225ek gainditu dute Europako ezarritako kutsaduraren muga. 2008ko erregistroan 240k gainditu zuten, eta 2007an, 252k.

Urtero legez, erregistroan azaldu dira enpresa kutsagarrienen datuak: Petronor, Iberdrola, Rezola eta Portland porlan fabrikak, Zabalgarbi errauste planta, EDAR araztegiak, Zierbena, Zornotza eta Castejongo ziklo konbinatuko zentral termikoak...

Datuak, enpresek emanak

Kutsaduraren kontrola enpresek eurek egitea salatu dute behin eta berriz ekologistek, datuei sinesgarritasuna kentzen dielako.

Espainiako Greenpeaceko kutsaduraren aurkako kanpainako arduradun Julio Bareak arduraz jokatzeko eskatu die erakundeei: «Ez da aski enpresek beraiek emandako datuak ontzat hartzea. Beharrezkoa da noizbehinka erakundeek abisatu gabeko kontrolak egitea frogatzeko ea datuak zuzenak diren».

Izan ere, Barea ziur da enpresek ematen dituzten datuak ez direla fidagarriak. «Guk errauste plantetan egin izan ditugun ikerketetan ikusi dugu nola biltzen dituzten datuak. Haiek badakite noiz joango diren administrazioaren teknikariak probak egitera. Hala, egun horietan filtroak garbitzen dituzte, eta ekoizpena egokitzen dute haiek nahi dituzten datuak irteteko».

Ekologistek positibotzat jo dute erregistroa, herritarrek eskubidea dutelako datu horiek eskuratzeko. «Baina zorroztasun eta seriotasun pixka bat ere eskatu beharra daukagu».

Esaterako, Zabalgarbiren datuei erreparatu die Bareak: «Errauste plantek, megawatt bakoitzeko, ikatzezko zentral termiko batek halako bi kutsatzen dute. Pasaiako zentralaren datuek eta Zabalgarbirenak ikusita, hori ez da inondik inora ikusten». Bareak ohartarazi du CO2ren isurketak ez bezala, dioxina, furano eta metal astunenak oso gutxitan ageri direla mugaren gainetik. «Hori gertatzen da CO2aren datuak oso kontrolatuta daudelako, merkatu bat dagoelako hori arautzeko».

Aldi berean, Bareak kritikatu du enpresa handienak zigorgabetasun osoz ari direla. «Esaterako, Petronorrek hamarkadak daramatza hondakinak isurtzeko baimenik gabe lanean. Orain, energia eredua aldatu beharko litzatekeen garaian, koke planta bat egitea baino ez zaio bururatu».

Krisiaren eraginez kutsadura pixka bat gutxitu dela —«oso gutxi»— esan du Bareak, baina aurreikuspenek joerari buelta eman diotela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.