Izan ere, erregistroa aztertuta Bareari atentzioa eman dion lehenengo gauza da kutsaduraren datuak enpresek beraiek ematen dizkietela administrazioei. Euskal Herrian hiru erregistrotan biltzen dira datuak: E-PRTR Euskadin Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresetakoak; E-PRTR Españan Nafarroakoak; eta Frantziako isuri kutsagarrien erregistroan Ipar Euskal Herrikoak.
«Guk aztertu izan ditugu enpresa handien eta kutsagarrienen datuak, eta ohartzen gara sarritan hurbiltzen direla legezko mugetara, eta osagai askoren isuriak ez direla agertu ere egiten. Aldiz, enpresa txikien datuetan dioxinak, bentzenoa eta bestelako gai batzuk agertu izan dira». Horren adibide da Zabalgarbi, Barearen iritziz. Izan ere, errauste planta horren dioxina isuriak legez onartutakoak baino gutxiago dira. Zabalgarbik 0,000002 kilogramo furano eta dioxina isuri zituela dio erregistroak, eta legeak 0,001eko muga du ezarria.
«Hasteko, mugaren kontua oso eztabaidagarria da, zeren Osasunerako Munduko Erakundeak aholkatzen duen isuria hutsa da kasu honetan». Bareak gogorarazi du badirela biometatzen diren gaiak: merkurioa, esaterako. Urtetik urtera metatzen joaten da uretan, landaredian, animalietan, pertsonengan... Ez dira desagertzen. Antzera gertatzen da dioxinekin.
Beste kontu bat da nola egiten diren dioxina isurien kontrolak. Madrilgo (Espainia) Valdemingomez errauste plantaren kasua kontatu du Bareak, gertutik ezagutzen duelako: «Hileko lehen lauzpabost egunetan egiten dituzte neurketak, eta hortik batez besteko bat ateratzen dute». Hala izanik, enpresak egun horietan «kalitate handiagoko» gaiak erretzen dituela dio Greenpeaceko arduradunak. «Dagoeneko harrapatu dituzte egun horietan gasolioa bakarrik erretzen, labeak erauzten zituztelako. Egun horietan irazkiak garbitzen dituzte, eta ohi baino hiru aldiz karbono aktibo gehiago erabiltzen dute». Alegia, datuak «orrazteko» behar diren «trikimailuak» egiten dituztela dio Bareak. «Neur itzazu ohiko jardueran ari direnean, eta benetako datuak agertuko zaizkizu. Kontua da administrazioak ezin dituela dauden enpresa guztiak kontrolatu. Ezinezkoa da, eta fidatu behar dugu enpresen asmo onarekin».
Hala, erregistro honetan biltzen diren datuei horixe da falta zaien lehenengo gauza, Greenpeaceren ustez: sinesgarritasuna. «Izan ere,enpresa handiek nahi dutena egiten dute».
E-PRTR erregistroa Europako Batasunak estatuei eskatzen dien enpresa kutsagarrien bilduma da. 50 gai toxikoren isuriak kontrolatzen ditu, airera, uretara eta lurrera. Isuri muga bat ezartzen du, eta gainditzen duena erregistroan agertzera behartzen du estatuak. 2000. urtean egin zuten lehenengo erregistroa, EPER izenarekin.
Erregistroa egotea «ondo» dagoela uste du Bareak. Baina praktikan ezertarako ez duela balio iruditzen zaio. «Izan ere, gehiegizko isuria egin duten horiei zer gertatuko zaie? Ezer ez. CO2aren kasuan kalte-ordaina ordaindu beharko dute. Baina bentzenoa, kadmioa, beruna edota merkurioa isurtzeagatik?».
Greenpeacek uste du kontrol handiagoa behar dela. «Industriek erakutsi dute dirua egitea dela euren helburua eta berdin jarraituko dutela. Beraz, kontrol eta jarraipen zorrotzagoa behar da. Eta legea betetzen ez badute, bada, itxi ditzatela. Badakit ez dela oso ondo hartzen horrelakoak esatea. Baina kutsatzen ari direnak klima aldaketa eragiten ari dira, eta inguruan bizi diren pertsonen osasuna kaltetzen».
Azken erregistroaren datuen arabera, esaterako, azken hamarkadan zabaldu diren ziklo konbinatuko zentral termikoek (Castejon, Zornotza, Santurtzi eta Zierbenakoek) ia bost milioi tona CO2 isuri zituzten airera 2008an. Guztira, Euskal Herrian 30 milioi tona CO2 inguru isuri ziren airera urte horretan.
Berotegi efektua eragiten duten gasak
Klima aldaketa eragiten ari diren gasak ugari dira, eta enpresa kutsagarriek urtero igortzen dituzte tonaka atmosferara. Ondokoak dira haietako batzuk:CO2: Karbono dioxidoa da atmosferan kopuru handienean pilatuta dagoen gas kutsagarria. Gaur egun milioiko 390 partekoa (ppm) da atmosferan dagoen CO2 kopurua. XIX. mendearen erdialdetik gaur arte 110 ppm hazi da CO2 kopurua. Berotegi efektua eragiten duen gas ohikoena eta dokumentatuena.
CH4: Metanoa. Hidrokarburo alkanorik xeheena da. Landareen usteltzearen ondorioz sortzen da, prozesu natural batean. Zientzialariek diotenez, berotegi efektuko indar handiko gasa da. Alegia, CO2ak baino 25 aldiz handiagoko indar berotzailea du. Alabaina, 200 aldiz CO2 gehiago dago atmosferan metanoa baino.
NOX: Nitrogeno monoxidoa: tenperatura altuetako erretzean sortzen da. Prozesu industrialetan oso presente dago, eta enpresa kutsagarrienek eskainitako datuetan Europak ezarritako mugatik oso gora daude haren isurtzeak.
CO: Erretzeetan sortzen den toxizitate handiko gasa da. Oxidatzen denean, CO2 bilakatzen da, eta berotegi efektua eragiten du.
Enpresa kutsagarriak Hegoaldean
Greenpeacek 2008an egindako Contaminación en España (Kutsadura Espainian) txostenean Hego Euskal Herrikoenpresa hauek ageri dira:1. Atofina España SA. Hernani
2. Electroquimica. Hernani
3. Papelera Guipuzcoana Zicuñaga. Hernani
4. Leizaran. Andoain
5. Papelera de Amaroz. Tolosa
6. Papel. de Navarra. Zangotza
7. Pastguren S.L. Zalla
8.Aceria de Alava SA. Amurrio
9. Tubos Reunidos SA. Amurrio
10. Aceros Inoxidables Olarra SA. Loiu
11. Aceria Compacta de Bizkaia SA. Sestao
12. Nervacero SA. Trapaga
13. Aceria Perfiles Bergara SA. Bergara
14. GSB Acero SA. Legazpi
15. CAF SA. Beasain
16. Arcelor Olaberria SL. Olaberria
17. GSB Acero SA. Azkoitia
18. Arcelor Corrugagos Azpeitia SL. Azpeitia
19. Arcelor Alambron Zumarraga SA. Zumarraga
20. Productos Tubulares SA. Trapaga
21. Sidenor Indus. SL. Basauri
22. Refineria Petronor. Muskiz
23. Zabalgarbi. Bilbo
24. Rezola. Arrigorriaga
25. Rezola. Lemoa
26. Rezola. Donostia