Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako azalera erabilgarriaren %16 kutsatuta egon daiteke. Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak lurzoruaren kalitatearen gainean egindako azterketaren arabera, azalera erabilgarriaren %2,7 dago kutsatuta. Andeatzeren bat izan duten lurzoruak kontuan hartuz gero, %6,5era igotzen da ehunekoa. Horrek esan nahi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 3.120 hektarea lur erabilgarrik dutela kutsadura mailaren bat.
Jabetza publikoa duten lurzoru kutsatuak berreskuratzeaz arduratuko da Jaurlaritza, udalen laguntzaz. Jabetza pribatuko lurzoruei dagokienez, «kutsatzen duenak ordaindu behar du» araua aplikatuko dutela iragarri zuen Larrañagak. Lur Kutsatuen Legeak -2005ekoa da- ezartzen duenez, lurzorua berreskuratzeak dakarren kostua bere gain hartu behar du lurzoru horren jabeak. 25,5 milioi euroko aurrekontuak «kapital pribatua lurzoruaren berreskuratze jardueretara erakartzeko bokazioa» duela argi utzi nahi izan du sailburuak.
Edonola ere, Lurzoru Kutsatuen Plana ez da Jaurlaritzak lurrak garbitzeko bideratu duen lehendabiziko ekimena. 2000 eta 2006. urteetan kutsatutako 145 hektarea lur berreskuratu zituztela jakinarazi du Larrañagak.
INDUSTRIA JARDUERAK UTZITAKO ZAMA. Batez ere, 1970eko hamarkadatik aurrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan garatutako industria eta ekonomia jardueren ondorioa da lurzoruaren egungo kutsadura.Hala gogorarazi du Esther Larrañagak: «Industria astunak eta iraganeko ingurumen sentsibilizazio eskasak, potentzialki kutsatutako lurzoruen pasibo handia utzi digute».
Hori dela eta, jarduera horien kokaleku izandako lurrek kutsaduraren %75,5 hartzen dute. Bilboaldean ustez kutsatuta dagoen guztizko lurzoruaren %32,5 dago; Donostia aldean %30, eta Araba erdialdean %13. Sailburuaren arabera, Europako batez bestekoaren oso antzekoak dira hiru lurraldeotako portzentajeak. Jarduera industrialaren ondorioz, eta eraikuntzaren zein hirigintzaren garapenaren eraginez, hainbat elementu kutsakor agertu ohi dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurretan.
Lurzoruan eta lurpeko uretan metalak dira kutsatzaile ohikoenak; sarritan agertzen dira olio mineralak, hidrokarburo aromatiko poliziklikoak eta konposatu organiko aromatiko hegazkorrak ere. Elementu horietako batzuk toxikoak izan daitezke, hau da, gizakien osasunean ondorio larriak izan ditzakete. Planak «gizakien osasuna bermatzeko» xedea aipatzen duen arren, Eusko Jaurlaritzak ez du balizko kalte horiek ikertzeko eta tratatzeko neurririk abiatu.
HELBURUAK ETA PROGRAMAK. «Herritarrek lur garbiaz gozatzeko duten eskubideari» erantzuten dio Lur Kutsatuen Planak. Kutsatutako lurzoruen pasiboa aktibo bihurtzeko, lau helburu estrategiko ditu egitasmoak: lurzoruaren kalitatearen andeatzeari aurre hartzea, lurzoru kutsatuak berreskuratzea, erabiltzen ez diren eta kalitatea hondatua duten lurzoruak erabilera berrietara bideratzea, eta lurzoruak balorizatzea kutsatzen ez duten eta balio erantsi altua duten erabilerekin. Lurzoruak berrerabiltzeko baliabideen artean hirigintza azpimarratzen du planak, «lurzoru poluituen berrerabiltzea eta berreskuratzea errazteko», hain zuzen. Bestalde, «hirigintza interesik gabeko lurrei erabilera alternatiboak» emateko asmoa aipatzen du.
Helburuok gauzatzeko, bederatzi jarduera ildo eta hemeretzi ekintza zehatz jasotzen ditu planak, hiru programatan bilduta: Ezagutu, Eragin eta Ekin. Ezagutu programak ezagutzaren kudeaketa du helburu; hau da, lurzoruaren kalitateari buruzko informazioa biltzea, antolatzea eta kudeatzea, baita horren inguruko jakintza sortzea eta sentsibilizazioa zein prestakuntza areagotzea ere.
Eragin programak ingurumen organoen eta administrazioen arteko lankidetza baldintzak sortzea eta, indarrean dagoen legedia aplikatuz, ekintzak optimizatzea du xede. Programa horren barruko ekintzen artean dago, hain zuzen, «legea betetzen dela ziurtatzea». Azkenik, Ekin programak, lau helburu estrategikoak zuzenean betetzen laguntzen duten jarduera guztiak hartzen ditu bere barrenean.
«Kapital pribatua lurzoruaren berreskuratze jardueretara erakartzeko bokazioa dugu»
«Industriak eta ingurumen sentsibilizazio eskasak kutsatutako lurzoruen pasibo handia utzi digute»
esther Larrañaga
eusko jaurlaritzako ingurumen sailburua
Mundakako CO2 biltegiaren ekimenaren berri ez du Jaurlaritzak
Espainiako Gobernuak Mundakaren (Bizkaia) parean egin nahi duen ur azpiko CO2 biltegiaren inguruko jakinarazpenik ez du jaso Eusko Jaurlaritzak. Hedabideen bitartez izan dute ekimenaren berri; Espainiako Gobernuak ez die bestelako informaziorik igorri, ezta iritzirik eskatu ere. Egitasmoa Espainiako Gobernuaren eskumenen barruan dago, baina halakoetan ere, iritzia eskatu ohi dio Eusko Jaurlaritzari. Hartara, Ingurumen Saileko ordezkariak ez daude ados prozedurarekin, «gauzak egiteko modu egokiena» ez delakoan.Zentral termikoek isurtzen duten CO2a pilatzeko, Bizkaiko Itsasoko plataforma kontinentalean kilometro bateko sakoneran egongo litzatekeen biltegia eraikitzean datza Espainiako Gobernuaren proiektua; tokiei buruzko azterketa sakonak egitea falta zaio. Jaurlaritzako Ingurumen Sailak ez zuen atzo egitasmoari buruzko iritzirik eman nahi izan, ez baitzeukaten balorazioa egiteko behar zuten informazioa. Dena den, argitaratutako datuen arabera, «zalantza asko» dituztela onartu zuten, «teknologia hori ez dagoelako guztiz garatuta».