EUSKARA

Kutxabankek euskarari emandako tratua salatu du EHEk

Elkarteak kexa ugari jaso ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kutxek bat egin zutenetik, eta protesta kanpaina bat jarri du abian. Gipuzkoako Kutxako hizkuntza arduradunarekin bildu da EHE, eta kexak Kutxabankeko zuzendaritzara bideratzeko konpromisoa azaldu du. Bideoa: Xabat Laborde, bileraren ostean adierazpenak egiten. [Youtube]http://youtu.be/5Ep16YG4GwY[/Youtube]

2013ko maiatzaren 23a
17:14
Entzun

Vital Kutxak, BBK-k eta Kutxak bat egin eta Kutxabank sortu zutenetik hizkuntzaren inguruko kexak ugaritu egin direla antzeman du Euskal Herrian Euskaraz-ek. Egoeraz ohartarazteko, Kutxak Donostian duen egoitza nagusian izan ziren atzo EHEko lau kide, eta erakundeko hizkuntza kudeatzailearekin batzartu ziren.

EHEk egoeraren irakurketa azaltzen zion agiri bat eman zion Kutxako arduradunari, eta ordubetez egon ziren bilduta. "Bere aldetik, jarrera adeitsuarekin, gure salaketa Kutxabankek Bilbon duen zuzendaritzara igortzeko konpromisoa iragarri zien euskaltzaleei", azaldu du EHEk.

Besteak beste, kritikatu dute bezeroei arreta eskaintzeko postuetan erdaldun elebakarrak diren langileak ezarri dituztela eta kutxa automatikoetan gaztelania lehenetsi dela.

"Urte luzeetan Gipuzkoako Kutxan garatutako euskara planaren ondorioz lorpen esanguratsuak egin ziren euskaldunok aurrezki kutxarekin dugun harremana arlo guztietan euskaraz izatea ahalbidetzeko bidean. Baina kutxen bateratzearekin egindako lan guztia bertan behera geratu da", gaineratu du.

Ez da elkarteak egindako protesta bakarra. Gipuzkoako hainbat herritan —Zarautz, Errenteria, Donostia, Villabona, Oiartzun eta Arrasate, adibidez— salaketa ekintzak egiten ari dira aste honetan. Helburua "herritarrei euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketa hau salatzera deitzea" da. Horretarako, hainbat ekintza ari dira egiten: herritarrei informazioa banatzea, euskaraz artatzen ez dituzten bitartean bulegoetako ilarak blokeatzea, urraketak jasan dituztenei salaketak egin ditzaten galdegitea, bulegoak euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketen kontrako mezudun kartelez jostea...

"Bereziki azpimarratu nahi dugu ekimen honen helburua herritarren aktibazioaren bitartez entitateari ahalik eta kexa gehien helarazi eta Kutxabankek euskara eta euskaldunokiko duen jarrera aldaraztea eta bertan ere euskaraz bizi ahal izateko beharrezkoak diren neurriak har ditzaten eragitea dena", azaldu du EHEk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.