LABek ere uste du erabaki "historikoa" hartu duela ETAk. "Konponbidearen alde gaur arte egin den urratsik garrantzitsuena da". Prozesu demokratikoak "gatazka politikoa gainditu" behar dituela iritzi dio, eta independentziaren alde egin du: "Indepedentziaren alde borrokatzea erabaki genuen, eta independentziaren bidea egitea da gure erabakia. Ez dago herritarren indarrarekin egingo dugun bide hau geratzerik. Bagoaz! Ez izan zalantzarik".
Sindikatuak agerraldia egin du gaur Donostian.
LABen adierazpena, osorik
"ETAk erabaki historikoa hartu du. Euskal Herrian eta bi Estatuetan garai berri bat irekitzen duen urrats historikoa eman du. Aro berria ireki du ezker abertzalean ere. ETAk borroka armatua behin betirako utziz konpromiso argi eta irmoa bereganatu du gatazka politiko eta armatua gainditzea ekarri behar duen prozesu demokratikoarekin; konponbidearen alde gaur arte eman den urratsik garrantzitsuena da LABen iritziz.
Aukera historiko bat ireki da Euskal Herriarentzat, guzti-guztiok erantzukizun osoz aritzera behartzen gaituena. Horrela heldu nahi dio LAB sindikatuak egoera berri honi. Prozesu honetan hartu ditugun konpromisoak berresteko eta indartzeko momentua dela iritzita biltzen da gaur gure zuzendaritza organo nagusia. Euskal langile guztiei dei egiten diegu prozesu honetan parte hartu dezaten, esku artean dugulako hainbeste borrokatu, eskatu eta desiatu dugun bake justu eta demokratikoa eraikitzeko aukera.
LABetik, hau da egoeraz egiten dugun irakurketa:
Euskal gatazka behin betirako konpondu behar duen prozesu demokratikoa abian da. Gatazkaren betikotzean gotortu nahi ziren estatuen posizioa gainditu dugu. Estatuek ezin izan dute aukera hau irekitzea ekidin, hasiera hasieratik erasotu eta oztopatu duten arren. Kontra, gobernuen blokeo estrategiaren gainetik zabaldu dugu garai berria eta horrek balio eta garrantzi gehiago ematen dio egin dugunari, prozesu honekin konpromisoak hartu ditugunok egin dugunari.
Gatazka politikoa eta armatua gainditzeko prozesu demokratikoa errealitate bat da, eta ezinbestekoa da konponbidean protagonistak izan behar diren guztien esku hartzea. Alde askotako konpromisoak hartzeko momentua da. Honen aurrean entzungor jarraitzen duena errealitate politikotik kanpo dago.
Gobernu espainiar eta frantziarrak erantzun bat eman behar diete euskal herritarrei. Nazioartetik egin zaie deia, hor dago ETA erakundearen eskaintza. Baina gu gara, euskal herritarrak gara, lehenengo pertsonan erantzun argi eta garbi bat eskatzen dugunak: konponbidearen alde egiten duzue behingoz edo konponbidearen kontra jarriko zarete berriro ere. Okertu egingo da eztabaida hau saiestu daitekeela pentsatzen duena. Oker dabil gaurko egoera benetan zein den jendarteari ezkutatu nahi diona.
Euskal Herriak behar eta nahi dituen konponbideak eraikitzeko urratsak emateko garaia da, horregatik dago prozesu hau martxan, hori da urrats historikoak ematea ekarri duena. Estrategia berriak behar dira behin betiko konponbide politkoak eraikitzeko. Horrela ulertu zuen ezker abertzaleak, eta hori da egoera guztientzat. Porrot egin dute gatazka ukatzen zuten estrategiek, baita gaurko egoera aldatu gabe gatazka indargabetzea bilatzen zutenek ere.
Euskal Herriak bere bidea egiteko aukera izan behar du. Herritarrei hitza emanez eta euskal herritaren hitza errespetatuz egin behar den bidea. Biolentziarik, ingerentziarik eta inposatutako mugarik gabe egin behar den bidea. Aukera hori ukatzeari uztea da Estatu biek eman behar duten urrats historikoa.
Bizi dugun egoerari sakonean begiratuz exijitzen diegu gobernu biei gaur arteko estrategiak aldatu ditzaten. Aukera hau ez da edozein momentutan sortu. Estatu espainiarra krisi gordin baten erdian dago. 78an finkatutako ereduak bereak eman ditu, lurralde eredua eta eredu ekonomikoa ezinbestez berritzea eskatzen duen krisi politiko eta ekonomiko baten erdian daude. Madrilgo Gobernuaren esku dago neurriko estatu erabakiak hartzea eta inoiz ez bezalako aukera du krisiari ariketa guztiz demokratiko batekin erantzuteko: euskal herritarroi hitza emanez gainditzea behingoz egiturazkoa duen lurralde ereduaren arazoa.
Garai berria ireki da Euskal Herrian. Ez da ekimen bakar baten ondorioa izan, Euskal Herrian nagusitu den bidearen emaitza baizik. Ezker abertzalearen ekimenak, nazioarteko komunitateko eragileek hartutako jarrerak eta, oro har, euskal eragileek eta jendarteak eman urratsek ireki dute garai berri hau. Eta horiek guztiak izango dira gaur eskutan dugun aukera historikoa aurrera aterako dutenak. Ukazioaren eta zatiketaren zikloa behin betirako atzean utzi behar dugu, eta guri dagokigu aitortzaren eta errespetuaren zikloa behingoz irekitzea. Gure esku dago bide hori egitea, gure esku bide hori egiteko ezinbestekoak diren akordioak eraikitzea. Euskal gatazka behin betirako gainditzea ekarriko duen akordio demokratikoa adosteko momentua da. Elkarrizketak, negoziazioak eta adostasunak lortzeko konpromisoak izan behar dira garai berri honen ezaugarri nagusiak.
Garai berriak bizi ditugu, baina zalantzarik ez izan gauza bat ez dela aldatuko, ez dugula aldatuko: Euskal herritarren indarra, konpromisoak bereganatzeko eta antolatzeko prestutasuna eta borroka egiteko gaitasuna izango dira bide honetan aurrera egitea ekarriko dutenak.
Gaurko egoera ez demokratikoa bide politiko eta demokratikoetatik eraldatzea erabaki dugu. Eta bide honetan ere, borrokak ez du ordezkorik. Borroka politikoa, sindikala, instituzionala eta soziala. Euskal Herriko gizon eta emakumeon borroka ukazioa gainditzeko, hor dago gatazka hau konpontzeko giltzarria.
Estatuen blokeo estrategia gainditu dugu, ukazioaren estrategia gainditzea da aurrez aurre gaur dugun erronka. Indepedentziaren alde borrokatzea erabaki genuen, eta independentziaren bidea egitea da gure erabakia. Ez dago herritarren indarrarekin egingo dugun bide hau geratzerik. Bagoaz! Ez izan zalantzarik".
2011ko urriak 21, LAB