Gazte bi labankadaz zauritu zituzten atzo Plentziako (Bizkaia) jaietan, eta beste bat botila batekin kolpatu zuten buruan. Labankadak jaso dituzten gazteak ospitaleratu egin behar izan dituzte; horietako bat, zauri larriekin. Zaurituetako bi elkarren kontra borrokan aritzeagatik atxilotu zituen Poliziak lehenbiziko istiluan. Handik ordu erdira, gazte batek labanaz eraso egin zion beste bati. Istilu biak atzo goizaldean gertatu ziren.
Larrien dagoen gaztea bularrean sastatu zuten, barraken inguruan zegoela. Larri eraman zuten erietxera. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, erasoa izan eta denbora gutxira, Ertzaintzak gazte bat atxilotu zuen, erasotzailea delakoan. Adingabea da atzemandako mutila, 16 urtekoa.
Ordu erdi lehenago, 02:30 inguruan, Ertzaintzak beste gizon bi atxilotu zituen, borrokan aritzeagatik eta elkarri erasotzeagatik. Plentziako Ontziola Plazan gertatu zen. Horietako bat Gurutzetako Ospitalera (Barakaldo, Bizkaia) eraman behar izan zuten, sorbaldan labankada zauriak zituela. Han ospitaleratu behar izan dute. Liskarrean parte hartuzuen beste gizonak buruan zituen zauriak, botila kolpe bat jaso zuelako. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, 24 eta 30 urteko gizonak elkarri erasotzeagatik eta lesio delituagatik atxilotu dituzte.
Labankadaz gazte bi zauritu dituzte Plentziako jaietan
Zaurituetako bat larri eraman dute erietxera; Ertzaintzak hiru lagun atxilotu ditu festetan izandako bi borrokatan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu