Adinekoen tratu txarrrak sahiesteko neurriak eskatu ditu LABek Donostian egindako prentsaurrekoan gaur, "arazoak" ez direlako "erretiroarekin amaitzen". Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren 60 urtetik gorako 13.000 lagunek nolabaiteko jazarpena jasaten dutela salatu du, izan fisikoa, psikologikoa, ekonomikoa edo sexuala. Biktimen %72 emakumeak direla esan du.
Botere publikoei "kanpainak baino gehiago" egitea eskatu die. Laguntza sozial eta ekonomikoak emateko ere eskatu du, "unitate familiarraren menpe egon gabe". Gaineratu du adinekoek "dohako eta kalitatezko egoitza" izateko eskubidea dutela baita erretiro "propio" bat izatekoa eta gizarteko erabaki ezberdinetan parte hartzekoa.
Egiten diren ikerketak "partzialak" direla adierazi du LABek; "ez dute adineko emakumeek jasaten dituzten tratu txarren egoeren jatorria kontutan hartzen".
60 eta 74 urte artean dituzte lau biktimatik hiruk. Erdiak baino gehiagok tratu txar psikologikoak jasaten ditu, eta laurden batek indarkeria fisikoa pairatzen du.