LABek ekainaren 5eko Iruñeko ekitaldia «mugarritzat» jo du

Anaitasuneko ekitaldi nazionalean aukera independentista indartzeko beharra aldarrikatuko du

joxerra senar
Iruñea
2010eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
«Indar erakustaldia» egin nahi du LAB sindikatuak, eta horretarako datorren larunbatean, ekainaren 5ean, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian ekitaldi nazionala egingo du. Sindikalgintzaren orain arteko jardueran ekitaldi hori «inflexio puntua» izatea bilatuko du LABek. «Iruditzen zaigu sindikalgintzak beste urrats bat egin behar duela eta argi eta garbi planteatu behar duela zein den aldaketa sozial eta politikorako bidea», azaldu du Igor Arroyo LABeko Nafarroako koordinatzaileak. Ekitaldian, Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak aldaketaren hurrengo faserako LABen proposamena publiko egingo du: «LAB prest dago konpromisoak hartzeko baina sindikalgintza osoak hausnartu behar du eta urratsak egin».

LABek inoiz ez du ekitaldirik egin Anaitasunan eta, horregatik, Arroyok nabarmendu du LABentzat erronka badela kiroldegia betetzea. Etxaidek egingo du hitzaldi nagusia, baina Greziako Pame sindikatuko ordezkaritza batek ere parte hartuko du: «Garrantzitsua da ikusteko beste eredu baten alde egiteko bidelagun ditugula Europako beste sindikatu batzuk».

Ezker abertzalearen apustua

Iruñean eskainitako prentsaurrekoan, egungo errealitateari buruz Anaitasunan ezagutaraziko duten LABen irakurketa aurreratu du Javi Garnikak. Batetik, ezker abertzalearen barne eztabaidak ezarritako ibilbidean, egungo egoera zer fasetan dagoen aztertuko du. Bestetik, krisiaren ondorioz Espainiatik zein Europatik ezarritako neurriek erakutsi dute gobernuetako «gestoreen aldetik» gabezia handia dagoela beste eredu baten alde egiteko.

Gauzak horrela, LABek oso argi du egungo egoeran zer egin behar duen sindikalgintzak: batetik, aukera independentista indartu, eta bestetik, aukera hori ahalbidetuko duen aldaketa politikorako urratsak egin. Mezu hori xehetasun handiagoz ezagutaraziko dute ekainaren 5ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.