Alor publikoan greba Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere egiteari ez dio atea itxi LAB sindikatuak. ELAk eta EILASek atzera egin dute, eta, lanuztearen ordez, mobilizazio eguna antolatu dute hilaren 31rako —Nafarroan ez, han grebari eutsi diote—. LABek bilera egin zuen egoera aztertzeko atzo, eta aurrera egiteko prest dagoela berretsi zuen. ELAren eta EILASen jarrera ez duela ulertzen azaldu du sindikatuak ohar baten bidez: «Bertan behera uztea erasoei eman beharreko erantzunaren aurkakoa da». Greba aurrera ateratzeko «lanean» ari dela azaldu du LABek, baina ez du argitu deialdiari eutsi egingo dion edo ez. Astearterako deitu dituzte komunikabideak; orduan adieraziko dute zer egingo duten.
Eusko Jaurlaritzaren jarrerak hautsi du sindikatu abertzaleek greba egiteko zuten adostasuna. Osasunean eta hezkuntzan Espainiako Gobernuak agindutako murrizketak ez dituela ezarriko hitzeman du Patxi Lopezen gobernuak. Sinesgarritasun gutxi eman diote iragarpen horri nola ELAk eta EILASek hala LABek. Zein erantzun eman, horretan dute desadostasuna: murrizketak ezartzen hasi arte grebarik-eta ez egitearen aldeko dira ELA eta EILAS; LABek uste du badaudela lanuzterako arrazoiak jada.
LABek asteartean jakinaraziko du azken erabakia. Beste deitzaileak, ESK-k, etzi da erabakitzekoa hilaren 31ko deiari buruz.
Zelaa: lantaldeak, «normal»
Murrizketarik ez dutela egingo berretsi zuen atzo ere Isabel Zelaak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Lantaldeak antolatzean nola jokatuko duen galdetu zion EAJk Eusko Legebiltzarrean. «Normaltasunez, ohiko irizpideak eta epeak kontuan hartuta» egingo ditu zerrendak Hezkuntza Sailak, Zelaaren arabera.
Itunpeko ikastetxeekin zer gertatuko den argitzeko dago, hala ere. Protestan hasita daude sindikatuak. Negoziatzen urtarriletik ari dira, eta, sailburuaren esanetan, hurrengo lau urteetarako irizpideak zehaztuko dituzte.
Madrilek agindutako murrizketen aurka helegitea jarriko duela iragarria du Jaurlaritzak. Ez du oraindik ipini. Hori dela eta, kargu hartu zion atzo Arantza Aurrekoetxea jeltzaleak Zelaari: «Autogobernuaren defentsak ezin du hauteskunde aurreko kanpainako aldarrikapen huts bat izan».
LABek esan du hilaren 31ko grebaren alde segitzen duela
ELA eta EILASek atzera egin ostean zer egingo duen ez du esan LABek; «lanean» ari da lanuzte deiak aurrera egin dezan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu