LAB-Seaskak ordezko irakasleek pairatzen duten egoera salatu du. Sindikatuak azaldu du irakasle batzuek ez dutela soldata finkorik, eta administrazioak hilabeteko atzerapenez helarazten dizkiela agiriak, neholako azalpenik eman gabe. Batzuetan gutxiegi ordainduz, besteetan gehiegi eta gero dirua itzultzea eskatuz, hainbat eragozpen eragiten dizkie. Irailean, Seaskak 53 ordezko zituen. Gutun bana igorri diete Akademiako errektoreari eta Frantziako Hezkuntza ministroari. Ez dute erantzunik jaso.
Katixa Lizanten kasua dela-eta izenpetze bilketa abiatu dute, haren egoera konpon dadila eskatzeko. Lizant ordezkoa da Seaskan 2008tik. Ez du ordainketa egun zehatzik, ezta eta hilabete sari finkorik ere. Hainbat hilabetez administrazioak gehiegi ordaindu zion, eta, hark jakinarazi arren, ez zuten egoera konpondu. Geroan diru hori itzultzeko eskatu diote. Alta, gehiegi ordaintzearen ondorioz, gizarte laguntza guztiak galdu zituen, eta, gainera, irabazi baino askoz gehiago aitortu behar izan zuen zergetan.
Bertze irakasle anitzek bezala, Frantziako Dordogne departamenduan biltzen diren zerbitzuekin harremanetan jarri zen Lizant, baina erantzunik gabe. Hori dela eta, auzira eramango dute Frantziako Hezkuntza Ministerioa.
Auzitara
Langileak pairatzen duen eskubide urraketasalatu du LABek. Auzitegi arruntak administrazioaren alde ebatziko duela uste dutenez, hobetsi dute eragindako kalteengatik auziperatzea. «Prozedura luzea da eta bizpahiru urte iraun dezake, egoera prekarioan dagoen langile baten errealitatea zailagoa bihurtuz oraindik» erran du Pantxin Duhart LAB-Seaskako ordezkariak. Irabaziko dutela uste duten arren, auzibideak luze joko du. Horregatik, egoera ahal bezain laster konpontzeko eskatu diote Frantziako Hezkuntzari. Azken lau urteetan Lizantek egiazki irabazi duenaren bilduma helarazteko eskatu du sindikatuak, eta administrazio zerbitzuekiko komunikazioa ez moztea.
Seaskako ordezko eta tituludun hogei bat irakasle presente egon ziren agerraldian, Lizanten sostenguz. Kasu larriena bada ere, ordezko irakasle gehienek arazoak dituztela azpimarratu zuen Amaia Bidegainek. Adibide gisa aipatu zuen irailean ez direla ordainduak, geroago baizik. Administrazioari eskari bat egiten diotelarik, ordain agiri bat edo bertze dokumenturen bat eskAtzeko, hiru astez itxaron behar dute erantzuna jasotzeko.
LABek eskatu dio Frantziari ordezko irakasleen egoera konpontzeko
Seaskako ordezko irakasleek ez dute soldata finkorik, eta «edonola» ordaintzen die administrazioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu