LAB eta ESK sindikatuek hedatu egin dute Osakidetzako hautaprobekin lotuta fiskaltzaren aurrean jarri zuten salaketa. Beste zazpi espezialitatetan irregulartasunak izan direla adierazi diote fiskaltzari. Irregulartasun horiek estatistikoak eta azterketa egin duten pertsonei lotutakoak direla azaldu dute, eta ondorengo espezialitateei dagozkie: kirurgia orokorra, otorrinoa, lan medikuntza, urologia, neurokirurgia, anatomia patologia eta traumatologia.
EAEko Auzitegi Nagusian agerraldia egin dute bi sindikatuek hartu duten erabakiaren berri emateko. Hedabideen aurrean zehaztu dute guztira 19 direla sindikatuen ustez susmopean dauden espezialitateak. Ekainean jarri zuten salaketan hamabi espezialitateei dagozkien irregulartasunak salatu zituzten. Ordutik, baina, informazio gehiago bildu dute eta salaketa beste zazpi espezialitate gehiagotara zabaldu dute.
Sindikatuen esanetan, espezialitate horien azterketetan emaitza "erabat ezohikoak" izan dira. Bildu duten azken informazioei esker, filtrazioen jatorria izan daitekeenera hurbiltzen ari direla adierazi dute.
LABen eta ESKren iritziz, Osakidetzak abian duen barne ikerketak ez du inolako sinesgarritasunik. "Sekula ikusi gabekoa da ikerketa hori epaimahietako kideek egitea eta ikerketa horien ondorioak ikertuak diren epaimahaien esku uztea, zer egin behar den edo zer ez den egin behar erabaki dezaten. Osakidetzak susmopean dauden epaimahai horien erabakiak betetzen ditu; ikertu nahi dena argitu beharrean, gordetzea gehiago bilatzen duen ikerketa da", adierazi du Jesus Oñate LABeko ordezkariak.
ESKko Patxi Nicolauk gaitzetsi egin du Osakidetzak irregulartasunak salatu dituzten kideak fiskaltzaren aurrera eraman izana. Horiek gaizkiletzat hartzea leporatu dio Osakidetzari.
Ikerketa legebiltzarrean
EH Bilduk ikerketa batzordea eratzeko eskatuko dio Eusko Legebiltzarrari, Osakidetzako hautaproben afera azter dezan. Maddalen Iriarte koalizioaren bozeramaileak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean jakitera eman duenez, EH Bilduk proposamena aurkeztu du jada legebiltzarreko mahaian —15 legebiltzarkideren sinadura behar ditu talde batek proposamena aurkezteko, eta EH Bilduko 18 legebiltzarkideek sinatu dute—.
Eskari hori legebiltzarraren osoko bilkurak eztabaidatu beharko du batzordea eratzea onartzen duen ala ez erabakitzeko.
Proposamenak nahikoa babes lortzea espero du Iriartek. EH Bilduko bozermaileak ez du uste Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdiek —EAJk eta PSE-EEk— eskaria onetsiko dutenik, eta Elkarrekin Podemosi eta PPri egin die dei proposamenarekin bat egitera.
Elkarrekin Podemosek ohar bidez jakinarazi du babestu egingo duela EH Bilduren proposamena, eta ikerketan "amaierara arte" iristeko asmoa agertu du. "Darponek batzordean eman zituen azalpenak ez zuten inor konbentzitu. Agerikoa da EAJ eta PSE-EE ez daudela Osakidetzako azterketen filtzazioei buruzko egiazko ikerketa bat bultzatzeko. Horregatik uste dugu Eusko Legebiltzarrak egin behar duela ikerketa, adierazi du Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Tinixara Guanchek.
PPk ere gaur bertan erantzun dio EH Bilduren deiari. Adierazi duenez, "baliabide guztiak" erabiltzeko prest dago Osakidetzako hautaprobetan zer gertatu den ikertzeko.
Iriarteren esanetan, Osakidetzako hautaprobetan "zerbait oso larria" ari da gertatzen eta Jaurlaritzaren jokabidea "oso itxusia" izaten ari dela adierazi du. Hainbat medikuk eta sindikatuk "iruzurra" salatu eta Jon Darpon Osasun sailburuak "arazo bat" badela aitortu ondoren, Iriartek beharrezko jo du "zer gertatu den argitzea".
Joan den astean, lau espezialitatetako hautaprobak ikertzea agindu zuen Osakidetzak. Aurretik, beste lau espezialitatetako hautaprobak geldiarazi zituen, eta horietako hiruren azterketak berriz egingo zirela jakinarazi zuen. Horrez gain, Osakidetzak oposizioetako epaimahaikide bati espedientea zabaldu diola jakin zen joan den ostiralean.
Osakidetzako hautaprobetan "aukera berdintasuna" bermatzeko neurriak eskatu ditu Iriartek, eta horretarako hautaprobak egiteko modua "errotik" aldatu behar dela ziurtatu du. "Hau ez da batzuen herria. Guztion herria da", adierazi du.