Haur Hezkuntza eta unibertsitate arteko hezkuntza ziklo guztietan eragina izango lukeen greba bat egitea ez du baztertu LAB sindikatuak. Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua hezkuntzan egiten ari diren murrizketen aurkako greba. Jon Urrusolok, LABeko hezkuntza alorreko arduradunak, uste du hezkuntzako sektore guztietan eragina izango lukeen greba hori ahalik eta «bateratuena» izan beharko lukeela. Horrez gain, langile guztiengan eragin beharko lukeela gaineratu du.
Nafarroako sindikatuak izan dira ikasturte hasieran gehien mobilizatu direnak. Murrizketen ondorioz 200 lanpostu baino gehiago galdu direla salatu dute Nafarroako irakasle ez unibertsitarioen batzordeko sindikatu guztiek. Murrizketak «gora doazela» gaineratu dute, eta horien aurka protesta egiteko bi orduko lanuzteak egingo dituzte gaur Nafarroako hezkuntza maila guztietan, unibertsitatean izan ezik. Aurreko astean hasi zituzten mobilizazio horiek, eta etziko egun osoko greba iragarri dute sindikatuek.
EAEn ere Eusko Jaurlaritzaren murrizketa politika salatu dute EILAS, LAB eta ELA sindikatuek, eta manifestazioak iragarri dituzte etziko. Hezkuntzako langileoi erasorik ez! Kalitatezko hezkuntza eta zerbitzu publikoen alde! lelo hartuta, 18:30ean manifestazioak egingo dituzte Gasteizen, Bilbon eta Donostian.
Mobilizazioetan parte hartzera dei egin die LABek ikastoletako langileei. Ikastolek zerbitzu publikoa eskaintzen dutela arrazoitu du Urrusolok, eta Eusko Jaurlaritzak egindako murrizketen ondorioak azaldu ditu: «Erabaki politiko atzerakoi horrek ageriko kalteak ekarri ditu zerbitzu publikoaren eskaintzan eta ezaugarrietan». Mobilizazio horietan irakasle, ikasle eta gurasoen parte hartzea eskatu du, «egoerari buelta eman ahal izateko».
Eusko Jaurlaritzak ikastoletako Haur Hezkuntzako lehen zikloko finantzaketa %15 murriztu duela jakinarazi du, baita langileen soldatak jaitsi ere. Langile publikoek izandako murrizketa bera izan dutela gogorarazi du LABek, nahiz eta horiekin alderatuta oinarrizko soldata %5 txikiagoa duten. Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren erabakien oinarrian formula bera dagoela salatu du: «soldatak murriztu eta lan karga handitu».
«Konexio falta»
Nafarroako gizarteak kalitatezko hezkuntzaren alde zabaldutako mezu «argi eta garbia» entzuteko eskatu diote Bilduk eta NaBaik Nafarroako Gobernuari. Milaka eta milaka pertsonak hezkuntzako inbertsioari eusteko eskatu zioten larunbatean egindako manifestazioan, eta aurrekontuak egiterakoan eskari hori aintzat hartzeko galdegin dute. «Herritarrek nahi dutenaren eta gobernuak egiten duenaren arteko konexio falta dago», salatu du Maiorga Ramirez Bilduko bozeramaileak.
Hezkuntzako murrizketak «bidegabeak eta atzerakoiak» direla nabarmendu du Patxi Zabaletak, NaBaiko bozeramailea Nafarroako Parlamentuan. Ordea, murrizketa horiek aurrekontuetan ere justifikatuta ez daudela gaineratu du. Nafarroako Gobernuak aurkeztu dituen aurrekontuen datuen eta Espainiako Ogasun Ministeriora bidali dituenen artean 400 milioi euroko aldea dagoela jakinarazi du Zabaletak; Espainiako Gobernura bidalitako datuetan 400 milioi gehiagoko diru sarrerak aurreikusi ditu. «Kontraesan horrek justifikatu beharko luke larunbatean entzun zen aldarriari kasu egitea».
Etorkizuneko gizarte politikak zehazten ari diren unean gaudela gogorarazi eta defendatu du Ramirezek. Alor horretan gizartearen iritzia agerian geratu dela uste du, eta iragan larunbateko manifestazioa horren adibide dela azaldu du. Dena den, aurrekontuen legegai zirriborroan Nafarroako Gobernuak azken hilabeteetan jarraitu duen gizarte zerbitzuen murrizketa politika ikus daitekeela salatu du Ramirezek.
LABek ez du baztertzen hezkuntzako ziklo guztietan grebarako deia egitea
Nafarroako herritarren mezu «argi eta garbia» entzuteko galdegin diote gobernuari Bilduk eta NaBaik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu