Hezkuntza

LABek lan kargak eta ratioak jaistea eta ikastetxeak «beharrezko giza baliabideez hornitzea» eskatu du

Steilasen irudiko, Eusko jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jarritako baliabideak ez dira nahikoa izan.

Hezkuntzako langileen greba, irailean. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko ekainaren 30a
13:37
Entzun

Gogorra eta berezia. Horrelakoa izan da LAB sindikatuaren hitzetan 2020-2021eko ikasturtea hezkuntzako langile guztientzat. Hori horrela, langile kolektibo guztietan eta hezkuntzako sare desberdinetan «lan hitzarmen duinak eta bermedunak» lortzea jarri dute jomugan.

Gogorarazi dutenez, mobilizatzen hasi zuten ikasturtea, «aurrez aurreko hezkuntza segurua eta adostua erdiesteko baliabideak eskatuz». Behin ikasturtea hasiera pasatuta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin irakasle, heziketa bereziko eta Haurreskolak partzuergoko lan hitzarmen berrien negoziazio fasea ireki zen, azaldu dutenez. Halere, kritikatu dute oraindik sukaldarien eta garbitzaileen negoziazioak ireki gabe jarraitzen duela.

LABek dagoeneko finkatuta ditu aurrerantzean eman beharreko pausoak. Langile kolektibo guztietan lan kargak eta ratioak jaistea eta ikastetxeak beharrezko giza baliabideez hornitzea eskatu dute, baita partzuergoko haur eskolak doakoak izatea eta 0-3 urteko etapa publikoa Hezkuntza Sailean integratzea ere. Gainera, besteak beste, irakasleei eta hezitzaileei Ikasleekin arreta zuzeneko orduak murriztea, euskararen biziberritzerako planak eta hauek burutzeko hezitzaileak, murgiltze eredua herri guztietan eta etapa guztietan ezartzea, lana eta bizitza pertsonala uztartzeko kontziliazio eta bateragarritasun neurri zehatzak eta enplegua sortzeko eta egonkortzeko neurriak nahi dituzte.

Hezkuntza Sailarekin dituzten harremanez harago, balioa eman nahi izan diote Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastoletan 2021eko lan hitzarmen berria idazteko Ikastolen Elkartearekin eta Eusko Ikastola Batzarekin sinatu duten akordioari. Aldiz, gizarte ekimeneko ikastetxeei dagokienez, ikasturtea «gogorra bezain gatazkatsua» izan dela azpimarratu dute.

«Ahaleginak ez dira nahikoa izan»

Ikasturtea bukatu berritan, Steilasek ere egin du balorazioa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikasturte «zaila» izan delakoan daude, eta, haien hitzetan osasun larrialdiak hezkuntza publikoaren garrantzia nabarmendu badu ere, «honek ez du eraginik izan ez baliabideetan ezta hezkuntza publikoan egin den inbertsioan ere».

Ikasturtean zehar hezkuntzako langileek egin duten lana azpimarratu dute: «Hezkuntza zentroetan eta haur eskoletan egoerak okerrera egin ez badu, bertako langileek egindako esfortzu eta lan ikaragarriaren ondorioa izan da». Hezkuntza Sailaz egindako balorazioa, berriz, bestelakoa izan da: «Ahaleginak ez dira nahikoak izan: baliabideak berandu iristeaz gain, eskasak izan dira, ratioak ez dira sekula jaitsi, ezjakintasuna eta inprobisazioa etengabekoak izan dira, eta gaur-gaurkoz oraindik txertaketaren inguruko argibideen zain gaude».

Nafarroan, berriz, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari egotzi diote «propaganda ausarki» erabili duela, «zenbait datu ezkutatzeko». Euskarazko eskaintza eta 0-3 urteko etapa jarri dituzte adibidetzat, besteak beste. Steilasen arabera, Gimenok euskarazko hezkuntza eskaintza bermatua dagoela esan zuen, baina sindikatua ez dago ados: «Hori ere ez da egia, eta hutsuneak daude etapa guztietan eta lurralde osoan». Haur eskoletan, berriz, ordaindu beharreko zenbatekoa jaitsiko zutela iragarri zuen, sindikatuaren arabera, «baina ezin zaie aplikatu familia gehienei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.