LABek nabarmendu du "subiranotasunak indarra hartu duenean" iritsi dela akordioa

2013ko irailaren 10a
16:11
Entzun

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak adierazi du Euskal Herrian “subiranotasunak indarra hartu duenean” iritsi dela bi alderdien arteko akordioa. Eta helburua euskal gizarteak eskatzen duen aldaketari harresia eraikitzea dela uste du.

LABen iritziz, akordioa “ezer ez aldatzeko eta aurrekontuak egin ahal izateko” egin dute. Edukiek ezer berririk ez dutela, eta politika eta formulak aldatuko ez direla uste du Etxaidek. “Subiranotasunak indarra hartzen duenean, eszenatoki berriak agertzen direnean, aldaketen aukerak errealak direnean eta aukeratu egin behar denean, akordio hau agertzen da; gizarteak eskatzen duen aldaketarako harresia izango dena”.

Uztailaren 7an errealitatea aldatu egin zela, eta ekimen berriak egin behar direla nabarmendu du. “Ekimen berriak behar dira langileen lan baldintzen eskubideen defentsan”.

Eusko Jaurlaritza

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak adierazi du EAJ eta PSE-EEren artean egindako akordioak Jaurlaritzari “beharrezko egonkortasuna” ematen diola bere “konpromisoak” garatzeko. “Behin sinatuta, egonkortasunezko beste garai batean sartuko gara, Euskadirentzat positiboa izango da, baita gainontzeko herritarrentzat ere”, erantsi du.

“Euskadirentzat albiste paregabea” dela nabarmendu du Erkorekak. Horrez gain, ziurtatu du PSE-EErekin harremana “errazten” duela akordioak. “Gobernuari begiratzen dio akordio honek”, azaldu du. Baina gainerako alderi politikoetara proiekzioa ere baduela esan du.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Larraitz Ugartek, berriz, adierazi du “arduratuta” dagoela EAJ eta PSE-EEren akordioagatik. Uste du helburua Gipuzkoako erreforma fiskala “geratzea” dela. Hala ere, akordioari buruz hitz egitea zaila iruditzen zaio emandako azalpenak ez direlako “batere zehatzak”.

“Denbora gehiegi pasatu dute hain gutxi zehazten den dokumentu bat adosten”, esan du. "Betiko eredura" itzultzea dela uste du, “betiko errezetak erabilita”. Horrez gain, ziurtatu du Gipuzkoako errealitatean EAJren eta PSEren arteko akordioak ez duela inolaz ere ordezkatzen lurraldearen gehiengoa.

ELA

Informazioa gorde izana egotzi die bi alderdiei ELA sindikatuak, eta eskatu die akordio osoa publiko egiteko. "Onartezina da EAJk eta PSE-EEk jokatzeko duten era; kopuru handien berri ematen dute balorazioak egiteko behar adina informazio eman gabe".

ELAk nabarmendu du jarrera hori Gobernuek beren "propagandarako" erabiltzen dutena dela. Eta helburua eztabaida saihestea dela uste du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.