ELA ez eta LAB bai, baina “baldintzatuta”. Nafarroako Gobernuak SNEren estatutuak berritu ondotik bertako kontseiluan “%10etik gorako” ordezkaritza duten sindikatuei egin die tokia, eta LABen adar sindikalen gehiengoak erabaki du egotea 2017 amaiera arte. Orduan aztertuko dute jarraitu edo ez.
Bi sindikatuek prentsaurreko bana eman dute gaur eguerdian euren erabakien berri emateko. ELAren erabakia espero bazen ere, ikusteko zegoen zer jarrera hartuko zuen LABek. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak eta Igor Arroyo Nafarroako koordinatzaileak arrazoitu dute "trantsizio bide proposamen bat" dagoela gobernu berriaren aldetik, baina, era berean, Nafarroako elite ekonomikoak ez asaldatzeko "oreka gehiegi" antzematen dute orain arte hartutako erabakien atzean.
SNEren parte-hartzeari dagokionez, Arroyok nabarmendu du LABek gobernuari helarazitako proposamen gehienak aintzat hartu direla estatutu berrietan. Nagusiena da lan prestakuntzarako ikastaroetan sistema publikoa "ardatz nagusia" izatea. Egun, prestakuntza ikastaroen %27 baino ez da ematen sistema publikoan. Gainerako ikastaroak lehiaketa bidez esleitzen dira edo CCOO, UGT edo CEN patronalarekin hitzarmen bidez banatzen dira.
Horren aurrean, LABek bere parte hartzea baldintzatuko du: Nafarroako Enplegu Zerbitzuak CCOO-UGT eta CENekin izenpetutako itunekin amaitzeko eta lan prestakuntzarako ikastaroen "erdia bano gehiago" sare publikoan egoteko eskatzen du. Era berean, zer enplegu politika garatu nahi diren aztertuko du. Hala, 2017ko abenduan baloratuko dute baldintza horiek betetzen diren eta horren arabera erabakiko dute SNEren kontseiluan jarraitzea edo ez.
Gizarte Elkarrizketaren Kontseiluari dagokionez, bertan parte hartzeko eskaera egin die Gobernuak ELA eta LABi. Bertan, LABek iragarri du ez duela parte hartuko. Etxaideren arabera, aurreko erregimenaren sukaldea zen kontseilu hori. "Sukalde hori mantendu egin nahi dute eta guk itxi nahi dugu beste politika batzuk garatzeko", aipatu du euren ezezkoa arrazoitzeko. Etxaidek nabarmendu du Gobernuak eskaera egin diela jakinda ez zutela hor egon nahi. Kontseilu hori 2014ko urrian onartu zuten PSNk eta UPNk. CCOO, UGT eta CEN finantzatzeko eratu zela salatu zuen oposizioak.
ELAren salaketa
ELAk ez du parte hartuko SNEren kontseiluan. Aspaldidanik salatu du SNEko prestakuntzako ikastaroak hiru erakundeen finantzaketa ezkutatzeko erabili dela, eta, Mitxel Lakuntza koordinatzailearen arabera, Gobernu berriak ez du hori aldatu: “Ez da Nafarroako Enplegu Zerbitzua bersortu. Apaindura hutsa egin dute oso modu txarrean”.
ELAk salatzen du hiru erakundeokin hitzarmenak izenpetzen jarraitzen duela SNEk, eta datu berriak eman ditu. ELAren arabera 2015ean hitzarmen bidez banatutako dirua erabili zen CEN, CCOO eta UGTko 165 pertsonen soldatak, partzialki edo osorik, ordaintzeko. ELAren arabera, 165tik 108ren kasuan soldata osorik ordaindu zen, eta, kasu batzutan, soldatak 51.000 euro adinakoak dira.
Orain arte, SNEren kontseiluan Gobernuak, CCOO eta UGT sindikatuek eta CENek parte hartu dute, eta eurek erabaki dute euren aldeko hitzarmenak sinatzea. Oraingo estatutu berrietan, %10eko ordezkaritza duten sindikatuei tokia egingo zaie, baina ELAk ez du parte hartuko. Lakuntzak salatu du ezezkoa ematen den kasuetan, estatutuek beste erakunde bati tokia egiteko aukera jasotzen dutela. “Hori antidemokratikoa da. Parte hartu edo ez, gure ordezkaritza ezin da usurpatu”.