Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren hedapena eteteko hartutako neurriak malgutzea erabaki du. Hala jakinarazi dute Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik eta Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, Labi aholku batzordea bildu ostean egindako prentsaurrekoan. Batez ere, edukieretan izango dute eragina neurri berriek. Orokorrean, lokal eta instalazio guztien edukiera %60ra handituko dute. Halere, aparteko zenbait muga ezarri dituzte jarduera batzuetarako. Ostalaritzaren barnealdean, edukiera muga %50ekoa izango da, eta mahaiko zortzi lagun esertzeko aukera egongo da, sei izan beharrean. Gainera, gizarte, kultura edo kirol ekitaldietan gehienez ere 600 pertsona bildu ahal izango dira barruan direnean, eta 800 pertsona kanpoan badira. 600-5.000 pertsona sar daitezkeen lekuetan 800 pertsona biltzeko aukera emango dute, eta 1.200 pertsona kanpoan; eta 5.000 lagun baino gehiago sar daitezkeen lekuek %30eko edukiera izango dute. Erabakiok asteazkenetik egongo dira indarrean.
Zenbait neurri leundu arren, beste batzuei eustea erabaki dute: hala nola jarduera guztiak 1:00ean amaituko dira; gazte lokalek eta gaueko aisialdikoek itxita jarraituko dute, eta debekatuta egongo da tabernetan barran edo zutik kontsumitzea.
Sagarduik azaldu duenez, pandemiaren bilakaeraren ondorio dira erabaki berriak. «Joera aldaketa argia da», nabarmendu du. Halere, haren hitzetan, joera aldaketa hori ez da hainbeste nabaritzen ari ospitaleetan, eta herritarrak txertatzera eta prebentzio neurriak mantentzera deitu ditu: «Aste erabakigarriak dira bosgarren olatu hau menderatzeko eta seigarren olatua saihesteko».
Txertatuek berrogeialdirik ez
Datorren ikasturtea hasteko astebete pasatxo falta den honetan, ikastetxeetako protokoloan egin dituzten aldaketen berri eman du Bildarratzek. Haren hitzetan, eutsi egingo diete iazko ikasturteko neurri nagusiei: maskara erabili beharko dute oraindik ere, garbitasun eta higiene neurriei eutsiko diete, metro eta erdiko segurtasun distantzia mantenduko dute... Gainera, kazetarien galderei erantzunez, Sagarduik esan du protokoloa herritar guztientzat bera dela; beraz, txertatuta dauden ikasleek ez dute berrogeialdirik egin beharko, positibo eman duen pertsona baten kontaktu estuak izanda ere.
Protokoloaren zenbait puntu nabarmendu ditu Bildarratzek. Esaterako, ikasleak gelan daudenean, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan «bizikidetza talde iraunkorrak» osatzeko aukera izango dute. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan, berriz, hiru edo lau ikasleko talde egonkorrak osatzeko aukera edukiko dute, elkarren artean 1,5 metroko distantzia mantenduz. Gainera, jakinarazi duenez, berriro ere ikasleek euskara lantzeko barnetegiak antolatuko dituzte, iaz pandemiagatik bertan behera utzi ostean.
Ikastetxe barruko jarduna ez ezik, eskolaz kanpoko jarduerak ere arautu ditu protokoloak. Besteak beste, ahal den neurrian, eskolako «bizikidetza talde iraunkorrak» mantendu beharko dituzte; metro eta erdiko distantziara egon beharko dute, eta materiala partekatzeko aukera izango dute, baina talde batetik bestera materiala garbituta.