Lacroix kartzelan sartzea salatuko dute hilaren 25ean

110 pertsona bildu ziren bart Senperen Naia Lacroixen espetxeratzea salatu eta manifestaziora deitzeko

Lacroixen espetxeratzea eta atxiloketak salatzeko larunbat goizean Senperen egin prentsaurrekoa. BOB EDME.
Senpere
2012ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Naia Lacroixen espetxeratzea eta Frantziako Poliziak asteartean haren kontra eta haren ahizparen kontra egin operazioa salatzeko, manifestaziorako deia egin dute hilaren 25erako. Senperen izango da hori, 17:00etan, eta hainbat eragileren babesa izango du. Manifestaziorako deia egiteko, ehun lagun batu ziren atzo manifestazioan, eta gertatutakoa salatu, eta Naia Lacroixi eta haren familiari elkartasuna adierazi zieten.

Audrey Lacroixek asteartean atxilotu zutenean eta ondorengo bi egunetan inkomunikaturik egon zenean bizitakoaren lekukotasuna eman du. «Goizeko seietan gure etxea inguraturik zegoela ohartu ginen. Etxera sartu, miaketa egin eta Naia eta biok bereizi gintuzten berehala». Ordenagailuaz gain, euskaraz zituzten paperak, liburuak eta diskoak eraman zituzten jendarmeek. Leporatu dietenari buruzko datuak ez daudela argi salatu du era berean. Beraiei egozten dieten erasoa, bigarren etxebizitza baten kontrakoa, 2011n izan zela esan zieten jendarmeek familiakoei, baina 2010ean iragan dela agertu da prentsan. Aipatu erasoa herritarrei zein hautetsiei ezezaguna zaiela esan dute prentsaurrekoan agertutakoek. Eragileei dagokienez, hauek hartu dute parte prentsaurrekoan: ezker abertzaleak, Senpere Egun eta Biharreko hautetsiek, Udalaren ordezkaritzak, Senpereko presoen aldeko batzordeak, Gaztetxeak eta besta batzordeak. Haiek diotenez, lehen aldia da gertakari hori izan den berria zabaldu dela.

Normalizazioaren beharra

Frantziako Estatuaren «jarrera errepresiboa» salatu dute eragileek, eta Euskal Herriko «bake prozesua zapuztu» nahi izatea egotzi diote estatu horri. Hala, ezker abertzalearen izenean hitza hartu duenak, Inge Arinek, salatu du Frantziako Estatuak ez dituela alboratu errepresioa eta bortizkeriaren bidea. Senpere Egun eta Bihar plataformako hautetsi Elianne Galarraga eta Jean François Bederevek adierazi dute «gazteria beldurtzeko» egina dela astearteko polizia operazioa: «Horrelako polizia operazioa egin izanak jendearen arreta lortzea du xede. Izua zabaltzea».

Era berean, prentsaurrekoan agertutakoek onartezintzat jo dute jendarmeek bi ahizpak atxilotzean haien sostenguz bildu ziren herritarrei eraso izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.