Lagun bat atxilotu dute Arantzadiko baratzeetako obrak gelditzeagatik

Arantzadiko parkeko lehenengo fasea egiten hasteko, meandroko zenbait baratzetara sartu dira makinak

Atzo iritsi ziren makinak Arantzadiko parkearen proiektuko lehenengo faseko lanak egitera. LANDER FDZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Lohizune Amatria.
Iruñea
2012ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Sartu dira makinak Arantzadiko baratzeetara. Iruñeko Udalak aurrera jarraitzen du hirigintza planarekin, eta hainbat makina ari dira jada zuhaitzak soiltzen eta lurra mugitzen. Hasi da Iruñeko meandroko parke berria egiteko obra, baina proiektuaren kontra dauden eragileek esan dute ez dutela amorerik emango.

Atzo goizeko zortzietan iritsi ziren makinak Arantzadiko baratzeetara. Aurreko egunetan hesitu zuten eremua, eta atzo hasi ziren lurra mugitzen. Zortzietan iritsi arren, hamaiketan hasi ziren lanean. Makinak geldiarazi zituzten protestan ari ziren zenbait pertsonak, eta udaltzainak joan ziren bertara. Protesta egiten ari zen pertsonetako bat atxilotu zuen Poliziak, hirutan makina baten aurretik kentzeko esan ondoren. «Desobedientzia larria» egotzi, eta epaitegira eraman ondoren, aske utzi zuten.

Orain, ezinezko da lanean dauden eremu barrura sartzea. Poliziak guztiz hesituta dauka leku hori, eta atzo goizean obrak inguratu zituzten kilometro bat inguruko tartean. Baina urrunetik bada ere, ikusten dira makinak lanean. Ibai inguruko zenbait baratze hondakin dira orain, eta askaltegian ez dago ia zuhaitzik.

Han inguruan du baratzea Agustin Beroizek; gaur goizean suntsituko diote makinek. Lau hamarkada daramatza Arantzadin bizitzen eta lan egiten, eta gaur ere bere tokian jarraituko du: «Hemen egongo naiz, gurea dena defendatzen». Bertan egongo da, baina beldurra eta haserrea nabari zaizkio Beroizi. Furgoneta batek atzera egiterakoan egiten duen txistua entzutean urduritu da iruindarra. «Txistu bat entzuten dudan bakoitzean... Makinak datozela iruditzen zait». Arantzadi Auzolanean egitasmoak elkarretaratzea deitu du gaurko. Iruñeko udaletxearen aurrean bilduko dira, 12:30ean, eta Arantzadiko baratzeak bere hartan uztearen alde egingo dute protesta.

Udalaren asmoa

Iruñeko Udalak hirigintza proiektu bat du martxan Arantzadiko meandrorako. 2006. urtean, udal lurra izendatu zuen Arantzadiko inguruan, eta eremu berdea izan behar zuela erabaki zuen. Geroztik, debekatuta daude irabazteko asmoz egindako jarduerak bertan, eta parke bat eta baratzeen interpretazio zentro bat egingo dituzte. Proiektu horri aurre egiteko sortu zen, ekainean, Arantzadi Auzolanean egitasmoa. Baratzeak berreskuratu eta defendatzeko asmoa dute. Elkartasunerako baratze bat jarri dute martxan, eta bertan «behar duten guztientzako» barazkiak landatzen dituzte. Baratzeak salbatzea posiblea dela sinesten dute.

Uztailean, obrak hasi aurretik, zenbait etxe eraitsi zituzten obrako langileek. Arantzadi Auzolanean egitasmoko kideena zen haietako bat. Aldaia etxea izandakoan jarri ziren ekainean, baina uztailaren 5ean, sanferminen bezperan, etxea eraitsi zuten poliziek. Ez da izan taldeko kideek izan duten oztopo bakarra. Azken hilabeteetan, lurrak garbitzen eta baratzeak berritzen aritu dira, eta lurra lantzeko makina bat eta hamar aitzur kendu dizkiete. Aurreko asteburuan, gainera, azak landatzen ari zen lagun bat ere atxilotu zuen Poliziak.

Udalaren proiektuak bi fase ditu. Lehenengoa ibai ondoko eremuari dagokio: 3,2 milioi euroko kostua izango du, eta diruaren %80 Europar Batasuneko diru laguntza bati esker finantzatu dute. Bigarren fasea, berriz, garestiagoa izango da, eta oraindik ez dute lortu horretarako diru laguntzarik. Parkea egiteko lehenengo fasea hasi da, baina, proiektuaren aurka daudenen ustez, egun dauden baratzeekin Arantzadik jada badu bere parkea, eta ez da horrelako obrarik behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.