Joxean Lizarribar Berria Taldeko presidente zenaren hil kapera Donostiako Errekalde auzoko beilatokian dute, eta senideei babesa adieraztera gerturatu dira hainbat lagun goizean goizetik. Bihar 13:15ak arte izango dute zabalik hil kapera, eta 19:00etan egingo dute hileta Lizarribarren omenez Donostian, Ibaeta auzoko Espiritu Santua elizan.
Andoni Mendiolak lankide eta lagun zuen Lizarribar Kelsen enpresan, eta Lizarribarren "eskuzabaltasuna" nabarmendu du: "Dena eman du inork ezer eskatu gabe". Lantaldean eta lagun zutenen artean "izugarrizko marka" utzi duela azaldu du Mendiolak.
"Sekulako zuloa" antzemango du Jaime Otamendi Euskadi Irratiko kazetariak. "Gauza askotarako zen oso lagungarri: Euskal Herria munduan jartzen lagundu zidan. Euskaldun eta unibertsal izaten erakutsi zidan". Otamendirentzat "sekulako laguna" izan da Lizarribar: "Bidea irekitzen zidan, nire bizitzako gauza asko galdetzen nizkion". Azaldu duenez, harekin "hizketan" eman du gaua, Otamendiren galderei Lizarribarrek zer erantzungo ote zuen pentsatuz.
Galera handia hainbat esparrutan
Xabier Exposito Realeko entrenatzaile izandakoak lehengusu zuen Lizarribar. Pertsona "azkarra" dela nabarmendu du: "Ezin geldirik egon". Exposito baino gazteagoa zen Lizarribar; "adin horrekin [61 urte zituen] halako gizon bat joatea penagarria da", esan du.
Politika, kulturgintza, euskalgintza eta alor askotariko ordezkariak izan dira hil kaperan, senideei dolumina azaltzen. Politikagintzan, Bilduko eta EAJko ordezkariak batu ditu Lizarribarrek. Beilatokian egin dute topo EAJko Gipuzkoako ordezkari Markel Olanok eta Joseba Egibarrek Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxeburuarekin eta Ogasun zuzendari Xabier Olanorekin. Martin Garitano GIpuzkoako ahaldun nagusia ere bertaratu da. Halaber, Sorturen ordezkaritza zabala izan da hil kaperan, Hasier Arraiz alderdiko presidentea tartean.
Horiez gain, Xabier Isasi EH Bilduko legebiltzarkidea ere izan da sendiarekin. Lizarribar gizon "dotorea" eta "euskaldun jantzia" zela oroitu du. "Umila, apala, euskaltzalea, abertzalea eta lagunen laguna" aipatu ditu Isasik Lizarribarren ezaugarrien artean, eta erantsi du hark utzitako hutsunea "handia" bada ere haren "adibidea" ere handia izan dela.
Kulturgintza, doluan
Lizarribarren sendiari dolua azaltzera joan dira kulturgintzan diharduten hainbat pertsona. Mikel Urdangarin abeslariak gertuko lagun zuen Lizarribar, eta hautsita igaro da hil kaperatik. Gogoratu du "une onak eta txarrak" igaro dituztela elkar.
Harkaitz Cano idazlea ere izan da hil kaperan, eta esan du "nekez eta bakan topatzen diren horietakoa" zela Lizarribar: "Bazeukan nazio ikuspegi bat baina ikuspegi hori praktikan jartzen zuen". "Galera handia" da haren heriotza, Canoren hitzetan.
Kirmen Uribe idazleak ere uste du "galera handia" izan dela Lizarribarren heriotza. "Euskalgintzan oinarri fundamentala" izan zen, "nahiz eta mediatikoki ezaguna ez izan". Uriberen iritziz, "azpitik" egin du lan Lizarribarrek: "Gu atera egiten gara hedabideetan, aurpegia ematen diogu euskal kulturari, baina pastelaren oinarria beste batzuek egiten dute". Euskararekin "konpromisoa" izaten eta "ausarta" izaten erakutsi zion Uriberi. Haren izaera "umila" ere azpimarratu du, nahiz eta Uribek berak "anbizio handiko" gizon gisa definitu.
Juan Antonio Urbeltz folkloristak, berriz, Lizarribarren irribarrea izan du gogoan. Gaztetan ezagutu zuen, Argia dantza taldean, eta horretan ere bikain ziharduela azaldu du Urbeltzek. Gainera, beste eragile batzuk ere joan dira beilatokira; Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia eta Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkarteko presidente Kepa Anabitarte, esaterako.