Bortxatu egin dutela salatu du Iruñeko emakume batek. Espainiako Poliziaren aurrean adierazi duenez, igande goizean gertatu zen sexu erasoa, hiriko Biurdana parkean. Emakumeak 26 urte ditu, eta korrika egitera atera zen parkera. Kirola egiten ari zenean, hain zuzen ere, bi gizon hurbildu ziren harengana. Atxiki, eta bortxatu egin zuten, biktimak salatu duenez. Salaketa jaso ondoren, Espainiako Polizia erasoa ikertzen hasi da, baina oraingoz ez du inor atxilotu.
Igandean bertan jarri zuen salaketa ustezko erasoa jasan zuen emakumeak, 09:00 aldera. Bortxaketa, ustez, igande goizean gertatu zen, 07:00 eta 08:00 bitartean, Espainiako Poliziako iturriek jakinarazi dutenez. Salaketa jaso eta gero, ikerketa abian jarri du Poliziak. Emakumea ospitalean artatu zuten igandean bertan. Auzi medikuaren txostena jaso dute poliziek. «Unitate zientifikoak ere bere txostena prestatu behar du. Ikerketa martxan da, baina denbora behar da», adierazi dute berriemaileek. Oraingoz inor ez dutela atxilotu azaldu du Espainiako Poliziaren komunikazio zerbitzuak.
Ikerketa martxan da, eta herritarrak ere bai. Biudana parkearen inguruan, Iruñeko Donibane eta Sanduzelai auzoetan, kartelak jarri dituzte, bizilagunei laguntza eskatzeko.
Ezer ikusi bazuten Espainiako Poliziarekin harremanetan jartzea galdegin diete herritarrei, kartel horien bitartez. Espainiako Poliziako kideek uste dute eraso zioten emakumearen senitartekoek jarri dutela martxan laguntza eskatzeko kanpaina, lekukoren bat izan bazen aurkitu ahal izateko. Oraingoz, hala ere, deirik ez dute jaso, komunikazio zerbitzukoek jakinarazi dutenez.
Tratu txarrak Gasteizen
Gasteizen ere emakumeen kontrako indarkeria salatu dute. Ertzaintzak 49 urteko gizon bat atxilotu zuen astelehen gauean hiri horretan, ustez bikotekidea jo egin zuelako. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eman du atxiloketaren berri.
Iturri horren arabera, emakumea kolpatzeaz gaiz, labana handi batekin heriotza mehatxua ere egin zion atxilotutako gizonak bikotekideari, eta etxean atxiki zuen.
Emakumearen lagun batek jarri zuen salaketa Ertzaintzan. Emakumeak sakelako telefonoaren bitartez mezu bat bidali zion lagunari, bikotekideak ez baitzion etxetik ateratzen uzten, gero salatu zuenez.
Ertzainak berehala joan ziren emakumearen etxera, eta han aurkitu zuten. Bikotekideak eraso egin ziola baieztatu zien ertzainei, eta, ondorioz, gizona atxilotu egin zuten.
Ertzaintzak 21 urteko bertze gizon bat atxilotu zuen astelehen arratsaldean, ustez neska-laguna kolpatzeagatik.
Laguntza eskatu dute bortxaketa bat argitzeko
Ustezko erasoa Iruñean gertatu da; 26 urteko emakume batek jarri du salaketa, eta Espainiako Polizia ari da ikertzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu