«Laguntzen zintuztela uste nuen»

Bilboko Irala auzoko jantoki sozialera doazen gehienak atzerritarrak dira, heldu berriak; krisiaren ondorioz pobretutakoak aurrerago iritsiko direla uste dute arduradunek.

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Abandonatuta ez, baina salduta bai, huts egin didatela sentitzen dut. Uste nuen hemen beste herrialde batzuetan bezala gertatzen zela, arazoaren bat zenuenean instituzioek laguntzen zintuztela». Salvak 53 urte ditu, eta azken bost urteak borrokan pasatu ditu. Pobreziaren kontra. Igeltseroa zen, baina egun batetik bestera nagusiak kalean utzi zuen; langabezia saririk gabe, alokatuta zeukan logelatik bota zuten hilabete gutxian. Lehenengo aterpetxe batean egiten zituen gauak, eta diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen ari denetik, logela bat dauka alokatuta pisu batean. Otorduak, baina, Iralako jantoki sozialean egiten ditu: «Laguntza bat da hona etortzea; diruak ez du denerako ematen».

Salvak bezala, egunero ehun lagunek baino gehiagok bazkaltzen dute han. Bilboko Udalaren eta hainbat fundazio zein norbanakoen diru laguntzen bidez, 57 urte daramatza martxan jantokiak, frantziskotarrek kudeatuta eta ehun boluntariok baino gehiagok lagunduta. Hain justu, Gabonetan auzoko dendek emandako jakiak dauzkate egunotan mahai gainean: arkumea, errege opila...

12:30ean irekitzen dituzte jantokiko ateak. Udalak emandako txartel bat erakusten dute erabiltzaileek, bertan zehazten baita bazkaldu edota afaldu dezaketen. Jantokira doazenen profila asko aldatu da azken hamar urteetan, Antonio Perez arduradunak azaldu duenez: «Gehienak etorkinak dira, %70 magrebtarrak, 25-30 urte artekoak, hemen sei hilabete inguru daramatzatenak».

«Oso bizitza gogorrak dituzte, estres handiarekin», gaineratu du. Heldu berrietako batzuek logelaren bat lortzen dute, baina askok aterpetxeetan lo egiten dute, edo kalean, edo kutxa automatikoetan. Halere, Perezek antzeman duenez, etxegabe gutxiago dago, baina krisiak euren aukerak korapilatu ditu. Eta oinarrizko diru laguntzak emateko arau aldaketek ere eragina izan dute: «Lehen, heldu eta bospasei hilabetera, ikastaro batean sartzen ziren, erroldatzen zituzten, gizarteratzeko diru laguntza jasotzen zuten, handik urte eta erdira oinarrizko errenta... Elkarteok ere sistema horri erantzuten genion, baina orain erori egin zaigu».

Bertakoentzat ere zaila izaten ari da, gutxiengoa diren arren: «Langabezia saria amaitutakoak oraindik ez dira etortzen; agian urtebete barru hasiko dira heltzen». Noizean behin negozioak porrot egindako aberats ohiren bat joaten da, baina ez du besteekin bazkaldu nahi izaten: «Bertako jende askok ahal duen guztia egingo du hemen ez amaitzeko; txarto pasatzen dute, ez dute nahi jantokian sartzen ikus ditzaten».

Emakume gutxi

Pobreziak emakumezko aurpegia duen arren, jantokira doazenen %4 baino ez dira andrazkoak. Antonio Perezek argudiatu du emakumeek hobeto arrazionalizatzen dutela etxeko janaria, eta gainera, saihestu egiten dutela jantoki sozialetara joatea: «Sarritan haien egoerak larriagoak dira, baina gizarte zerbitzuetatik bertatik saiatzen dira hona hel ez daitezen».

Batzuek, dena den, ez dute beste aukerarik izaten. Iralan egunotan bazkaltzen ari diren hiru andreotako bat haurdun dago, eta kalean bizi da: «Mazarredoko aterpetxean leku bat eskaini zidaten, baina nire senarra ez dute sartzen uzten». 2005ean Lemoara (Bizkaia) heldu zen Ukrainatik, eta orain hilabete batzuk lanik gabe geratu zenean joan zen Bilbora. «Ez nago erroldatuta; beraz, ez naute laguntzen, ez dute nirekin hitz egin nahi ere, ez naute ulertzen». Babesgabe sentitzen da, umea jaiotzean zer egingo duen ere ez daki: «Ikusiko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.