'Laku bat munduan' izanen da Herri Urratsen leloa

Maiatzaren 8an ospatuko da; premia gorriak bultzatuta, sekula baino goizago abiatu dute kanpaina

Aitor Renteria.
Baiona
2010eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Seaskak ezagutzera eman du datorren urteko Herri Urratserako hautatu duen leloa: Laku bat munduan. Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko ikastolen besta maiatzaren 8an burutuko da, ohi bezala Senpereko aintziraren (Lapurdi) inguruan. Egoera ekonomikoak beharturik, elkartasuna inoiz baino beharrezkoagoa dela dio Seaskak. Horregatik, aurtengo logoa ur tanta xumeak izanen dira. Soilak bakardadean eta indartsu elkarri atxikiz. Sei ur tanta, bakoitza kolore batekoa. Euskararen inguruan elkartasunaren lakua osatu arte, munduari begira. Edo antolatzaileek dioten bezala, laku eta leku hitzen hurbiltasunarekin jolastuz, munduan leku bat egitea aldarrikatuz.

«Euskaldunoi begira, gure nortasuna aldarrikatzen du, munduan dugun lekua baieztatuz. Euskaltzaleak diren erdaldunei begira gonbidapen bat da, munduan leku bat eskainiz; bereziki, guraso euskaltzaleei haien haurrentzat leku bat eskainiz. Instituzioei begira, ofizialtasunaren galdea ere suposatzen du, euskarari zor zaion lekua eskatuz», nabarmendu dute.

Euskararen lakua

Erakunde publikoek ezin diote laguntzarik eman Seaskari eraikuntzak egin ahal izateko edo daudenak arraberritzeko. Frantziako legeak debekatzen du hori. Zerbitzu publiko izaera aitortzen diote ahoz, baina errealitatean ez dute gorpuzten. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak argi adierazi du ez dituela berrituko eraikuntzak egin ahal izateko diru laguntzak. Egoera horren aitzinean, beharrak gero eta handiagoak direlarik, aterabide nagusia euskal herritarren elkartasuneanikusten du Seaskak.

Iaz Herri Urrats bestaren inguruan bildu elkartasuna Lapurdiko bi xede gauzatzeko baliatu zuen,Itsasu eta Lekorneko ikastolak irekiz. Aurtengo etekinak, aldiz, Kanboko Xalbador kolegioan (Lapurdi) arraberritze lanak egiteko baliatu dira. Xede hori plantan ezartzeko ospatu zen lehen aldiz Herri Urrats. Nere Pentzea izeneko eremuaeta etxea erosi eta behar ziren eraikinak egiteko baliatu zen dirua. Konponketa lanak eginik ere, mendea bete du etxe nagusiak, eta inguruan egindako aurrefabrikatuek ere hobekuntza lanen premian dira. Gaur egun 250 ikasle, 25 irakasle eta 11 langile ari dira Xalbador kolegioan.Arraberritze lanetan laguntza emanen zuela jakinarazi zuten Jean Jacques Lasserre eta Max Brisson kontseilariek Kontseilu Nagusiaren izenean; nolanahi ere, orduan ez zuten laguntza hori zehaztu eta oraindik ere ez dute deus argitu.

Beharrak inoiz baino handiagoak izanik, sekula baino goizago ekin dio Seaskak Herri Urratsen kanpainari. Durangoko Azokan salgai izan dira, esaterako,Herri Urratseko arropak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.