euskal herria

Lamarcak barne ikerketa bat eskatu du berriro ere Nafarrateren kasuan

EAEko arartekoak Eusko Legebiltzarrean berretsi du Jaurlaritzak ez ziola eskatutako informazio guztia eman. Xuban Nafarrate larri zauritu zen iazko martxoaren 29ko greba orokorrean.

2013ko martxoaren 18a
17:30
Entzun

Iñigo Lamarca EAEko arartekoak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduren eskariz. Lamarcaren arabera, Jaurlaritzak ez zion eskatutako informazio guztia eskaini, arartekoak berak hasitako ofiziozko jarduerarako. Ertzaintzan ikerketa "sakon, zorrotz eta alderdikeriarik gabekoa" egin beharko litzatekeela berretsi du. Hala ere, gogorarazi du legez ezin duela epaileen ebazpenen gainean iritzirik eman.

Xuban Nafarrate gaztea iazko martxoaren 29ko greba orokorrean izandako istiluetan larri zauritu zen. Konortea galduta Gasteizko Santiago ospitalera eraman zuten, eta sei egunez egon zen zaintza berezien unitatean.

Familiak dio zauriak ertzain batek botatako gomazko pilota batek eragin zizkiola; Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, berriz, Nafarrate lurrera erori zela esan zuen. Familiak Gasteizko epaitegi batean aurkeztutako salaketa artxibatu egin zuten; hala ere, auzia ez da amaitu, helegitea jarri baitiote erabaki horri.

EH Bilduk Jaurlaritzaren jarrera salatu du

EH Bilduko Oskar Matute legebiltzarkideak adierazi du Herrizaingo Sailak izan duen jarrera "anormala eta oztopatzailea" izan dela. Uste du Rodolfo Ares orduko sailburuak "nahita" ez ziola eskatutako informazio guztia eman arartekoari. EH Bilduk aldarrikatu du aurrerantzean arartekoak indarraren erabileraren inguruan egindako gomendioak "derrigorrez bete beharrekoak" izatea.

Matutek gogorarazi duenez, auzi horren inguruan Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak agindutakoa "ez da oraindik bete". "Jaurlaritzak barne ikerketa bat agindu zuen eta legebiltzarrak auzia jarraitzeko batzorde bat sortzea erabaki zuen. Ez dira ez bata ez bestea bete”, esan du Matutek. 
 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.