Lan baldintzak hobetzeko «tarte izugarria» dago, eta «zorrotz» negoziatuko du ELAk

Gaitzetsi du ugazabak «asegaitzak» direla eta prekarietatea hedatzen ari direla gehiago irabazteko

2007ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Lan kostuak gutxi hazi direla, enpresen irabaziak etengabe gora doazela eta, aldi berean, langileek gero eta baldintza makurragoak dauzkatela kritikatu du ELAk. «Asegaitzak dira ugazabak. Letagin handiak dauzkate eta langileak gogor estutzen ari dira», sindikatuko Negoziazio Kolektiboko buru Adolfo Muñozen hitzetan. Patronalari leporatu dio lanaldia luzatu nahi izatea, soldatak KPI bezainbeste soilik -edo gutxiago-igotzea, eta azpikontratazioa gehiegikeriaz erabiltzea. ELAk, horregatik, «zorrotz» jokatuko du lan itunen negoziazioetan: «Ugazabek tarte izugarria dute lan baldintzak hobetzeko eta sindikatuoi borrokatzea dagokigu. Batuta borrokatzea, ahal dela».

Muñozek nahiago luke negoziazio kolektiboan eskuz esku aritu, baina zail ikusten du. «Nekez jardungo dugu elkarlanean patronalari etxeko lanak egiten dizkioten sindikatuekin». Gutxiengoa badira ere, ugazabekin itunak sinatzea eta lan harremanen euskal esparruari ez ikusiarena egitea egotzi die UGT eta CCOOri. «Patronala ohartu da badirela beren arrastoan dabiltzan sindikatu batzuk, eta gogor egiten ari da itunen eztabaida Madrilera eramateko». Ugazabak «erosoago» sentitzen dira Espainia mailako negoziazio esparruetan: «Are lan baldintza kaskarragoak ezar ditzakete».



ENPRESA MAILAKO ITUNEN ALDE. ELAk, beraz, enpresa mailako itunak hobetsiko ditu. Sektoreko itunak ere «baliagarri» izan daitezke, esparrua Euskal Herria bada. Muñozek azaldu du «zorrotz» ariko direla negoziazio mahaietan. «Posible da aberastasuna hobeto banatzea. Enpresaburuen zikoizkeria da arazoa». Behera doa lan errentek Barne Produktu Gordinean duten pisua. Eskulan gastuak, gainera, Europako Batasunean baino askoz apalagoak dira, baina «soka tenkatzen» segitzen dute.

«Langileak estutzen eta prekarietatea hedatzen jarraitzen dute».Lanaldi osoz dabiltzan langile askok hilero 700 euro kobratzen dituztela gaitzetsi du Zerbitzuak Federazioko buru Unai Martinezek. «Esplotazioa da. Ez dute ezta babes ofizialeko etxe bat ordaintzeko modurik». Espainia mailako itunez eta azpikontratazioaz baliatzen dira enpresak. «Lanpostuak sortzen ari dira, bai, baina zer motatako lanpostuak?».

Kritikatu du behargin askoren baldintzak ez direla «duinak», eta UGTren eta CCOOren jarrera ez dela onargarria. «Txantxa dirudi akordioa egitea soldatak neurriz igotzeko eta malgutasuna areagotzeko». Patronala «poz-pozik», Muñozen irudiko. Are pozago «Administrazioa ere ugazaben mesedetan burubelarri ari den honetan». Enpresek gero eta zerga gutxiago pagatzen dituztela dio.



ATZERA PAUSOAK BALDINTZETAN . «Administrazioak, gainera, ez dio iruzurgileei aurre egiten. Kaleratzea merkatzen du eta egundoko diru laguntzak ematen dizkie». Enpresaburuek, ondorioz, uko egin diote lan merkatuan aldaketak egiteari. «Ez dute ezertaz hitz egin nahi, soldatak KPI bezainbeste igotzeaz ez bada». Administrazioaren «eskutik oratuta gustura» daude, eta ez dute agindutakoa bete, Muñozen arabera. «Gerrikoa estutu beharra zegoela eta, berriro hazkundea zetorrenean, lan baldintzak hobetuko zituztela hitz eman zuten, baina enpresak ia inoizko egoera onenean daude, eta baldintzak ez dira aldatu, okerrera ez bada».

Zerbitzuetan eta metalean argi igarri du ELAk lan baldintzetan emandako «atzera pausoa». Martinezek azaldu du, adibidez, Bizkaiko merkataritzan bi urte daramatzatela itun barik, eta patronalaren eskaintza gero eta txarragoa dela. «Baliteke ostera ere grebara deitzea uda aurretik». Emakumeek eta gazteek dituzte baldintzarik txarrenak zerbitzuetan.

Industrian, aldiz, azpikontratatutakoek. «Ez da egia lanpostuak gutxitzen ari direnik sektore honetan», ELAko Metaleko Federazioko buru Dani Gomezek dioenez. «Gezurretan ari da patronala. Lanpostu kopurua bere horretan dago. Kontua da azpikontratetako jende askok zerbitzuetako ituna daukala, eta ez industriakoa».

Langile «prekarioak» beren eskubideak aldarrikatzeko uzkur direla -«lana gal dezakete gauetik goizera»- eta sindikatuek, beraz, borroka «indartu» behar dutela nabarmendu du ELAk. «Ugazabak ere borrokan ari dira. Borroka egitea da langile askori 700 euroko soldatak pagatzea».



Zenbakia

%29,2

Behin-behinekotasuna. UGTk eta CCOOk Espainiako Gobernuarekin eta patronalarekin hitzartutako lan erreformak ez du behin-behinekotasuna murriztu, ELAk deitoratu duenez. Kontratuen %28,7 aldi baterakoak ziren 2006ko bigarren lauhilekoan, erreforma abiatzeko unean. Urte hondarrean, aldiz, %29,2koa zen behin-behinekotasun tasa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.