EUSKAL HERRIA

Lan egutegia eta metodologia finkatu dituzte bake lantaldearen lehen bileran

Hurrengo bilera maiatzaren 13an izango da. "Oinarri partekatuak" landu nahi dituzte lehen fasean, eta horietatik abiatuta  "iraganaz, orainaz, eta geroaz" gogoeta sakonagoa bideratu. EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk hartu dute parte, PPk eta UPDk uko egin baitzioten hasieratik parte hartzeari.

2013ko apirilaren 30a
19:14
Entzun

Eusko Legebiltzarreko Bake eta Bizikidetza Batzordeak ateak itxita egin du lehen bilera, eta EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk hartu dute parte bertan. Jarrerak gerturatzen hasteko egutegia ezarri eta metodologia finkatu dute. Datorren bilera maiatzaren 13an izango da, eta lehen fasean "oinarri partekatuak" zehazteko helburua dute, haietatik abiatuta, egoerari buruz gogoeta sakonagoa egiteko, "iraganaz, orainaz eta etorkizunaz". UPD eta PP ez dira bileran izan, parte hartzeari uko egin ziotelako.

Bilerak ordu eta erdi iraun du, eta ez dute adierazpenik egin bilera amaieran. alderdi bakoitzak besteen esku dokumentuak jarri dituztela baino ez dute aurreratu. Efe berri agentziaren arabera, EH Bilduk bere "lau lehentasunak" azaldu ditu gaurko bileran: espetxe politika aldatzea, memoria "osoa" oinarri hartzea, "alde guztiek" euren erantzukizunak onartzea eta bizikidetza espazioak sortzea, "inposiziorik gabe". EAJk eta PSE-EEk, berriz, euren ordezkariek aurreko legegintzaldian adostutako txostena jarri dute mahai gainean, abiapuntu gisa. Baketzea lortzeko indarkeriaren injustizia onartu beharraz ari da, biktimei egindako minaz eta ETA behin betiko desagertu beharraz.

Legebiltzarrak apirilaren 11n sortu zuen batzordea. Joseba Egibar eta Iñigo Iturrate (EAJ), Laura Mintegi eta Julen Arzuaga (EH Bildu) eta Jose Antonio Pastor eta Rodolfo Ares (PSE-EE) izan dira lantaldean.

PPk ez du Bake eta Bizikidetzarako lantaldean parte hartuko, hasieran behinik behin. Apirilaren 10ean iragarri zuen hori, lantaldea ofizialki sortzearen bezperan. Antonio Basagoitik ere gaur bertan nabarmendu du, lehenik eta behin, batzorde horretara doazen alderdi guztiek ETAren ekintzak gaitzetsi behar dituztela. UPDren ustez, berriz, EH BIlduk batzordea erabili nahi du "auzi politikoaren teoria faltsua bideratzeko, eta demokratak nahasteko".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.