Lan erdiak eginda, kanpainaren tenperatura gora

Gaur zortzi hasi zen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpaina. Ekitaldi, mitin eta mezu erauntsiak astebete igaro du jada, eta zenbait elementuk eman dute hizpidea. Horietatik bost dira segidakoak.

Kartelez bete dira kaleak kanpainan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
2016ko irailaren 15a
10:54
Entzun

Inkestetan, EAJ nagusi. 36 urtean, EAJ behin baino ez da izan bigarren indarra parlamentari kopuruan, eta duela 30 urte gertatu zen hori. Harrezkero, Eusko Legebiltzarrerako zazpi hauteskunde daramatzate jeltzaleek indar nagusi izaten, eta ez da besterik gertatzea espero irailaren 25ean. Jaurlaritzaren Soziometroak, CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Institutuak nahiz EITBk eginiko inkestek antzerako emaitza iragarri dute: EAJ izango da lehen indarra, eta aurreko legealdian izan zuen legebiltzarkide kopuru bertsua lortuko du: 27. Parekatuago dago bigarren posturako lehia inkestetan; gehienen arabera, EH Bildu Elkarrekin Podemosen aurretik izango da.

Euskara jomugan. Aparteko polemikarik gabe zihoan lehen kanpaina astea, PSE-EE eta PP euskararen zuhaitza astintzen hasi diren arte. Zalaparta handia sortu zuen PSEk zabaldutako bideo batek: bideoan adierazten du administrazioan euskaraz ez dakitenei ateak ixten zaizkiela edo kanporatuak direla. Ez da atzean geratu PP, eta euskara "inposizioarekin" eta "bazterketarekin" lotu du.

Ibarretxe, noren erreferente?. Ez da ohikoa indar politiko batek beste alderdi bateko figura bat goraipatu, txalotu edo erreferentetzat hartzea. Azken egunetan, ordea, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia gehiago izan da EH Bilduko hautagaien ahotan EAJkoenetan baino —EAJkoa da Ibarretxe—. ETB1en eginiko eztabaidan, Maddalen Iriarte EH Bilduko Gipuzkoako zerrendaburuak Urkulluri esan zion Iriartek berak Ibarretxeri eman ziola botoa; asteazkenean, berriz, Pello Urizar Iriarteren zerrendakideak aipatu zuen lehendakari ohia: "Ibarretxerekin ilusionatu ginenok badugu leku bat EH Bildun". Izan dira aipamen gehiago: Jose Antonio Agirre Jaurlaritzako lehendakariaren hitzak gogora ekarri zizkion Iriartek Urkulluri eztabaidan: "Zergatik independentzia? Nahi eta behar dugulako".

Audientzien termometroa. Hauteskundeekiko eta kanpainarekiko interesa telebista audientzien arabera neurtu beharko balitz, azken urteetan interes handiena piztu duten hauteskundeak izango dira irailaren 25ekoak. Izan ere, 100.000 pertsonak baino gehiagok ikusi zuten hauteskunde eztabaida ETB1en; azken hamabost urteotan ikusle gehien izan duen hauteskunde eztabaida izan da, %5,6ko pantaila kuotarekin. Batez besteko audientzia, berriz, saioa osorik ikusi zutenen kopurua, 34.000 ikuslekoa izan zen.

Espainiarrak ere, kanpainan. Espainiako gobernabidea desblokeatu ezinda eta hirugarrenez Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egiteko aukerak nabarmenak direla heldu da Eusko Legebiltzarrerako bozen kanpaina. Madrilen edo Gasteizen pentsatuz, baina Espainiako buruzagien babesik ez zaie falta egunotan PP, PSE, Elkarrekin Podemos eta Ciudadanoseko hautagaiei. Albert Rivera Ciudadanoseko presidentea izaten ari da parte hartze aktiboena. Kanpainako lehen egunean Gasteizen egon zen, eta Bilbon nahiz Donostian egin zuen aurreneko asteburua. Hilaren 18an, 22an eta 23an ere kanpainako ekitaldietan izango da. Mariano Rajoy PPko presidentea kanpaina amaierako ekitaldian parte hartzekotan da, eta PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchez Donostian izango da asteburuan. Podemosekoak ere ez dira falta; Barakaldon izan zen Pablo Iglesias idazkari nagusia, eta gaur Bilbon da Iñigo Errejon idazkari politikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.