Sexu jazarpen eta jazarpen sexistei aurre egiteko protokolo bat zehaztu du Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak, 50 langile baino gehiago dituzten EAEko enpresa pribatuentzat. «Enpresen eskaerari erantzuteko garatu dugu protokoloa», argitu du Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak. Emakume eta Gizonen Legeak jazarpen horiei aurre egiteko agindua ezartzen die enpresei, eta protokoloa horretarako tresna izango dela azaldu du.
50 langile baino gehiagoko enpresentzat izan arren, gainontzekoek ere protokolora atxikitzeko aukera izango dute. Dokumentua onartzean, enpresaren barnean genero indarkeriarekin zerikusia duten ekimenak arbuiatuko dituztela onartzen du enpresak. Horrez gain, egon daitezkeen sexu jazarpenei eta jazarpen sexistei aurre egiteko tresnak abiarazteko konpromisoa berresten du, eta horrek enpresako kide guztiei eragingo die.
Testuinguru horretan «aholkulari konfidentziala» sortu beharko du enpresak, eta egon daitezkeen salaketak jasotzeaz arduratuko da. Enpresak Berdintasun Batzordea badu, horrek aukeratuko du aholkularia, eta batzorde hori eratu ez duten enpresetan zuzendaritzaren eta lan batzordearen artean zehaztu beharko dute. Langile guztiei jakinarazi beharko zaie aholkularia zein den eta harekin harremanetan jartzeko bidea. Horrez gain, enpresaren bezeroei ere neurri horiek hartzen direla jakinarazteko lana egingo da.
Zigorrak
Gerta daitezkeen jazarpenen inguruan bi prozedura zehaztu dituzte protokoloan. Salatutako jazarpena arintzat jotzen bada, aholkularia «modu estraofizialean» saiatuko da arazoa konpontzen. Jazarpena egiaztatu, bi aldeekin hitz egin eta alde guztien anonimotasuna bermatuta, zazpi eguneko epean argituko du. Jazarpen larrietan eta oso larrietan prozedura formalari ekingo zaio: salaketa, behin-behineko balorazioa, behin-behineko neurriak, kasuaren argiketa...
Prozesuaren bukaeran, faltaren larritasun maila berretsita, zigorra zehaztuko da. Falta arinetan, gehienez, soldatarik eta lanik gabeko bi eguneko zigorra izango da; larrietan, hamasei egunekoa; eta oso larrietan, jazartzailea kaleratu ere egin daiteke. Horrez gain, biktimak aukera izango du auzitara jotzeko kasuaren berri emateko.
Aholkulariak aurkeztu diren salaketen kontrola egin beharko du, eta bi urtean behin jarraipenaren txosten bat igorri beharko dio Emakunderi. «Enpresa barruko jazarpenen daturik ez dugu, eta jarraipen hori lagungarria izango zaigu arazoaren neurria zehazteko», azaldu du Silvestrek.
Lan eremuko sexu jazarpenen aurkako protokoloa abiarazi du Emakundek
Falten larritasunaren arabera, bi jardunbide zehaztu ditu, arazoari modu eraginkorrean erantzuten saiatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu