Lan ikuskaritzako buruak bitartekari lanak egiteko eskatu du Bilboko Metroak

Astelehenean bilduko da langile batzordea, baina eskaintzari ezetz esango diotela aurreratu du LAB sindikatuak

Bilboko metrorako sarrera, iragan ekainaren 16rako deitutako lanuztean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2011ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Lan ikuskaritzako buru Manuel Velazquez bitartekari lanetan aritzea proposatu die Bilboko Metroko zuzendaritzak sindikatuei. Metroko kontseilari delegatu Iñaki Pregok jakinarazi duenez, langile batzordeak abenduaren 13rako, 15erako, 21erako eta 22rako deitutako lanuzteak arbitratze bidez konpondu nahi ditu enpresak, eta «eskua luzatu» die sindikatuei auzia konpontzeko urratsak egin ditzaten.

Eskaintza «baldintzarik gabe» egin dutela zehaztu du Pregok, sindikatuek arbitratzea onartuz gero, bi aldeek hark erabakitakoa ontzat jo dezaten. Bidenabar, Pregok argitu du zuzendaritzak ez duela sindikatuen «inposiziorik» onartuko, eta ordezkari sindikalek bitartekaririk onartzen ez badute, hark ebatz dezakeenari beldurra izatea leporatu die Pregok. Ohartarazi du enpresak bete egin duela iragan uztailaren 11n sindikatuekin adostutako langile kopuruaren hazkundea, eta gaineratu du langile batzordeak gatazka konpontzeko duen «benetako borondatea neurtu» nahi duela enpresak bitartekaritzaren proposamenaren bidez.

Langile batzordea astelehenean elkartuko da, Bilboko Metroaren zuzendaritzari eman beharreko erantzuna adosteko. Dena den, LABeko ordezkari Raul Mendezek aurreratu du sindikatu horrek ezetz esango diola enpresaren proposamenari: «Ez gaude ados arbitratzearekin, enpresako kontseilari delegatuak erabaki duelako nor den bitartekaria, zein momentutan egin behar den bitartekotza hori, eta zein puntuz hitz egin behar dugun». Mendezek ukatu egin du sindikatuek balizko bitartekari baten ebazpenari beldurra diotela, eta «jokabide populista» izatea egotzi dio Pregori.

Kontratazioen harira, Pregok adierazi du ez dagokiela sindikatuei erabakitzea zein pertsona kontratatu, eta gaineratu du lanean dagoen inor ez dutela kaleratuko. Aldiz, egoera ekonomikoa baliatu izana leporatu dio Mendezek Pregori: «Pertsona gehiago kontratatzen ari direlako harro ageri da, baina kontratu horiek ez dituzte egiten behar diren baldintzetan».

Bidaiarientzako «zigorra»

Bilboko Metroko langileen auziaren gainean hitz egin du Iñaki Azkuna Bilboko alkateak. Haren iritziz, «astakeria» da San Tomas egunean bilbotarrak metro zerbitzuaren geldialdiarekin «zigortzea», eta, hortaz, akordioren bat egiteko eskatu die enpresari eta langile batzordeari, egun horretan metroak «normal-normal» jardun dezan. Azkunak ez ditu «errudunak epaitu nahi», baina San Tomas egunak hirian duen garrantzia nabarmendu du: «Gauzak nahikoa gaizki daude jada, Bilboko ekonomia izorratzeko. San Tomas eguna sozialki garrantzitsua da; are garrantzitsuagoa ekonomikoki, eta orain ez gaude tontakeriatarako».

Abenduaren 1ean etenaldiekin jarraitzeko asmoa dute sindikatuek, enpresak langile kopurua handitzearen gaineko akordioak urratu dituela iritzita. San Tomas egunekoak eragin diezaieke arazo gehien herritarrei, metroa erabiltzen duten bidaiarien kopuruak gora egiten baitu egun horretan. Deitutako lan etenaldien ondoren enpresaren jokabidea ez bada aldatzen, ordezkari sindikalek ohartarazi dute ez dutela baztertzen Gabon gauerako ere lanuztera deitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.