Prebentzioa ez, arduragabekeria da garesti. Lan istripuek, iaz, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian 73 milioi euroko gastua eragin zutela, eta istripu horiek saihesteko milioi bat euro nahiko zirela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Lan sailburu Joseba Azkarragak. Kezkatuta dago ugazaba asko ez direlako jabetzen istripuen benetako kostuaz. Paperak egunean dauzkate, bai, baina ez dira «benetako prebentzioa» egiten ari. Ezinbestekoa deritzo sentsibilizazioari. Baita lan ikuskaritza indartzeari ere. Kostu ekonomikoez gain, «giza kostu handiak» baitaude. Zaurituak eta, hainbatetan,hildakoak ere bai: iaz 55, Osalanen arabera.
Istripuei buruzko txostena osatu du Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, eta txostenaren emaitzez aritu da Azkarraga. Iaz, denera, 44.613 istripu gertatu ziren Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian: 11.656 enpresatan, zuzen esanda. Zerbitzuetakoak ziren %42, industrialak %36 eta eraikuntzakoak%21.Enpresa txikiak hamarretik zortzi.
Istripua izandako langileez ere datu ugari:26 urtetik beherakoak ziren 7.531, 27 eta 37 urte bitartekoak 15.823, 38 eta 48 bitartekoak 2.2246 eta 49tik gorakoak 9.000. Guztien %38k urtebete edo gutxiago zeramaten enpresan, aldi baterako kontratua zuten %46k eta azpikontratetanzebiltzan erdiak. Azkarragak azaldu du istripuak sektore guztietan gertatzen direla, eta ez daudela zuzenean lotuta ez antzinatasunari, ez kontratu motari, ezta azpikontratazioari ere -nahiz etaeraikuntzan, adibidez, odolustea areagotzen duten dirua aurrezteko asmo hutsa duten azpikontratazioek-.
«JAKINEKO» ARRISKUAK. Are gehiago: arriskuak jakinekoak ziren istripuen %80tan, arrisku horiek zelan saihestu ikertuta zegoen istripuen %77tan, baina prebentzio neurriak istripuen %62tan soilik zeuden martxan. «Alegia, enpresen %20k ezer ez zuten egin istripua izan zezaketela jakin arren». Azkarragak uste du ugazaba askori oraindik garestiiruditzen zaiela prebentzioa. «Garesti, ordea, lan istripuak dira». Iaz eragindako gastuez jardun du. «73 milioi euro, denera». Langile gastuak dira kopuru osoaren %58: Gizarte Segurantzaren kotizazioak 25 milioi eurotik gora eta borondatezko hobekuntzak 13 milioitik gora, besteak beste. Galdutako orduek milioi bat euroko gastua ekarri diete enpresei -istripua izandako langileek, guztira, milioi bat egun eman dituzte gaixoaldian-.
Kalte materialen kostuari dagokionez, ekoizpenari eusteko zailtasunak dira aipagarrienak (11 milioi euroko galerak). Ekoizpenaren beherakadengatik 10 milioi euro galdu dituzte enpresek. Makinen matxurengatik lau milioi, eta epaiketengatik eta aseguruengatik 2,3 milioi, besteak beste.
Aldiz, istripuak saihesteko prebentzio neurriak milioi bat euroko kostua zuten bakarrik. «Istripuen benetako kostuaz ez dira jabetzen enpresaburu asko», Jaurlaritzako Lan sailburuaren irudiko. «Nahitaezkoa» da, beraz, ikuskari gehiago egotea kalean.
Azaldu du Jaurlaritzak ez daukala eskumen hori, baina lan horretan dabiltzala Osalaneko hainbat teknikari. Jakinarazi du, halaber, Fiskaltzarekin hitzarmena egin dutela lan heriotzak ikertzen segitzeko, hildakoaren familiak eta enpresak akordioa egin arren kalte ordainen gainean.
Istripuak «doan» irtengo ez zaizkiela ohartarazi die Azkarragak prebentzioari ez ikusiarena egiten dioten ugazabei. Nabarmendu du, ordea, gero eta enpresa gehiagok txertatu dutela prebentzioa eguneroko kudeaketan.
Lan istripuek 73 milioi euroko kostua izan zuten iaz Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian
Istripu horiek saihesteko, prebentzioan milioi bat euro inbertitzea nahikoa zela azaldu du Azkarragak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu