Hainbat saio bultzatu dira nazioartetik Euskal Herriko gatazka konpontzen laguntzeko. Saiook, bistan da, ez dute gaurdaino esperotako emaitzarik lortu. Horrek ez du esan nahi, ordea, alferrikakoak izan direnik. Ahalegin horiek arrastoa utzi dute; bitartekari lanetan aritu diren gehienak ez dira desagertu.
Azken hamarraldian etenik gabeko ahalegin diplomatikoak izan dira. Roelf Mayer hegoafrikarraren eta Alec Reid irlandarraren bisitak eta bitartekaritza aipa daitezke, baina bereziki Loiolako elkarrizketak eta Oslon nahiz Genevan Espainiako Gobernuak eta ETAk izandakoak bultzatu zituzten bitartekarien eta gerora haiei batu zaizkienen lanak dakar emaitza gisa Donostian etzi egingo den nazioarteko konferentzia.
Suitza, Erresuma Batua...
Loiolako eta Genevako elkarrizketetan egindako ahalegin diplomatikoak Suitzako, Erresuma Batuko eta Norvegiako gobernuen parte hartzearekin egin ziren. Suitzako Henry Dunant zentroak bideratu zituen Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko elkarrizketak; Tony Blairrek bere kabineteburu Jonathan Powell jarri zuen; Osloko International Peace Research Institute ere sartu zen. Sinn Fein ere zuzenean inplikatu zen. Hego Afrikaraino iritsi zen bitartekaritza lanaren ahalegina.
Ez zen gauetik goizerako kontua izan. Henry Dunant zentroa, adibidez, 2003an inplikatu zen; Sinn Fein aspalditik zebilen ezker abertzalea aholkatzen. Brian Currin hegoafrikarrak 2004ko amaiaren hasi zituen lehen harremanak ezker abertzalearekin.
Currinen figura Loiolako eta Genevako elkarrizketen porrotaren ostean agertu zen. Aurrerantzean hura izan zen ageriko aurpegia, atzean jende gehiago egon arren. Gorka Espiauk zuzendutako Pluja Seca (Euri Lehorra) dokumentalak ederki erakusten ditu hamarraldi honetan egin diren ahalegin diplomatikoak. ETBk inoiz botako duen itxaron gabe, Lokarri herritarren sarea ari da herriz herri dokumentala aurkezten.
Bruselatik hona
Bruselako adierazpena izan zen nazioartea Euskal Herriko auziaren konponbidean inplikatuta dagoen seinale. Adierazpen horren aurretik, ezker abertzaleak abian jarria zuen hilabeteotan garatu dituen aldebakarreko urratsen egitaraua. 2010eko martxoaren 29an plazaratu zen Bruselako adierazpena. Currinek aurkeztu zuen, eta gatazkak konpontzeko prozesuetan parte hartu duten nazioarteko hogei pertsona ezagunek izenpetu zuten adierazpena.
Funtsean hiru eskakizun biltzen ditu adierazpenak. Lehenaksinesgarritasuna ematen dio ezker abertzaleak egindako apustuari, eta hura legeztatzeko eskaria egiten du. Bigarrenak su-etena eskatzen dio ETAri. Eta hirugarrenak Espainiako Gobernuari jarrera eraikitzailea erakusteko eskatzen dio, ETAk indarkeria alboratzen badu.
Gernikako Akordioa eta ETAren aldebakarreko su-eten iraunkor eta egiaztagarria etorri ziren gero, eta otsailean nazioarteak bultzada eman zien urrats horiei Harremanetarako Nazioarteko Taldearen aurkezpenarekin. Mundu mailan itzal handia duten sei pertsonak osatzen dute HNT. Mitchell printzipioetan oinarritutako ibilbide orria aurkeztu zuten, eta egitekoak ere ezarri zituzten:
-Ezker Abertzalearen legeztatzea bultzatu, erraztu eta ahalbidetzea.
-Konfiantza eragiten duten neurriak bultzatzea, besteak beste: bere jarduera politikoa murrizten duten neurri bereziak gainditzea eta egungo espetxe politika eraldatu eta berrira egokitzea.
-Alderdiak animatu eta zerbitzatu, hala eskatzen den neurrian, elkarrizketa politikorako egutegi bat prestatuz eta garatuz;indar politikoek eskatzen duten neurrian, elkarrizketa eta negoziazio alderdi anitzekoa bultzatu, erraztu eta ahalbidetzea, inongo baldintzarik gabe eta emaitza aurretik zehaztu gabe, Mitchell Printzipioen mende. Gatazka politikoa gainditzeko akordio barneratzaile bat lortzea litzateke elkarrizketa eta negoziazio alderdi anitzekoaren helburua.
-Aldeek eskatuta, bitartekari jardutea blokeoa gertatuz gero.
-Bake prozesu arrakastatsu bat egiazki posible dela helaraztea gizarteari; hori sinesteko konfiantza sortzea.
HNTk ETAren su-etena egiaztatzeko ere eskaini zuen bere burua. Horren ildotik, eta otsailetik hona Euskal Herriko hainbat eragilerekin izandako elkarrizketen ostean, eta ikusirik ETAren su-etena erabatekoa zela, irailaren amaieran Nazioarteko Egiaztatze Batzordea aurkeztu zuten. Gatazken konponketan eta segurtasun gaietan mundu mailan esperientzia duten bost pertsona ezagunek osatzen dute NEB. Haren egitekoa «ETAren su-etenaren egiaztapenean jardutea» da, «lan serio eta zorrotza eginez».
Urrats horiek eta ezkutuan egin direnek daramate bihar Donostian egingo den nazioarteko konferentziaraino. Lurra landuta, unea iritsi dela deritzote antolatzaileek, konferentziari babesa eman diotenek eta parte hartuko duten gehienek.
Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia
Lan luzearen emaitza
Euskal Herriko gatazkaren konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia ez da egun batetik bestera sortutako ekimena. Diplomazia lan askoren ondorio da, eta urteetan atzera du iturburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu