Hamabost urte dira LABek hizkuntz politikan pausoak ematen hasi eta euskararen normalizazioan eragiteko aurreneko plana martxan jarri zuela. Garaiak aldatu direla eta egindakoak "bultzada berria" behar duelakoan, lan mundua euskalduntzeko estrategia gaurkotu du sindikatuak.
Zaharkitua dagoena atzean utzi, eta tresna berriak bilatzen saiatu da LAB. Hutsetatik ikasi eta ongi eginikoetatik abiatuta, sindikatuaren euskarekiko lerroa sendotzea da planaren asmoa. Hala adierazi du Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak: "Euskara LABen ikur izan da betidanik, eta egunerokoan euskaraz aritzeak nabarmen lagundu digu lan munduan ematen den hausturaz jabetzeko". Oztopoak ugariak izan dira, halere, eta eraldaketa baten "premia" ikusi dute, jakin badakiten arren ez dela erronka makala. Horretarako, enpresaren eta beharginen inplikazioa ezinbestekoa dela azpimarratu du Etxaidek: "Hamaika ahalegin egin ditzakegu jendea euskalduntzeko, baina alferrik izango dira lan munduan sartzean euskara erabiltzerik ez badute".
Abiada hartu beharra
Urtebeteko parte-hartze prozesu zabal baten ondorio da egitasmoa. Orotara, alor anitzetako 190 lagunen ekarpenak jaso ditu sindikatuak. Orain, ereindako haziaren uzta jasotzeko garaia dela dio. "Euskararen normalizazioak abiada hartu behar du".
Izan ere, Etxaideren aburuz, lan mundua ez euskalduntzeak "etena" ekarriko luke euskararen normalizazio prozesuan. "Lan munduan euskara erabiltzerik ez badugu, ez dugu euskaraz bizitzerik". Eta amaitu du: "Euskararen erabilera lanean indartu eta zabaldu behar dugu euskarak etorkizunik izango badu".