«Lana banatzea» eta 35 orduko lan astea ezartzea proposatu du EH Bilduk

Gutxieneko soldata «duina» ezarri eta azpiegitura «erraldoiak» geldituko lituzke Mintegik

Bilbo
2012ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
«Euskal erakundeek bildu eta hausnartu behar dute, eta nazio erantzuna eman gaur egun daukagun egoera ekonomiko honen inguruan». Hala berba egin zuen atzo EH Bilduko lehendakarigai Laura Mintegik, koalizioaren programa ekonomikoaren aurkezpen ekitaldian. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ostean Ajuria Enera helduko balitz «formula zaharrak» alde batera uztera engaiatu eta martxan jarriko lituzkeen proposamen zehatzak plazaratu ditu Mintegik. Hasteko, 35 orduko lan astea eta gutxieneko soldata «duinagoa» finkatzearen alde agertu da.

Halaber, familia guztientzako «babes soziala» lortzea «beharrezkoa» dela adierazi du. Horren harira, etxea ordaintzen jarraitu ezin duten pertsonen kaleratzeak amaitu behar direla esan du, eta alokairu soziala martxan jartzea proposatu du koalizioko lehendakarigaiak. Ogasunaren arloan, politika fiskal «progresibo eta solidarioa» abiaraziko luke Mintegik, errentaren eta sozietateen zergetan «aldaketa sakonak» egiteaz gain. Gipuzkoako Foru Aldundiak egindakoaren harira, fortuna handiak zergapetuko lituzke Eusko Jaurlaritzara heltzekotan.

Industriari dagokionez, inbertsio funts bat sortu behar dela uste du Mintegik, «sektore estrategikoetan inbertitzeko eta enplegua areagotzeko». Horrez gain, azpiegitura «erraldoiak» gelditzearen alde agertu da, eta «atzerapen luzea» eskatuko luke, eraikitzen jarrai ez dezaten. AHTa jarri du horren adibidetzat: «Inora ez daraman tren bat da, etazentzu fisikoan zein metaforikoan esaten dut». Azpiegitura horien ordez, eskualdeen «garapen iraunkorra» sustatuko luketenak eratzea proposatu du. Mintegiren esanetan, proposamen ekonomiko horien artean, batzuk jadanik martxan jar daitezke, baina beste batzuk abiarazteko beharrezkoa litzateke «burujabeak izatea».

«Tinko» iruzurraren aurka

Lehendakarigaiaren ostean, EH Bilduko gobernu taldeko Mikel Santiagok, Xabier Olanok eta Sabin Kortabitartek hartu dute hitza. Santiagok «unitate familiar guztiek diru laguntza bat izateko eskubidea» dutela aldarrikatu du, eta «hori bermatzeko konpromisoa» hartu. Kaleratzeak gelditzea eta etxebizitzak Etxebideren eskuetan uztea proposatu du, familiek alokairu sozial baten truke «bertan bizitzeko aukera izan dezaten».

Olanok, berriz, lan eta kapital errentak «berdin» zergapetzeko, zerga zuzenetan «progresibitatea» ezartzeko eta zerga iruzurraren aurka «tinko» aritzeko engaiamendua hartu du. Azkenik, Kortabitartek nabarmendu du «zerbitzu publikoak eskaintzeko eta sektore estrategikoetan zuzenean eragiteko» garrantzitsua dela sektore publiko «indartsua» eratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.